Arte Ederren Museoagaz artelanak erosteko egindako Hitzarmena Batzar Nagusietan aurkeztu da, haren berrespena egiteko
Bagilaren 29an, barikuan, Batzar Nagusietako Kultura eta Euskera Batzordean aurkeztuko da Bilboko Arte Ederren Museoa Fundazioa erakundearen eta Eusko Jaurlaritzako, Bizkaiko Foru Aldundiko eta Bilboko Udaleko ordezkarien arteko Lankidetza Hitzarmena, Bilboko Arte Ederren Museoak artelanak erosteko egingo dituan inbersinoak zati batean finantzatzeko 2012-2018ko ekitaldietan, haren berrespena egiteko asmoagaz. Aitatutako hitzarmenaren bitartez, alde bakotxak konpromisoa hartzen dau museoaren Fundazinoari urtean 100.000 euroko laguntzea emoteko, artelan barriak eskura daizan.Beste alde batetik, Batzordeak Batzarretako taldeek aurkeztutako arauz besteko proposamenen gainean eztabaidatuko dau. Horreetako bost Bizkaiko Talde Popularrarenak dira, izan be, Taldearen asmoa da Zugaztietako Meatzarien Ospitalearen eraikina berreskuratu, eta meagintza-inguru horretako interpretazino eta kultura zentro bihurtzea. Zuzenketa-eske askoren bitartez, Euzko Abertzaleak Taldeak argi itxi dau ez datorrela bat ekintza hori “datozen urteetan” bideratzeagaz, izan be, hareen ustez, "apenas geratzen da eraikinaren aztarna materialik eta emoten dau ez dala une egokiena inbersino handia egiteko".
Beste ekimen parlamentario baten bitartez, popularrek Elorrioko alde zaharraren gune babestuaren barruan 90/198 dekretuan babesik barik dagozan eraikinen eta jauregien atzeko lorategi eta espazio libreak sartzea gura dabe. Zuzenketa-eske baten bidez, Euzko Abertzaleek uste dabe eskaera hori lehenengo Aldundiko Kultura Sailari egin behar jakola, eta monumentu moltsoaren gaineko txosten teknikoa egin behar dala, legezko aldaketea eskatu aurretik.
Zentzu horretan, popularrek ganberearen laguntzinoa eskatu dabe Larreinetako funikularra babesteko eta "industria eta kultura ondare" izendatzeko. Beste ekimen baten bitartez, talde honek Aldundiari eskatu deutso Getxoko Udalagaz jardun daian, Galeako itsasargiak eta gotorlekuak osotzen daben ingurua “zaindu, artatu eta eraginkortasunez babesteko” erarik onena lortzeko, Eusko Jaurlaritzak jagokozan kudeaketak egiteko, kultur ondasun gisa arkitektura moltso honek dauan balioa babesteko. Antzeko terminoetan, beste proposamen baten bitartez, Aldundiari sostengua eskatu deutso Punta Begoñako Harresiak “hobetu, egokitu eta iraunazoteko”. Getxoko kirol portuaren aurrean dagozan Galeriei jagokenez, Bildu Taldeak bere proposamen propioa aurkeztu dau, espazio hori “publikoa eta irekia” izan daiten eta bere erabilerei buruzko eztabaidarako prozesu parte-hartzailea ireki daiten. Euskal Sozialisten Taldeak dino prozesu hori ez litzatekeela “erabakigarria” izan behar, “aholkularia” baino, eurek aurkeztutako zuzenketa-eskeak adierazoten dauan lez.
Nafarroako konkistaren V. mendeurrena dala-eta, Bildu Taldeak aurkeztutako beste ekimen bat jorratu behar da Kultura eta Euskera Batzorde honetan. Koalizino abertzaleak eskatu dau Aldundiak "euskaldunok Nafarroako erreinuan izandako estadu bakarra" oroitu eta ezagutzera emoteko zabalkunde ekintzak egin daizan. Talde honek uste dau euskal estadua izandako Nafarroako konkista ezagutzera emon beharko litzatekeela gure lurraldean, bai eta Bizkaiak Nafarroagaz izandako harrtu-emona jakitera emon be, izan be, “pasarte garrantzitsua da Euskal Herriaren historian”.
Era berean, Bilduk laguntza eskatu deutse Batzar Nagusiei, Bizkaiko Foru Aldundiari eska dagion Bizkaian dagozan ermita guztien gaineko dokumentazinoa aztertzeko. Horren bitartez, jakin gura dabe ermitok udal jabetzakoak diran edo, aitzitik, Elizak edo partikularrek “usurpau" dabezan. Halakorik gertatuko balitz, eraikinak eta lurzoruak udalei itzultzea eskatzen dabe. Hasteko, azterketa pilotu bat egitea planteau dabe, 2 edo 3 udalerritan.