Batzarkide-Taldeen parte hartzeak "Ahaldun Nagusiaren Jendaurreko Adierazpeneko" Osoko Batzarrean
Martínez andreak adierazo dau eze Bilbao jaunak argi esan dauen gauza bakarra izan dala bizkaitarrek zergatan gehiago ordainduko dabela
Ahaldun Nagusiaren adierazpenaren ostean, ordu beteko etena egin da eta Batzarkide-Taldeen txandea etorri da. Txanda hori Bizkaiko Talde Popularreko Taldeburuak, Esther Martínez andreak, zabaldu dau. Erabili dituan txanda bietako lehenengoan adierazo dau bizkaitarrok “zergatan gehiago ordaindu beharko dogula”, bilketa datuak “zerbait makillatu diralako”, ikusirik Ahaldun Nagusiak emondako datuek adierazoten dabena, izatez bilketea %3,1 jaitsi dalako abuztura arte.
Beste alde batetik, Martínez andreak adierazo dau eze agintaldiaren lehenengo hamalau hileetan “ika-mika antzu larregi” edegi dirala; gero ganeratu dau Bilbao jaunaren kudeaketearen datu batzuk ez dirala emon, esate baterako “langabetuen kopuruak 7.000 pertsonatan gora egin dauela”.
Tamalgarrtizat jo dau Bizkaiko jarduera tasea Estatuko bataz bestekoa baino “lau puntu beherago egotea”, edo lehenengo sei hilabeteetan 690 ERE onartu izana Bizkaian. Martínez andrearen aburuz, datuok “alarma guztiak piztuko leukiez edozein kudeatzaile publiko arduratsurengan”. Martínez andreak kritikatu dau be “ez dala ezer egin” Enpleguaren aldeko Erakundearteko Planari buruz.
Balizko zerga aldaketearen inguruan, Popularren Taldeburuak esan dau “beti entzuten ditugula esaldi arranditsuak” nahiz eta “inoiz proposamen zehatzik egin ez dan”. Horren inguruan, Martínez andreak adierazo dau “Bilbao jaunak argi esan dauen gauza bakarra izan dala bizkaitarrek zergatan gehiago ordainduko dabela.”
Azpiegituren kudeaketearen arloan, Martínezek kritikatu egin dau iragarri egin izan dirala “ezerezean” geratzen diran azpiegiturak, esaterako “Lutxanako zubi biratzailea, Habidite proiektua edo Lamiakoko ibaipekoa”. Horrezaz ganera, gogotara ekarri dau Bilboko Sabino Arana kaleko zubibidea erasteko planak Aldundiak “orain dala hogei urte be bazituala”. Hegoaldeko Saihesbidearen bilketea dala-ta, Taldeburu horrek iragarri dau eze “aurreikuspetan egindako hutsak hain larriak izan dirala eze bilketea zuek kalkulatu zenduenaren ehuneko 25era be ez dala heltzen.”
SOCIALISTAS VASCOS TALDEA
Egañak erakundeen arteko lankidetza eskatzen dau Euskadiko zergabideari buruzko eztabaidea “zintzotasunez” zabaltzeko
Bere aldetik, Talde Sozialistako Taldeburuak, Iñaki Egañak, erakundeen arteko lankidetza eskatu dau Euskadiko zergabideari buruzko eztabaidea “zintzotasunez” zabaltzeko. Bilbao jaunari egotzi deutso krisiaren aurrean ez dauela “inolako konponbiderik” aurkeztu, eta “prentsarako titularrak” bilatu dituala behin eta barriro.
Berbaldian zehar azpimarratu dau eguazten honetan Batzar Nagusietan egin dan politika orokorreko batzarra lehenengoz egiten dala “ETAren terrorismoaren zuzeneko mehatxu barik”, eta horretan bat etorri da Ahaldun Nagusiagaz.
Batzarkide sozialisteak esan dau une honetan eztabaideak “kudeaketeaz” izan behar dauela, eta “batasuna” eta erakunde guztien arteko “lankidetza leiala” aldarrikatu ditu Euskadik daukazan arazoei aurre egiteko.
Aurtengo aurrekontua ez beteteari buruz eta urtea amaitu orduko egokitzapenak egin behar izanari buruz PSEko batzarkideak adierazo dau “Aurrekontua bete ahal izateko behar beste diru ez dagoala, eta ezin dogula inbertitu eta gastatu Aldundiak aurreikusita eukana”. Ildo horretatik esan dau be “zintzotasunez” zabaldu behar dala zergabideari buruzko eztabaidea.
PSEk adierazo dau zergen aldaketea horren ”oinarri” izan behar dabela iruzurraren aurkako burrukea —horretan “bidea dagoalako egiteko oraindik”—, “progresibidade eta gizarte-justizia handiagoa” eta politika publikoei eutsi ahal izateko “behar besteko” diru-bilketea bilatzea.
Amaitzeko, esan dau hobatu egin behar dala iruzurraren aurkako burrukea “solidaride kolektibotik orain arte ihes egin daben guztiek be ordaindu dagien” eta araudiaren “zirrikituetatik ez dagien ihes egin”.
