Aurreko Albisteak

Lorea Bilbao izango da Batzar Nagusietako Euzko Abertzaleak batzarkide-taldearen Taldeburua

Lorea Bilbao

Lorea Bilbao

Bilbon, 2013ko urtarrilaren 17an.

Euzko Abertzaleak batzarkide-taldeak idatzi bat aurkeztu dau gaur goizean Bizkaiko Batzar Nagusietan, esanez taldeko Taldeburua Lorea Bilbao izango dala. Taldeburu izandako Unai Rementeriaren lekua hartu dau orain arte Taldeburuorde izan dan Bilbao andreak. Gogoratu Rementeria jauna Lehendakaritzako foru diputatu eta Aldundiaren bozeroale izendatu dabela joandako martitzenean.

Agintaldi honetan Bilbao andrea EAJren taldeburuorde izan da eta Batzar Nagusietako lau Batzordetan batzordekide be: Kultura eta Euskerako Batzordekoa, Iraskunde-Batzordekoa, Araudi eta Jaurpiderako Batzordekoa eta Batzar Iraunkorrekoa.

Bilbao andreak 44 urte ditu eta Durango-Arratia barrutitik hautatutako batzarkide da. Agintaldi honen hasieratik dago Batzar Nagusietan eta kulturearen eta euskerearen arloetan espezializau da. Gaur egun, Kultura eta Hezkuntza arloetako arduraduna da EAJren barruan.

Lizenziaduna Euskal Filologian eta Antropologian Deustuko Unibertsitatetik, Bilbao andrea irakasle titularra da Deustuko Unibertsitateari atxikitutako Begoñako Andra Mari Irakasleen Unibertsitate Eskolan. Ibarretxeren jaurlaritzan Hizkuntza Politikako aholkulari eta Euskara Sustatzeko zuzendari be izan zan.

Euzko Abertzaleak Taldean egindako aldaketok dirala-ta, Jon Sanchez izango da EAJko hirugarren Taldeburuordea Batzar Nagusietan, Nerea Ahedo eta Jon Larreagaz batera.