Artxandako Tunelen kudeaketea eta ustiaketea urteko 3,1 milioi eurotan adjudikatu da
Garamendi andreak esan dau prezio hori “finkoa” dala eta ez daukala zerikusirik Bilborako sarbide horren trafikoaren bilakaereagaz. Horren inguruan esan dau be aurten %0,29 igon dauela trafikoak tuneletan, eta “gehiketa txikia bada be, kontuan izan behar dala orokorrean trafikoek behera egin dabela.”
Talde Popularraren ustez, adjudikazino hori egin izanak “galera gehiago ekarriko deutse bizkaitarrei”. Jesús Isasik gogoratu egin dau 62,5 milioi euro ordaindu behar izan zirala “erreskatea” egiteko, Aldundiak aurreko kontzezionariari ordaindutakoak azpiegitura hori berreskuratzeko, eta horrezaz ganera 260.000 euro ordaindu beharko dituala Aldundiak hilero “gehi kudeaketearen defizitarena”, eta hori “gero eta ibilgailu gitxiago eta zerbitzu gitxiago” izanik.
Garamendi andrearen batzorderatzea eskatu eban beste Taldeak, Bilduk, esan dau tamalgarria dala Aldundiak bere garaian izan eban aukerea galdu izana eta azpiegitura hori kudeatzaile pribatuen eskuetan itxi izana. “Azpikontratazinoa justifikatzen dabe gastuak gitxitzeko, baina Artxandako Tunelen kasuan oso garesti atera da” esan dau Asier Sanz batzarkideak.
Beste alde batetik, Socialistas Vascos Taldeko Tontxu Rodríguez jaunak tamalgarritzat jo dau Aldundiaren kudeaketea azpiegitura horri jagokonean. “Emoten dau dirua galtzen jarraituko dogula” esan dau. Batzarkide sozialista horrek tamalezko jo dau Aldundiak informazinorik ez emotea lehikide nortzuk izan diran jakiteko, horretarako arrazoitzat agerturik adjudikatarioek “baldintzarik onenak” dituen eskaintzak aurkeztu dituela, ironikoki gogoratuz Aldundia “Espainiako gardenena” dala.
Beste alde batetik, Euzko Abertzaleak Taldeak zehaztu egin dau Artxandako tunelak izatez 90 milioi euroko kostua izan ebela, egin-eginean enpresa pribatuek ordaindutako kostua. Aldundiak 62,5 milioi euro ordaindu ebazan, azpiegitura hori jardunean hamar urte izan eta gero. Nerea Ahedo batzarkideak gogorazo dau gaur eguneko formulea zerbitzuen kontratuarena dala, ez kontzensinoarena, eta hori ez dala “azpiegiturea esku pribatuetan ixtea”.
Eusko Jaurlaritzaren aurka edegitako auzi errekurtsoak
Herri Lan eta Garraioetako Batzordeko batzarkideek aukerea izan dabe entzuteko Aldundiak zer deritxan Eusko Jaurlaritzaren errepidezko bidaiarien garraioaren Araudiaren aurkako errekurtsoari eta Mugikortasun Iraunkorraren Lege proiektuari. Legeak zertan urratzen diran azaldu eta gero, Garamendi Diputatu andreak adierazo dau errekurtso horreek jagoken ildotik doazala. Era berean, adierazo dau errekurtsoa aurkeztuko dabela Eusko Jaurlaritzak abuztuaren hasieran emon dauen instrukzino bati buruz, lanzaderak Aldundiaren baimenik barik ipintzeko eragin-arloa zein dan zehazten dauena. Errekurtsoa aurkeztuko jako “argi eta garbi urratzen ditualako gure ahalmenak”. Bizkaiko Talde Popularrak baino ez dau jardespen txandea erabili, adierazoteko Aldundiak erabagitakoaren alde dagoala. Jesús Isasi batzarkidearen aburuz, Eusko Jaurlarizak “urratu egiten ditu foru ahalmenak”.
AP-8 autopistan kilometro bakotxeko zenbat kobratu
Azkenik, Herri Lan eta Garraioetako Diputatu andreak adierazo dau A-P8ko kilometroko prezioa 0,127 euroko dala. “Prezio bera da bidezati eta erabiltzaile guztientzat” esan dau Socialistas Vascos Taldeak egin deutsan batzorderatze-eskeari erantzunez. Talde horrek ekimenaren aurkezpenean esaten eban “ez ebela ezagutzen ze formula erabilten dan”, ze bidezati desbardinetan tarifa ezbardinak dagozalako. Garamendi Diputatu andreak adierazo deutso eze prezio horrek autobidearen “enborrean egindako kilometroak baino ez dira ordaintzen; sarbideak, barriz, ez dira ordaintzen”. Diputau andreak ganeratu dau eze “autopistea erabiltearen kostua kalkulatzerakoan ohikoa dan akats bat egin dala: ez jakitea autobidean zeintzuk diran ordainpeko bidezatiak”.