Aurreko Albisteak

Bizkaian aquarium ozeanografiko handia jartearen inguruko azterlana egitea ez da onartu Batzar Nagusietan

Batzordea

Bizkaiko Batzar Nagusien Nekazaritza eta Ingurumeneko Batzordeak batzarra izan dau eta, beste gai batzuen artean, ez dau onartu Bizkaian aquarium ozeanografiko handia jarteko aukerea Foru Aldundiak aztertzea eskatzeko Bizkaiko Talde Popularrak aurkeztutako Arauz Besteko Proposamena. Euzko Abertzaleak eta Bildu Taldeek aurka bozkatu dabe, eta daukiezan 9 batzarkideen botoak nahiko izan dira ez onartzeko, popularrek eta sozialistek guztira 4 batzarkide baino ez daukiezalako Batzordeetan.

Talde horrek uste dau “Eusko Jaurlaritzak ez eze, Euskal Herriko Unibertsitateak eta gure lurraldean lan egiten daben alkarte zientifikoek be parte hartzea” komeniko litzatekela, “proiektuak ez leukealako bakarrik izan behar zabaldunde izaerakoa, ikerketarako eta izaera zientifikoa be izan beharko leuke eta”. Hor zenbait azpiegitura egongo litzatekez, esaterako itsas ugaztunak eta izurdeak ikusi ahal izateko lekuak, museo espezializatua, ikertzaileentzako gelak, liburutegia eta ostalaritzarako lekua, besteak beste. Arturo Aldacoa Talde Popularreko Batzarkideak proposatu dau Valentzian dagoan antzeko azpiegiturea egitea, familien turismoarentzat erakargarria izango litzatekena, bere esanetan “arraultza guztiak kultura azpiegituretan jarten gabilzalako, eta orekea bilatu behar dalako kulturako turismoaren eta familaen turismoaren artean.”

Proposamen hori Talde sozialistak bakarrik aldeztu dau. Joaquin Colmenero batzarkide sozialistak esan dau Aldundiak badaukala dirua holako azterlan bati ekin ahal izateko eta gai horren inguruan egin daiten azterlanak “zehatza eta zabala” izan beharko leukela. Esan dau ganera krisialdian egon arren, holako proposamenak ez dirala atzera bota behar: “Geldi bagagoz, ez dakit etorkizunik izango dogun”.

Euzko Abertzaleak eta Bildu Taldeak kontra azaldu dira. Talde biok uste dabe ez dala holakoetarako unerik egokiena. “Bizi dogun errealidadea ez da egokiena holako azpiegitura bat egiten hasteko. Baliabideak mugatuak dira eta garrikoa estutzeko ordua da” esan dau Maria Presa Batzarkideak. Eta gogora ekarri dau orain lau urte antzeko azterlan bat egin zala eta hor esaten zala holako azpiegiturea egitea “arriskutsua” zala, inbertsino “handia” eskatzen dauelako eta Bizkaitik hur dagozan antzeko beste instalazino batzuk “izteko arriskuan” jarten ditualako. Bildu Taldea bat etorri da azken arrazoi horretan, uste dauelako “kaltegarria izan leitekela” Euskadin dagozan antzeko beste azpiegitura batzuentzat, esaterako Donostiako edo Getxoko akuariumentzat.

Beste alde batetik, Bizkaiko Talde Popularrak aurkeztutako beste Arauz Besteko Proposamen bi ahobatez onartu ditu Batzordeak. Beraz, Batzar Nagusiek eskatu egingo deutsie Foru Aldundiari “parte hartu dagiala klima aldaketearen eraginak aztertzeko eta eraginok prebenitu, arindu edo zuzentzeko enparauko administrazinoek abiaturik dituen foro eta ekimenetan”. Ekimen horren abiaburu izan da AZTI-Tecnaliak oraintsu egindako txosten bat, non “laburtu” egiten dan Euskal Herrirako aurreikusitako klima aldaketeaz dagoan informazinoa. Txosten horren ondorenen artean dago, esaterako zientzilariek dinoela itsasoaren mailak XXI. mendean 29-49 cm igongo dauela.


Azkenik, baliabideak eraginkortasunez erabili dagiazan Europa baten alde Europako Parlamentuak ataratako Erabagi-Proposamenaren alde agertu dira Batzar Nagusiak, “EBaren hazkunde ekonomikoa suspertzen eta ingurumena babesten laguntzeko”. Akordio horren barruan be, berretsi egin da, batetik, berreskuratu daitekezan materialak birziklatzea teknikoki eta ekonomikoki egingarria dan guztietan eta, bestetik, osterantzeko uri hondakinak tratatu eta balorizatzea”, Popularren aburuz neurriok bat datoz-eta urteak dirala Bizkaian uri-hondakinen arloan aplikatzen diran neurriakaz.