Aurreko Albisteak

Heziketa-jarduera barriak

Zenbakien jarduerea

Apirilaren 17an “Bizi zure kontua” eta “Zenbakiak eta letrak jostailu” izeneko heziketa-jarduerak hasi ziran Enkarterrietako Museoan. Urte batzuetatik hona egiten dira jarduera horreek Museoan eta arrakasta handia izan dabe orain arte. Ekainaren 22ra arte egingo diran heziketa-jarduerok Lehen Hezkuntzako lehen eta bigarren zikloko umeentzakoak dira, 6 urtetik 9 urtera bitartekoentzat. Jarduera nagusia eta erakargarriena “Bizi zure kontua” deritxana da eta horretan Bizkaiko Batzar Nagusien Abellanedako Museoaren barruan atondutako eszenografiaz baliatzen dira umeak, Bizkaiko kontu tradizional baten murgilduz.

BIZI ZURE KONTUA

Jarduera honetan kontua tresnatzat erabiliko da umeak kontuetara hurbiltzeko, eta hurbilketa hori era jolasgarrian bideratuko da. 45 minututan zehar umeak abenturearen partaide bihurtuko dira hartarako antolaturiko eskenatokian, dekoratu, entzutezko baliabide eta apropozko pertsonaien laguntzarekin. Umeak horren guztiorren erdian izango dira, dana ikusiz, parte hartuz, jolastuz, eritxiak emonaz, gozatuz eta, azken baten, aberastuz, eurentzat beren beregi prestatutako inguruaren barruan.

ZENBAKIAK ETA LETRAK JOSTAILU

Tailerraren hasieran, hain ezagunak eta egonkorrak diran zenbaki eta letrak hartuta osaturiko irudi batzuk “irakurri” behar dira izan be zenbakiak eta letrak pertsonaia, izadiaren egitura edo zeinu bihurtu diralako. Beste era batera barriro atondu eta irudi barriak eta ustekabekoak sortzeko gonbitea egiten da.

Ondoren, ikasleek zeinu horreek daukezan beste alderdi plastikoez jabetu behar dabe, eta horretarako euskarri magnetikoak, fotokopiagailu bat, kolorezko margoak, paper mota ezbardinak eta irudimen asko eta asko erabili behar dabe.