Aurreko Albisteak

800 urte bete dira Durangaldea Bizkaian sartu zanetik

Bilbon, 2012ko abenduaren 19an

Abenduaren 29an 800 urte beteko dira Durangaldea Bizkaiko egitura politikoan sartu zanetik. 1212an, Alfontso VIII.a Gaztelako erregeak Diego López Harokoa II.a Bizkaiko Jaunari emon eutsazan Durangoko lurrak, azken horrek erregeari Navas de Tolosako bataila historikoan emon eutsan laguntzea eskertzeko. Gertakari horren ondorioz, Durangoko Merindadeko lurraldea Bizkaian integretan hasi zan. Gerediaga Elkarteak modu berezian gogorarazoko dau efemeridea; izan be, Bizkaiko Batzar Nagusien, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Durangoko Mankomunidadearen kolaborazinoagaz, aitatutako alkarteak gertakaria gogoratzeko ekitaldi-egitaraua prestatu dau. Modu horretan, abenduaren 27tik 29ra bitartean, musika eta antzerki ikuskizuna eskainiko da, Durangaldeko historiaren gaineko liburu bat aurkeztuko da eta bi urtean behingo “Durangaldeko Teila” saria Iñaki García Camino historialariari emongo jako.

Gertakariaren garrantzia dala-ta, eta kontuan eukinda, gainera, egun berean Durangoko Merinalde Eguna be ospatuko dala, antolatzaileek Bizkaiko Batzar Nagusietako Bilboko egoitza aukeratu dabe gaur, egitaraua aurkezteko. Ekitaldian honeek egon dira: Ana Madariaga, Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakaria; Miren Dobaran, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara zuzendaria; Oskar Zarrabeitia, Durangoko Mankomunidadearen presidentea; eta Nerea Mujika, Gerediaga Elkartearen presidentea. Bertan, 1212an eskualdearen norabide politikoa finkatu eben gertakarien pasarte labur bat antzeztu da.

Oroitzapenezko ekitaldiak datorren eguenean hasiko dira, abenduaren 27an, 19:30ean, Etxebarriako San Agustin eleizan; bertan, omenaldia egingo jake Durangoko kondeei. Zaragozako “Los Navegantes” konpainiaren eskutik, 1212ko gertakarietan oinarritutako “Duranguesado: cruce de caminos” (“Durangaldea: bidegurutzea”) izeneko musika eta antzerki ikuskizunagaz gozau ahal izango dogu. Hurrengo egunean, 19:30ean, Durangoko Kurutzesantu Museoan, Jon Irazabalen “Duranguesado: breve historia” (“Durangaldea: historia laburra”) liburua aurkeztuko da. Eta abenduaren 29an, eguerdiko hamabietan, Gerediagako Juntetxean, Durangaldea Bizkaian integrau zaneko 800. urteurreneko ekitaldi nagusia ospatuko da. Bertan, Iñaki García Caminok, gaur egun Bilboko Arkeologi Museoaren zuzendaria danak, “Durangaldeko Teila” saria jasoko dau, arkeologiaren esparruan egin dauzen aurkikuntzengaitik; izan be, aurkikuntza horreek funtsezkoak izan dira Durangaldearen jatorria ezagutu ahal izateko.

Lotutako artxiboak: