José Luis Bilbaok gastua egokitzeko neurriak aurkeztuko ditu Batzar Nagusietan abuztura arteko diru-bilketea %3 jeitsi dala iragarri ondoren
Era berean, Ahaldun Nagusiak iragarri dau zergen aldaketarako proposamena aurkeztuko dauela, aldaketak egiteko PFEZn eta Sozietateen Zergan, beste batzuen artean, eta iruzurraren aurkako neurriei buruzko Foru-Arau Proiektua aurrera atarateko. “Iruzurgilearen atzetik ibiliko gara, azpijokoan dabilenari eta solidarioa ez danari jazarpena egingo deutsagu, Bizkaian ez daiten egon alokairurik faktura barik, ez daiten egon BEZ bako fakturarik eta ez daiten errudunik geratu zigor barik”.
Beste alde batetik, Bilbao jaunak hurbileko etorkizunaren aldeko apostua egin dau politika orokorreko Batzar Nagusian eta “eskua luzatu” deutse gainontzeko Batzarkide-Taldeei adostasuna lortzeko 2013. urteko aurrekontuei begira, bere ustez “errealistak, zuhurtziazkoak eta doituak” izan behar dabe-ta. Horrezaz ganera, Talde guztiei proposatu deutse akordioa Diputatuen Kongresuan aldezteko Kupoaren Lege barria eta oraindik kitatu barik dagozan azken 5 urteotako kupoaren likidazinoak, horri buruzko eztabaidea 500 milioi inguruko zenbatekoaren ingurukoa da-ta une honetan.
LORPENAK
Jarduera-lerroen errepasoa egin aurretik, agintaldiko lehenengo urtean egindakoen errepasoa egin dau José Luis Bilbaok. Azaldu ditu zeintzuk izan diran bere gobernuaren kudeaketearen “munarriak”, eta aitatu ditu Euskalduna Jauregiaren handitze-lanak, Metropoliaren Hegoaldeko Saihesbidearen inaugurazinoa (martxan jarri zanetik 4 milioi erabiltzaile baino gehiago izan dituana), Zornotzako AIC-Automotibe Intelligence Center dalakoaren handitze-lanak, edota Euskal Unibertsitate Publikoagazko lankidetza, inbertsinoak alkarregaz egin dira-ta San Mamesen, Leioan edo Plentzian.
Ahaldun Nagusiak beste lorpen batzuk be aitatu ditu, esaterako Deustuko Unibertsitateagaz lortutako akordioa Bizkailab sortzeko, hiru errepide-ardatzen proiektuak hasi izana (Gerediaga, Autzagane eta Bermeo), udalek Udalkutxari itzuli behar deutsien dirua itzultzeko epea hiru urtekoa izatea eta “ez bat bakarrik, beste lurralde bietan egin daben lez” eta udalen zorpetze-muga igotea “euren hornitzaileei ordaintzeko modua izan dagien”. Era beran, turismoak Bizkaian eskaini dituan datuak aitatu ditu eta horreetan kopuruotan Guggenheim Museoak daukan eragin handia. Izan be, uda honetan, 291.000 bisitaritik gora izan ditu, Bizkai osoko turisten kopuruan izan dauen eraginagaz, non 2012. urteko lehen sehilabetekoan milioi erdi turistatik gora izan diran.
Munarrien gainbegirada horretan, Ahaldun Nagusi jaunak autortza garrantzitsu bi egin ditu: bata Bizkaiko Foru Aldundiak Estatu guztiko administrazinorik gardenena izateagaitik jaso dauena eta, bestea, guda zibilean bonbaketen biktima zibilei egindakoa.
KRISIA: EKONOMIA ETA ENPLEGUA
Bere hitzaldiaren lerroetan, Bilbao jaunak Bizkaiak gaur egun dauen inguruabar ekonomikoaren azterketea egin dau. Lorpenak aitatu eta gero, hitzaldiaren zati handi bat emon dau Bizkaiko ekonomiak dituan zailtasunak aitatzen. Bizkaiko ekonomiak 2012. urtean dauen bilkaerea, bere hitzetan, “negatiboa izaten ari da, eta jatorrizko aurreikuspenetatik urrundutakoa”. EUSTATen datuak emon ditu euskarritzat. Erakunde horren arabera, BPGaren %1,7ko hazkundetik %0,7ko beherakadara joan gara.
