Aurreko Albisteak

Aldundiak ez ditu aplikatuko Raxoik egindako mendekotasunaren inguruko murrizketak

Pilar Ardanza

Pilar Ardanza Gizarte Ekintzako Foru Diputatu andrea Gizarte Ekintzako Batzordean izan da, irailaren 14an, Socialistas Vascos Taldeak egindako azaltzeko Batzorderatze-eskariari erantzun eta azaltzeko zein dan Bizkaiko Foru Aldundiak izango dauen jarrerea Mendekotasunaren legearen inguruan Espainiako Gobernuak uztailean iragarritako murrizketak dirala-ta. Diputatu andreak berretsi egin dau bere Sailak ez dituala aplikatuko 20/2012 Legean onartutako murrizketak, laguntza motearen arabera %15eraino helduko litzatekez eta. Bizkaitarrak “nasai egon leitekez Aldundiak laguntzak mantendu egingo ditualako eta kopuru berberetan mantendu be” esan dau. Ardanza Diputatuak ganeratu dau Saila aztertzen dabilela Bizkaian zerbitzu barri bat ezartea mendekotasun “arina” dabenek autonomia pertsonal handiagoa izan daien biderako. “Zerbitzu horren inguruko kuantifikazinoa egiten dihardugu”.

Oporren ostean egiten dan Lehenengo batzorde-bileran Aldundiak egin dauen iragarpena, mendekotasunaren arloan murrizketarik egingo ez dauelako hain zuzen, “albiste oso ona da” Talde sozialistearen eretxiz. Juan Otermin Batzarkideak erabagi horregazko poza adierazo dau. “Bide horri ekiteagaz bat egiten dot” adierazo dau eta deia egin dau “baterako frontea” egiteko beste Lurraldeakaz eta udalakaz, Gobernuak bultzatutako murrizketak “astakeria eta bidebakokeria diralako”.-

Talde popularrekoek adierazo dabe “ederto baten” hartzen dabela murrizketak beharrezkoak ez izatea, baina, era berean, arduratuta dagozala zerbitzuek finantzatzeko ereaz. Eduardo Andrés Batzarkideak defendatu egin ditu Gobernu Zentralaren neurriak, sistemearen egonkortasuna bilatzen dabelakoan. “Benetako beharrizanei lotuta dagoz, sistemea ganezka dago-ta”, esan dau. Irune Soto Bilduko batzarkideak eskertu egin dau Diputatu andrearen presentzia eta adierazo dau Bizkaian be murrizketak egon dagozala “baldintza gogorragoak ezartzea berez be murrizketea dalako”


Bizkaiko Talde Popularrak aurkeztutako Arauz Besteko Proposamen bi

Batzorderatzearen ostean, Bizkaiko Talde Popularrak aurkeztutako Arauz Besteko Proposamen bi eztabaidatu dira. Horretariko lehengoa ahobatez onartu da eta, beraz, eskatu ein jako Aldundiari azterlan bat egin dagiala estimulazino goiztiarreko tratamenduetatik eratorritako terapiakaz “jarraitu” ahal izateko banakako laguntzak emotearen aukera eta bidegarritasunaz, gaur egun Gizarte Ekintzako Sailak eskaintzen dituan estimulazino goiztiarreko tratamenduak sei urtetik beherakoentzat dira-ta.

Bigarren Proposamenak ez dau lortu adostasun bera eta baztertu egin da Gizarte Ekintza Sailak finantzatutako garun paralisidunentzako egoitza plazen kopurua handitzea eskatzen eban ekimena. Euzko Abertzaleak Taldeak aurka bozkatu dau eta Bildu Taldea abstenitu egin da. Socialistas Vascos Taldeak emondako aldeko botoa ez da nahikoa izan ekimenak aurrera egiteko. Azkenean Jon Larrera jeltzaleak adierazotako eretxiak urten dau aurrera, zeinen arabera “gizatalde horrenganako sorospidetza benetako eskariari eta aurrekontuei lotu behar jakelako.”

Batzorde-bilerearen hasieran, Bildu Taldeko Maria Jesús Urrutikoetxea hautatu dabe Batzordeburuorde, bere Taldearen aldeko botoakaz eta enparaukoen zurizkoagaz. Urrutikoetxea andrea izango da.