"Athleee…clic. Bihotz zaletasun baten irudiak – Gu gara nagusiak" argazki erakusketea ikusteko azken asteak
Sentipenen “cocktail” antzeko bat da erakusketea. Poza, tristurea, egonezina, harrotasuna, negarra, zoramena…, zenbat eta zenbat holango sentimentu azaleratu dituen Athletic zaleek azken denporaldian; zuri-gorrientzako liluragarria izan dan eta daborduko taldearen historian sartuta dagoan denboraldiaren islada. “Hilebete batzuetan krisialdiaren basamortuan oasia izan dogu gure Athletic hain zuzen” esan eban Ana Madariaga Batzar Nagusietako Lehendakariak inaugurazino ekitaldian. Eta esan eban be “pertsonek bizitakoen irudiak dirala. Norberak bizi izan dituanak eta bakotxak besteakaz batera bizi izan dituanak.” Bateratasunaren sentimentua eta Athleticekoa izatearen harrotasuna erakusten daben irudiak dagoz erakusketan.
Abuztuan zehar adin guztietako pertsonak hurreratu dira erakusketara, batez be Bizkaiko Batzar Nagusien Bilboko egoitzako kanpoaldea apaintzeko jarritako irudi handiek erakarrita. Erakusketearen inguruko interesa gizarte-sareetan be nabarmendu da, mila pertsonatik gora izan diralako egunero partekatu izan dabenak erakusketearen inguruko informazinoa Facebooken eta Twitteren zabaldutako kontuen bitartez eta Erakundearen beraren webgunearen bitartez, erakusketearen arduradunakaz eta argazkiliakaz eurekaz hartuemona izanda, euren komentarioak eta argazkiak jarrita eta irudiak eta edukinak beste erabiltzaile batzukaz partekatuta.
Ahotik ahora zabaldu da eta asko izan dira Bizkaiko legebatzarraren Bilboko egoitzara hurreratu diranak bizitako sentsazinoak barriro be gogoratzeko. Horixe da Jon Rozadilla bilbotarraren kasua. “Ni lako Athleticeko bazkide eta forofo hutsa dan lagun batek esan eustan erakusketea egoala, eta ikustera etorri ginan. Biok izan ginan Manchesterreko partida goragarrian, eta ni neu Bucaresteko partida ez hain goragarrian, zoritxarrez, be egon nintzan. Eta horrenbeste zale zuri-gorrien argazkietan gu geu edo lagunen bat agertzen ete garan bilatzen ibiltea oso ideia dibertigarria iruditu jakun” esan dau.
Wally aurkitzea baino askoz be gatxagoa izan zan. Old Trafford-eko harmailaren argazki handi baten agertzen da bere lagunagaz batera, milaka eta milaka jarraitzaile zuri-gorriez inguratuta, gau haretan Athleticek sartu zituan hiru goleetatik bat sartu ostean. “Nire bizitzako esperientzia zuri-gorria izan zan eta, beraz, ilusino handia egin deust argazkia ikusteak eta orduko zoramen kolektikoa gogora-tzeak” esan dau hunkituta.
Eretxi berekoa da Santi Oliván. Zuzenean ikusi zituan Europa Leagueko partida guztiak San Mameseko bere jarlekutik, baita Old Trafford-en jokatutako partida ahaztezina, Bucaresteko Estadio Nazionalean jokatutako finala eta Vicente Calderónen jokatutakoa be. “Erakusketeari esker barriro be bizi ahal izan dodaz joandako denboraldiko emozino ziraragarriak. Erakusketako argazkien bidez nabarmentzen dana da Athletic zerbait berezia dala bizkaitarrek kolore zuri-gorriakaitik dogun pasinoari esker” azpimarratu dau Santik.
Erakusketara hurreratzen diran pertsona gehien eretxiz, ekimenaren antolatzaileek asmatu egin dabe eta argazkien kalidadea handia da. Argazkiak “oso ondo kokatuta dagoz, nahiz eta leku gitxi egon, eta oso politak dira” esan dau Jon-ek. Harritu egin nau argazkilarien trebetasuna jendearen ilusinoa eta alaitasuna jasoterakoan. Erakusketea oso ondo dago eta ea datorren udaroan barriro be egiteko moduan dagoan eta argazkietan ikusterik daukagun Gurpegui eta Iraola Kopea jasoten” esan dau Santik. Oraingoz, aurtengo erakusketea ikusteagaz konformatu beharko dogu. Erakusketea datorren irailaren 28ra arte egongo da zabalik goizeko 9etatik iluntzeko 9etara arte, astelehenetik barikura. Sarrerea doan da.