Aurreko Albisteak

Xehatua xaxatu, artearen ikuspegi kontrajarri bi, Batzar Nagusietako Erakusketa Aretora helduko da

Batzar Nagusiek eta UPV/EHUko Arte Ederretako Fakultadeak, unibersidadeko ikasleen talentua aurkitzeko, aurrera daroen lankidetza hitzarmenaren barruan, Batzar Nagusietako Egoitzako Erakusketa Aretoak 18 artelanez osatutako beste erakusketa bat aurkeztu dau gaur goizean. Amaia Legarreta (1995) eta Ángela Rivas (1970) artisten Xehatuta xaxatu erakusketak behar egiteko oso modu desbardin bi erakusten ditu. Gaur goizean egin dan aurkezpen ekitaldira Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako presidentea joan da.

Arratsaldean erakusketa ekitaldi publikoan aurkeztu da, eta unibersidadeko kideak eta artisten senideak joan dira bertara. UPV – EHUko Pintura Masterreko artista biek, tradizino euro zentristaren oso modu kontrajarriak erakusten ditue euren artelanetan, Jesus Meléndez erakusketaren komisario eta pintura masterraren koordinatzaile eta zuzendariak azaldu dauenez.

Artelanaren izenburuaren atzean esanahi asko ezkutetan dira: “Garrantzitsuena X bikotxa azpimarratzea da: azkenean, XX kromosomak dituen emakume bi gara eta, gainera, ezezagunak garanez, X bategaz sinatzen dogu”, azaldu dau Amaia Legarretak. Alde batetik, Rivasek lerro ikonikoagoa jarraitzen dau, hiru laureneko irudiak aukeratuz, pertsonaia mediatikoak erakutsiz, eta Legarretak proposamen pragmatikoagoa irudikatzen dau.

“Nik ukapenerako joera handiagoa daukat: kromatismoa eta grafismoa ukatzen dodaz. Egia da ez daukala figurazinorik, baina beti hauteman daiteke zeozer; azkenean, bakotxak gura dauena pentsetan dau, eta hori da polita, bakotxak, bere bizipenakaz, modu desbardinean ikustea”, azaldu dau Amaia Legarretak.

Ángela Rivas bere kideak, bere aldetik “kultura herrikoiaren motiboak erabilten ditu, zelanbait ikusleari egiten jakon keinua diralako, pertsonaia horreek ezagutu daizan eta bere ondorioak aterateko aukera izan daian”. Dana dala, azpimarratu dauenez, berea “artelan irekia da”. “Giza irudiak erabiltea atsegin dut, dana oso deshumanizatuta dagon garai honeetan feedback bat eukiteko oso garrantzitsua dala uste dodalako”, azaldu dau Rivasek.

Irakasle eta erakusketaren komisarioak be aldeak ikusten ditu erabilitako baliabideetan eta teknikatan. Ángela Rivasek pinturaren ustezko balio handiak saihesten ditu, 3eskuaren lana, azaleran egindako lana, kolore mota baten erabilerea”; Amaia Legarreta bere kideak, barriz, “formatu murriztua, euskarri apala eta kromatismoan eta errepertorio grafikoan murrizketea” aukeratzen ditu, “ezertarako balio ez daben elementuak eta aspamentuak baztertuz”.

Biak Arte Ederretan lizentziauak dira –Ángela Rivas 2013an eta Amaia Legarreta 2017an–, eta alkarregaz hartu dabe parte, baita be, Iruñean edo Gasteizen aurretik egindako beste talde-erakusketa batzuetan.