Une horretatik aurrera, inori leporatzeko gauzak aitatzen hasi da. Bilbao jaunak azaleratu egin dau “porrot historikoa” izan dirala gobernu zentralen politika ekonomikoak, baita autonomia erkidegorik eta toki erakunderik gehienenak be. Ildo horretatik, adibidetzat aitatu dau zelango porrota izan diran kredituetan oinarritutako hazkundeak bultzatzea, “bankuen sistemak berak hori bultzatuta”; neurriak hartu behar ziranean hartu ez izana eta kutxen bankutze prozesu zapuztua. Ildo horretatik be, salatu egin dau “Aurreski Kutxen sistemearen kudeaketan gertatutako desastrea, porrot negargarira eroan ditu-eta”. “Benetan arduratzeko modukoa da horren guztiorren erantzuleak poltsiloak beterik urten izana, ezetariko erantzukizuni aurre egin barik”. Sindikatuentzako mezu bat be igorri dau, esanez ekonomi egoera honetan “egin ezin dana dala sei hilabeterik sei hilabete greba orokorrerako deia egitea.”
Familia bizkaitarrek paraitu behar daben langabeziak be Ahaldun Nagusiaren hitzaldiaren zati handia hartu dau. “Krisiaren ondorenik txarrena eta negargarriena da, eta gure ardurarik handiena be. ”Horretara, konpromisoa hartu dau politika publikoak bultzatzen jarraitzeko, ekonomi jarduerea suspertzeko eta, horretara jokatuta, enplegua sortzeko. Proposamena mahairatu dau Bikaian eta Euskadin Enplegua Sortzeko Erakundeen arteko Plana atontzeko, guztien artean bultzatu beharrekoa, udalek, Aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak parte hartuta horretan, izan be “administrazinoen behineneko zeregina enplegua sortzearena izan behar dalako”.
ZERGEN ALDAKETEA ETA ZERGA IRUZURRAREN AURKAKO BURRUKEA
Ahaldun Nagusiak iragarri dau zerga aldaketarako porposamena plazaratuko dauela eta zergaren aurkako neurrien Foru Araua. “Iruzurgilearen atzetik ibiliko gara, azpijokoan dabilenari eta solidarioa ez danari jazarpena egingo deutsagu, Bizkaian ez daiten egon alokairurik faktura barik, ez daiten egon BEZ bako fakturarik eta ez daiten errudunik geratu zigor barik”.
Ukatu egin dau Aldundia geldo egon izana, batzuk hori egotzi deutsie-ta. Hori ezeztatzeko, adierazo dau 10 Foru Arau eta 20 Foru Dekretu onartu dirala zergen neurrien inguruan. Ahaldun Nagusi jaunak berretsi egin dau foru gobernuak arlo horretan lanean diharduala, eta lerro nagusiak aurkeztu ditu PFEZn eta Sozietateen Zergan egin gura diran eraldaketen inguruan. Hitzaldia horretan egoala, Bilbao jaunak iragarri dau zerga iruzurraren aurkako burrukearen ganeko Foru-Arau Proiektua aurkeztuko dala, baita 8 zerga-ikuskatzaile eta 10 azpikuskatzaile barri kontratatuko dirala.
ALKARTASUNA
Gizarte zerbitzuen inguruko mezu argia be bota dau Ahaldun Nagusiak: Aldundiak “ahaleginak eta bost egingo ditu zerbitzuen maileari eusteko, mendekotasundunenganako arreta bereziagaz”. Argi itxi dau “ez dabelaza gauzatuko PPren Gobernuak bultzatutako murrizketak” eta lankidetza eskatu deutse enparauko Taldeei eta Eusko Jaurlaritzari “hondino burutu barik dagoan akordia beteteko” gizarte zerbitzuen finantziaketearen ereduari jagokonean.