Aurreko Albisteak

2005-2016 epealdirako Bizkaiko Hondakinen Kudeaketarako II. Plan Integralaren bigarren ohiko azterketeak Batzar Nagusien aldezkotza jaso dau

Batzordea

Bilbon, 2012ko abenduaren 10ean

2005-2016 epealdirako Bizkaiko Hondakinen Kudeaketarako II. Plan Integralaren bigarren ohiko azterketeak, egin-eginean Aldundiak 2005-2016 epealdirako zaborren arloan egingo dituanak jasoten dituan dokumentuak, Batzar Nagusien aldezkotza jaso dau. Bizkaiko Batzar Nagusien Nekazaritza eta Ingurumeneko Batzordean jaso dau ditu Euzko Abertzaleak Taldearen (EAJ), Socialistas Vascos Taldearen (PSE) eta Bizkaiko Talde Popularraren (PP) aldeko botoak. Erabagitakoaren arabera, Aldundiaren Jaurtze-Batzarrari aurkeztuko jako dokumentu hori “Hondakinen Herrialde Batzordeak 2012ko urriaren 1eko bileran onartu zuen agirian ezartzen ziren termino beretan” onartu dagian. Aldeko botoa emon daben hiru Taldeetako ordezkariek azpimarratu dabe azken dokumentu hori etorri dala azterketa horretan parte hartu daben erakundeen —Aldundia, Udalak eta Batzar Nagusiak— arteko “baterako lanaren” eta “adostasunaren” eskutik.

Batzarkide-Taldeen iradokizunak eta ekarpenak jasoten dituan dokumentu hori izango da Aldundiak hurrengo hamarkadan uri hondakinen arloan izango dauen jarduerearen ildoak markatuko dituana. Maria Presa batzarkide jeltzaleak esan dauenaren arabera, horrek bideratu egingo dau Bizkaiko hondakinen arazoari “erabateko konponbidea” emotea. PPren ordezkariarentzat, Arturo Aldecoa jaunarentzat, Bizkaian jadetsi dan akordioa “adostasun adibidea” da, “beste arlo batzuetan” adostasunak lortu ahal izateko balio leikena. Joaquín Colmenero batzarkide sozialisteak adierazo dau akordioak erakutsi egiten dauela “kudeaketa eraginkorra” izan dala eta aurrerantzean be baliabide “bizia” eta sasoietara ondo egokitua izan behar dauela.

Bildu izan da Talde bakarra plan hori abiarazotea tamalgarritzat joten. Talde abertzale horren aburuz, dokumentu hori sortu da udal eta amankomunitate guztiek ordezkaritzarik ez daben erakunde batetik, Hondakinen Lurralde Kontseilutik. Madariaga Diputatu jaunak ukatu egin dau hori holan dala eta ganeratu dau erakunde horretan parekotasunezko ordezkaritza dabela Aldundiak eta Udalek, EUDELen bitartez. Bildu Taldearentzat, planak ez ditu helburu “zehatz eta argiak”. Asier Vega Bilduko batzarkideak uste dau dokumentua “anbiguoa” dala eta “anbizinorik” bakoa; Vega batzarkideak barriro salatu dau Zabalgarbi egotea “anbizino handiagoko plangintzak egiteko oztopoa” dalako.

Enparauko Taldeek adierazo dabe Uriko Hondakinen Planaren bigarren azterketa horrek Bizkaiaren “errealidadea erakusten dauela” eta plana ez dala Zabalgarbi bakarrik. Ingurumeneko Diputatu jaunak berba egiteko txandea eskatu dau eta Bilduri zuzendu jako esanez bigarren azterraldiaren “arrakasta handia” erakutsi dala hain zuzen be Zabalgarbiren bigarren lerroa “beharrezkoa ez dalako”. Maria Presa EAJko batzarkideak hauxe ganeratu dau: “ezin geinke ondo dabilela jakin dakigun zerbaiten ordez zer dan be ez dakigun zerbait jarri”.


ZEBRA MUSKUILUA AGERTU IZANA

Beste gai horretan ahobatasuna agertu dabe Talde guztiek adierazoterakoan arduratuta dagozala Bizkaiko uretan zebra muskuiluak izandako hedapenagaitik. Bizkaiko Talde Popularrak halan eskatuta, Iosu Madariaga Ingurumeneko Foru Diputatu jauna batzorderatu egin da eta berretsi egin dau muskuilu hori egon dagoala Undurraga, Urrunaga eta Mendikosoloko urtegietan. Diputau jaunak esan dau “ez dagoala hain indartsua dan espezie exotiko horren hedapena gelditzerik ... Europako beste leku askotan jazo dan lez” eta komunikabideei eskatu deutse “beharrezkoa ez dan alarmismorik ez sortzeko, espezie hori personentzat kaltegarria ez dalako.

Diputatu jaunak adierazo dau euskal administrazinoek sei urte daroezala, 2006. urtetik hona, arazo horri aurre egiteko alkarlanean. Foru administrazinoa eta beste euskal erakunde batzuk partaide dira Zebra Muxilearen Jarraipenerako Batzordean, horren helburu dala era koordinatuan aritzea espezie inbaditzaile horren presentziaren aurkako burrukan, espezi hori hain da-ta kaltegarria hemengo ekosistemetarako eta hainbeste kalte eragiten ditu-eta hodietan eta uretako makinarietan.

Madariaga Diputau jaunak azpimarratu egin dau Bizkaian martxan jarri dirala jarraipen batzordean erabagitako neurriak, Uraren Euskal Agentziak suspertuta, bera da-ta Euskadiko erakundeen arteko jarraipenerako mahaiak koordinatzeko ardurea dauen erakundea. Erakunde arteko Jarraipen Batzordea urriaren 17an batzartu zan azkenengoz eta erabagi eban neurriak hartzea espezie hori barruko uretara hedatu ez daiten, esaterako urtegietan aisialdiko ekintzak kontrolatzea, arrantza egitea galazotea eta Bilbao Bizkaia Uren Partzuergoak urotan dagozan azpiegiturak errebisatzea.