Aurreko Albisteak

Oscar Arana eta José Luis Sagredo jaunek Batzar Nagusien Alkartezintasunerako Batzordearen oneretxia jaso dabe eta Euzko Abertzaleak Taldeko batzarkide barriak izango dira

Oscar Arana

Oscar Arana

Bilbon, 2013ko urtarrilaren 15ean.

Bizkaiko Batzar Nagusietako Alkartezinasunetarako Batzordeak oneritxia emon deutse gaur batzarkide bioi hurrengo Batzar Nagusian batzarkidetasunaz jabetu daitezan. Juan María Aburto, Eusko Jaurlaritzako sailburu izendatutakoa, eta Idoia Mendiolagaray, oraintsu zendutakoa, ordezkatuko ditue. Batzordeak gaur goizean egindako bileran ahobatez onartu dau bakotxari jagokon erizpena, Euzko Abertzaleak Taldeko batzarkide barri biok hurrengo Batzar Nagusian, behin egin beharreko deia egin eta gero, batzarkidetasun osoaz jabetu daitezan.

Oscar Arana Juan María Aburtoren ordezko izango da Bilboko barrutitik. 53 urte ditu eta Bilboko Industria Ingeniarien Eskola Nagusian industria ingeniari egin zan 1985. urtean. Enpresen Kudeaketan masterra eginda dauka Madrilgo IE Business School dalakoan eta doktoradutza tesia Bizkaiko mikroenpresen kalidade kudeaketearen inguruan. 15 urte daroaz irakasle moduan UPV/EHUn. Gaur egun, unibertsitateko irakasle izateaz gain, Activa enpresearen manager aholkulari da —enpresa industrial eta zerbitzutakoentzako kudeaketa aholkularitza eskaintzen dau enpresa horrek— eta industri enbalejerako produktuak egin eta saltzen dituan Euskopack enpresearen kudeatzaile be bada.

Beste alde batetik, José Luis Sagredo oraintsu zendutako Idoia Mendiolagaray andrearen lekuan sartuko da. Basaurin jaio zan eta EUHko Sarrikoko fakultateko Ekonomi eta Enpresa Zientzietako lizentziatua da. EAJ alderdiaren Lurralde Batzarreko ahalduna da eta alderdiko diruzaina be izan zan Galdakaon. Azken foru-hauteskundeetan zazpigarren egoan EAJ-PNVren Durango-Arratiako zerrendan.