Gernikako Batzarretxeak eutsi egin deutso turistak erakarteari, abuztuan 26.000 bisitatik gora izan ditueta
Gernikako Batzarretxea eta Gernikako Aretxa ezinbesteko geldiune bihurtu dira Bizkaira bisitan datozanentzat. Urdaibaiko Biosfera Erreserbearen gunean kokaturik dagoan Gernikako uribildua beti izan da erakargunea, ikur sinboliko handia da eta. Udan batez be, Batzarretxea eta haren inguruak beste autonomi erkidego batzuetatik eta beste herrialde batzuetatik etorritako bisitariz beterik egoten dira. Udaldiko turismo hori “gehien bat familiena” izaten dala dinoe hamarkada bi baino gehiago bisitariei harrerea egiten diharduen Ana Alberdi eta Ainoa Erauskin gidariek.
Azken urte bietan izandako gorakadea gora-behera, bisitarien jatorria beste uda batzuetakoen antzerakoa izan da. Beste autonomi erkidego batzuetatik etorritakoen artean (guztirakoaren erdia baino gehiago dira horreek) kataluniarrak dira gehien. Gernikako Batzarretxea bisitatu ebenenen ia laurena kataluniarrak ziran. Bisitarien beste %25 valentziarrek, andaluziarrek edo madrildarrek osturikoa da. Espainiako bisaia-agentzien bitartez etorritako taldeen presentzia “oso nabarmena” izan dala adierazo dabe. Bultzada horri esker, Batzarretxeko bisitaldien kopuruak goia jo dau egunen batzuetan eta 1.400 bisitaritik gora heldu da. Abuzturen 8an, zapatuan, Bizkaiko legebatzarrak 1.584 bisitarirainoko kopuru itzela izan eban.
Europatik datozan turisten jatorriari jagokonean, beste urte batzuetako joera bera izan da, Euskal Herriko intereseko beste toki batzuetan jazoten dan moduan. Frantziarrek osatzen dabe gehiengoa, eta horreen ostean hurrenez hurren datoz italiarrak, ingelesak eta alemaniarrak. Gure kontinentetik kanpokoei jagokenean, bost herrialde gailentzen dira estadistiketan: AEB, Israel, Argentina, Venezuela eta Japonia. Bosteon artean zazpirehun lagunetik gora etorri dira.
Gernikara etorteko arrazoiak ez dira aldatzen. Anak eta Ainoak dinoen lez “udaldian, milaka lagun etorten dira Gernikako Batzarretxeari darion historia eta tradizinoaren deiak erakarrita”. “Bakearen uribildua” mundu osoan ospetsu egin da faxistek 1937. urtean egindako bonbaketeagaitik (aurton hainbat oroitzarre egin dira haren 75. urteurrena dala-ta) eta Picassoren koadruagaitik. Gernika, daukan esangura historikoagaitik, benetako iman erakargarria bihurtu da Euskadira jatorkuzan turistentzat zein munduan zehar barreiaturik egon eta gero, dana dalakoagaitik, arbasoen jatorrizko herrira itzultzen diran euskaldunentzat”. Gernikako Aretxak euskaldunentzat dauen esangura sinboliko handiak inguruaren erakargarritasuna be handitu egiten dau.
Bisitariak harrituta
Anak eta Ainoak adierazoten dabenaren arabera, harridurea eragiten dauen lehenengo gauzea da hara “sartzeko erraztasuna”, beste leku batzuetan turistak ohituta dagozalako danagaitik ordaintzen eta burokraziaren oztopoak-eta izaten; Batzarretxera baina, doan eta erraz-erraz sartu leiteke. Beste batzuk hunkituta geratzen dira “Batzar Aretoari darion gorentasunagaz edo leiar ospetsuaren luze-zabalerearen neurriakaz”. Umeak, barriz, ume leku guztietan; zugatza handiagoa izatea itxaroten eben, eurentzat “garrantzia eta neurria” alkarrenak diralako. Bardin da, ze handi zein txiki, danak konturatzen dira foru-uribilduko tontortxu horretan bat egiten dabela “sinbologiak eta historiak”.
Danak baina ez datoz Gernikako Batzarretxea zer dan jakitun. Askok uste dabe “museoa halako zerbait izango dala, eta harritu egiten dira Bizkaiko legebatzarra dala jakitean”. Bete batzuk uste dabe Euskadiko Legebiltzarra dala, behar bada Lehendakariaren zina berton egiteak nahasturik. Badagoz be Pablo Picassoren “Guernica” koadrua bertan topauko dabela uste dabenak, atzerritarrak gehien bat. Holangoak gora-behera, bisitariei harrerea egiteko gidari arduradunek azpimarratu egiten dabe jente asko dagoala Batzar Nagusiak ezagutu barik be “asko dakienak gure erakunde, historia eta hizkuntzari buruz”. Turistarik informatuenen artean kataluniarrak eta galiziarrak dagozala dinoe gidariek.