Aurreko Albisteak

Nekazaritzako Foru Diputatu andrearen batzorderatzea Karrantzako mindategiaren egoerea azaltzeko

Mindategia

Karrantzako Las Torcachas auzoan eregitako egiturea

Irene Pardo Nekazaritzako Foru Diputatu andrea urriaren 24an batzorderatuko da Batzar Nagusietan, Karrantzako mindategia eregiteko prozesua zein egoeratan dagoan azaltzeko, izatez bertan behera dago-ta Eusko Jaurlaritzak dirulaguntzak kendu deutsazalako “irregulartasunak” ikusi ditualako ordainketen justifikazinoan. Bildu Taldeak uztailaren 25ean eskatu eban batzorderatzea jakiteko Karrantzako Minda enpresa sustatzaileari “zergaitik eskatzen jakon orain milioi 2 euroko dirulaguntza hori itzultzeko, lehenago eskatu ez bada”. Eskari hori eta gero, irailaren 5ean, Bizkaiko Talde Popularrak beste batzorderatze-eske bat aurkeztu eban argibideak jasoteko Aldundiak emondako laguntzak eta dirulaguntzak berreskuratzeko kudeaketen egoereaz batetik eta, bestetik, Batzar Nagusien eskariz Herri Kontuen Euskal Epaitegiak emon dauen txostenaz.

Karrantzako mindategia proiektu publikoa da, aurreko agintaldian gauzatzen hasi zana, hain zuzen be Karrantzako abeltzaintza ustiategiek satsetan urtean sortzen dituen 376.560 metro kubikoek ingurumenaren eragiten daben arazoari aurre egiteko. Horren lanak 2010. urtean gelditu ostean, Batzar Nagusiek igazko martian egindako Osokoan ahobatez onartu eben Herri-Kontuen Euskal Epaitegiari eskatzea fiskalizatu dagizala Karrantzako Minda enpreseak administrazino publikoetatik (Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza eta Espainiako Gobernua) jasotako laguntza, dirulaguntza eta mailegu guztiak. Ordurako, erakundeok 10 milioi eurotik gora jarrita ebezan sozietate horri zuzendutako dirulaguntza, bestelako laguntza eta mailegutan. Ordurako be, Lakuako Gobernuak esandakoaren arabera, mindategia egiteko aurrekontua bikoiztuta egoan, egin-eginean 2006. urtean eukan 12 milioi euroko aurreikuspenetik 2010. urtean 25,8 milioikora helduaz.


Abere solteak La Arboleda eta Triano aldean

Meatzaldean solte dabilzan abereen arazoari buruz be eztabaidatuko dau Nekazaritza eta Ingurumeneko Batzordeak, trafikoarentzako dakarren arazoa dala-ta. Euzko Abertzaleak Taldeak eta Bildu Taldeak Arauz Besteko Proposamen bana aurkeztu ditue Bizkaiko Foru Aldundia, eragindako udalakaz batera, inplikatu daiten konpontzeko abereak solterik ibilteak eragindako arriskuak. Bilduk eskatzen dau auziari konponbidea emongo deutsan mahaia sortzea, non ordezkaturik egon daitezan Foru Aldundia, hiru udalak (Trapagaran, Ortuella eta Abanto-Zierbena) eta abeltzainen alkarteak.


Lekeitioko irlarena

Bizkaiko Talde Popularrak aurkeztu dauen beste Arauz Besteko Proposamen baten eskatzen dau Foru Aldundia inplikatu daitela “Lekeitioko irlako itsasaldeko landaredi-azalerea etorkizunean berreskuratzen”, Talde horren aburuz pinu maritimoz osaturik han dagoan basoa “azkenetan” dagoalako, Aldundiak berak egindako txostenean agertzen dan lez. Batzarkide-Talde horrek eskatzen dau aukeren artean aztertzea ea kantaurialdeko artadia berreskuratu daitekean, irla horren eguraldiari, zoruari eta baldintzei erreparatuta egokiagoa dalako.