Batzar Nagusiek Bizkaiko Aurrekontuen zuzenketa-eske partzialen gaineko eztabaidea itxi dabe
Bizkaiko 2013. urterako Aurrekontuen Proiektuak beste izapide parlamentario bat pasau dau gaur, Bizkaiko Batzar Nagusietan. Ekonomia Sustatzeko Foru Sailaren, Ingurumeneko Foru Sailaren, Kulturako Foru Sailaren, eta Ogasun eta Finantzen Foru Sailaren kontu publikoei aurkeztutako zuzenketa-eske partzialak eztabaidatu dira. Bizkaiko parlamentuaren Bilboko egoitzan izandako Ekonomia eta Ogasuneko lau batzordeen amaiereak aurkeztutako 4 irizpenen onarpena ekarri dau; Euzko Abertzaleak Taldearen (PNV) ordezkarien aldeko 6 botogaz, Bizkaiko Talde Popularraren (PP) 2 abstentziogaz eta Bilduren (3 ordezkari) eta Euskal Sozialistak Taldearen (2) kontrako 5 botogaz onartu dira irizpenak. Amaierako agiriak PPren hiru zuzenketa-eske eta PNVren zuzenketa-eske bat be sartuko ditu, Bilduren edota PSEren beste 47 atzera bota ostean.
Saio parlamentarioa Ekonomia Sustatzeko Sailaren aurrekontuari aurkeztutako zuzenketa-eskeak eztabaidatu dituan batzordeagaz hasi da. Saio honetan, talde batzarkideen 16 zuzenketa-eske aztertu dira guztira. Bik baino ez dabe pasau (bat PPrena eta bestea PNVrena) irazki parlamentarioa. Popularren ekimenaren ondorioz, 300.000 euroko partida ezarriko da Bizkaiko merkataritzari mikrokredituak emoteko programa bat martxan ipinteko; hain zuzen be, mailegu txikiak emongo dira, negozio barriak zabaltzeko edo mota horretako negozioak mantentzeko; zuzenketa-eske abertzalearen bitartez, barriz, aurrekontu-testuan antzemondako akats bat zuzendu da.
Ingurumen Sailari egindako emakida ekonomikoen gaineko ondorengo batzordean, taldeek 8 zuzenketa-eske aztertu ditue guztira. Jagokozan bozketak egin ostean, PPren 2 proposamenak baino ez dira onartu; bat, 100.000 euroan gehitzeko Bizkaiko aisialdi-eremuak mantentzeko partida ekonomikoa, eta bestea, barriz, Aldundiak hitzarmena sinatu dagian URAgaz (Uraren Euskal Agentzia), herritarrei zuzendutako alerta “zuzen eta berehalakoa” emoteko sistema bat ezartzeko, Gobela errekak izan ahal dauzan uholdeen aurrean.
Goizeko eztabaidea Kultura Sailaren kontuei aurkeztutako zuzenketa-eske partzialen gaineko eztabaideagaz amaitu da. Beste batzorde batzuetan jazo danez, Talde Popularraren zuzenketa-eske bat baino ez da onartu; horren bitartez, Foru Aldundiak 100.000 euroan gehitu dau Bizkaiko kirol kluben beharrizanak estaltzeko bideratutako partida ekonomikoa. Gainontzeko 11 zuzenketa-eskeak –guztiak Bilduk aurkeztutakoak– atzera bota dira.
ARRATSALDEKO SAIOA
Zuzenketa-eskeen izapide parlamentarioari amaierea emoteko, arratsaldean batzorde bat egin da Ogasun eta Finantzen foru aurrekontuaren eta Testu Artikuluaren alderdiren bat aldatzeko. Sailari aurkeztutako zazpi zuzenketa-eskeak eta Aurrekontuen Testu Artikulatuaren alderdiren baten aldaketak eskatzen zituen zortziak atzera bota dira.
Lurraldeko kontu publikoen behin betiko onarpena datorren astean amaituko da seguruenik, Gernikan egingo dan osoko batzar baten; izan be, bertan, Ekonomia eta Ogasuneko batzorde honeetan talde batzarkideek erreserbatutako zuzenketa-eskeak aztertuko dira. Osoko batzar horretarako deialdia astelehenean (zezeilak 4) egingo da, Bozeramaileen Batzarraren ostean.