Aurreko Albisteak

Metropoliaren Hegoaldeko Saihesbidearen aurkako plataformaren ordezkaritzak Supersur izenekoa luzatzearen ganeko gogoetea egin dau

Eskaeretarako eta Herritarrakazko Hartu-emonetarak

Enrique Antolín Metropoliaren Hegoaldeko Saihesbidearen (MHS-VSM) aurkako plataformako kidea Eskaeretarako eta Herritarrakazko Hartu-Emonetarako Batzordera etorri da gaur goizean, Supersur izenekoa luzatzeko proposamenaren ganeko hainbat argumentu azaltzeko eta horri buruzko gogoetea egiteko.

Bilboko Metropoli Guneko (BMG-AMB) errepide nagusietan 2011 eta 2016 urteen artean trafikoak izan duen bilakaeraren balantzea egin ostean, “kopuruak eskuetan hartuta azpiegiturea ez dala justifiketan” adierazo dau Antolínek; “uste dogu eskaria modu logikoan justifiketan daben agertokiak ez datozala bat ibilgailu kopuruagaz”. Plataformako kideak esan dauenez, MHS-VSM errepidea BMG-AMBko trafikoaren %5era baino ez dago zuzenduta, “eta benetako arazoa barruko trafikoak eta bertara sartzen danak eragiten dau”, hori dalako bertako trafikoaren %95a. Bere azalpenean, Enrique Antolínek, proiektu horrek Pagasarrin (Bolintxu) izango leukezan eragin batzuk be aitatu ditu, bai landareetan eta baita animaliak bizi diran habitatetan be, “lur-erauzketa handiak edo lurren mobimenduak dirala eta topografiak jasango leuken aldaketea” ahaztu barik.

Gaur aztertu eta azaldu dan beste puntu bat, dentsidade txikiko etxebizitzek leku jakin batzuetako trafikoak gora egitean daukien eragina izan da, Txorierriko igarobidean, besteak beste. Holan, adierazo danez, Loiu, Zamudio, Lezama eta Sondika udalerriek motorizazino tasa (automobila daukien 18 urtetik gorakoen ehunekoa) altua daukie. Esan dauenez, “konponbide gaitza daukan arazoa” da, bertan garraio publikoa jartea ezinezkoa dalako, “garraiatutako persona bakotxeko kostu ekonomikoak eta ingurumenekoak jasanezinak izango litzatekezalako”.

Taldeen txandan, Nuria Atienza Podemos Bizkaia taldeko bozeroaleak adierazo dauenez, “bitxia bada be, Bizkaiko Foru Aldundiak egin ebazan azterlanak ez datoz bat errealidadeagaz”. Modu berean, EH Bilduko Zigor Isuskizak “holango azpiegiturakaz hasi aurretik motorizazino indizea murriztuko daben azpiegiturak eta zerbitzuak sustatu beharko dirala” adierazo dau. Eduardo Andrés batzordekide popularrak, bere aldetik, “faltan bota ditu” 2017ko datuak, eta plataformako ordezkariak 2017ko txostena ez dagola oraindino eskuragarri erantzun deutso.

Irene Edesa Euzko Abertzaleak taldeko ordezkariak, batzordera etorri dan kideari bere azalpena eskertu deutsan arren, bere taldea jarrera desbardinetan oinarritzen dala esan deutso. “Gure taldetik jarduketa horren alde gagoz, itsasadarraren mailatuagaz batera, trafiko pilaketa arazoak konponduko ditualako”, adierazo dau. Modu laburragoan, Juan Otermin batzordekide sozialistak Antolínen esku-hartzea “bikaina” izan dala esan dau, eta AHTak, Bilboko Aireportua Forondakoaren aurrean indartzeak, eta Lamiakoko erreka azpiko igarobideak ibilgailuen joan-etorrian izan daikien eraginaren inguruan itaundu deutso. Plataformako kideak ezin izan ditu galdera guztiak erantzun, adierazo dauenez, “bakotxerako monografiko bat beharko litzatekelako”.