Beste alde batetik, esan dau uste dauela oraintxe dala “une egokia” Lurralde Historikoen Legea aldatzeko, eta ez dau onartu aldaketa hori “atzeko atetik” egin gura danik.
PSEko Taldeburuak egotzi egin deutso Bilbao jaunari Eusko Jaurlaritzagaz “topeka” ibili izana, “alderdikeriaz erabilita” Aldundia, eta esan deutso bere gobernua “ez dala kapaz” izan “gairik arruntenak”, esaterako Hegoaldeko Saihesbidearena edo Artxandako Tunelena, konpontzeko.
BILDU TALDEA
Soto andreak 180 graduko bira eskatzen dau foru kudeaketan eta politiko eta bankeruei egozten deutse ekonomi krisialdiaren errua
Bizkaiko Batzar Nagusietan Bildu Taldeak dauen Taldeburu barriak, Soto andreak, Taldeburu lez oraingo Osoko Batzarra izan dau lehenengoa karguratu zanik hona. Soto andreak eskatu egin deutso Jose Luis Bilbao jaunari “hausnarketea” egin dagiala eta “180 graduko bira emotea” foru politikei. Ahaldun Nagusiaren Jendaurreko Adierazpeneko Osokoan egin dauen hitzaldian, Soto andreak gaitzetsi egin dau Ahaldun Nagusiak “errealidadeaz kanpoko” hitzaldia egin dauela “autokritikarik bakoa”; era berean gogoratuazo egin deutso politiko eta bankeruek dabela ekonomi krisiaren erantzukizuna.
Bilduko Batzarkideak salatu egin dau foru exekutiboa dala “diru gehiago ez biltzearen erantzulea” eta planteatu egin dau bilketearen jeitsierea gertatu dala “futsezkoan, egituran eta zergen tramuetan aldaketak egin ez izangaitik”.
Garraioaren arloan, kritikatu egin dau apostua egin izana “porlanaren alde eta ibilgailu pribatuaren nagusitasunaren alde” eta, aldiz, “garraio publikoan murrizketak egin dirala”; “txartel bakarra indarrean jarri ez dala” be kritikatu dau.
Berariaz tamalgarritzat jo dau “guztion diruagaz” eregi izana Hegoaldeko Saihesbidearen “obra faraonikoa”, emaitza “negargarriak” izan dituana. Azkenik, Soto andreak eskatu egin dau aurrekontu parte hartzaileak izatea, herritarrek erabagi ahal izan dagien zertan erabili diru publikoa.
EUZKO ABERTZALEAK TALDEA
Rementeriak Aldundiaren gardentasuna eta “erantzukizunez gastatzeko” politikea aldeztu ditu
Bere aldetik, Euzko Abertzaleak Batzarkide-Taldeko taldeburuak, Unai Rementeriak, Aldundiaren 14 hilabeteotako kudeaketea aldeztu dau, eta esan dau José Luis Bilbao Ahaldun Nagusiak “argi eta garbi” emon dituala diru-bilketearen datuak, “gardentasunez eta itxuratu barik”.
Zentzu horretan, esan dau “ez daukaguna ezin dogula gastatu” eta “erantzukizunez” erabili behar dala daukaguna Lurraldearen etorkizun ekonomikoa “ez baldintzatzeko”. Hori dala-ta, gogora ekarri dau aurreko 2011. urteko aurrekontuaren emoitzak abenduan “ez eukala aurrekontu defizitik, emoitza positiboa baino”.
Beste alde batetik, gizarte-politiken arloan EAJ alderdiak azken urtean burututako jardueren laburpena egin dau, eta esan dau Aldundiak “ahaleginak egin dituala”, babesaren mailea mantentzeko Diru-sarrerak Bermatzeko Errenten kudeaketearen inguruan izandako ika-mikak gora-behera. Eta ganeratu dau politika horreek “sendotzen eta hobetzen” jarraitzeko “erkidego-lana” beharrezkoa dala, eta horretan Batzar Nagusietako Talde guztiek hartu behar dabela parte.
Langabetuei jagokenez, adierazo dau aurten 80,8 milioi euro bideratuko dirala langabeziaren arazoari “ikuspuntu ezbardinetatik” aurre egiteko. Enplegua sortzeak “alderdi politiko eta erakunde guztien helburu izan beharko leuke alkarregaz batera lan egiteko”.
Zergabideari jagokonez, gogoratu deutse beste taldeei, PSEri eta Bilduri hain zuzen, “zerbitzu publikoak ezin dirala neurri barik handitu, lehenago ez bada bermatuta geratzen behar besteko baliabideak sortuko dirala”. Eta gogoratu dau alderdi biok Gipuzkoan lortutako zergen inguruko ituna, zeinetan “presino nominala eta aurrezkiaren baseak igon” egiten diran, baina “BEZren diru-bilketan ehuneko 20,3 gitxiago biltzea ekarri dauena”.