Aurreko Albisteak

Batzar Nagusien biharko Osoko Batzarra Abellanedako Batzarretxean izango da

Abellaneda

Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehendakariak, Ana Madariagak, Osoko Batzarrerako deia egin dau datorren eguenerako, ekainaren 28rako, sasoi honetan ohikoa izaten danez Abellanedako Batzarretxean egingo danerako. Urteko zazpigarren Osoko Batzarra izango da eta, goizeko 9:00etan hasita, Batzarkide-Taldeek aurkeztutako bederatzi ekimen eztabaidatuko dira: lau itaun, mozino bat, ahozko erantzun-eske bi, arau-proposamen bat eta arauz besteko proposamen bat.

Osoko Batzarra itaunakaz hasiko da. Bizkaiko Talde Popularrak gura dau Aldundiak esan deiola ea zelan atonduko dauen mendeko pertsona nagusien zaindarien “atseden” programea, “beste aukera batzuk” be sartu daitezan, programa horretan dagozan egoitzetako egonaldiez bestekoak be, uste dabelako holakoak “ez dirala konponbidea kasu guztietarako”.

Talde berberak, beste alde batetik, jakin gura dau Bizkaiko Foru Aldundiak zer egin dauen 2001. urtetik hona argitzeko Leioako Artea Merkatalgunearen eremuan, antxinako Lleuri II-Zuatzu zabortegia zanaren lekuan, egozan uri eta industria hondakinen egoerea eta osasunerako arriskuak zeintzuk diran, ikusita Europako Batzordeak 2001eko urtarrilaren 31n emondako arrazoitutako ebazpenak esan ebala egindako lanak ez etozala bat artezpide europar batzukaz.

Bildu Taldeak argibideak eskatzen ditu Metropoliaren Hegoaldeko Saihesbidearen trafiko-kopuruaren inguruan eta kopuruok azpiegitura horren finantza-planean daukien eraginaren inguruan. Eta beste alde batetik, Talde horrek argibideak eskatzen deutsoz Ogasun Sailari sozietateen zergarako hobarien inguruan Foru Aldundiak jarraituko dituan erispideei buruz, Bilduren ustez, milioi euro askoko irabaziak izan arren “zero edo oso gutxi” ordaintzen deutsie-ta Ogasunari.

Socialistas Vascos Taldeak, bere aldetik, eskatzen deutso Aldundiari argitu dagiala gauzatzeko asmotan dituan ekimenak bizkaitarrok geurenez lortu dogun “ongizate egoerea eta behar besteko kalidadezko enplegua” mantentzeko, behin ikusita sarrerak %4,5 jaitsi dirala urtekitaldiaren lehenengo lauhilabetekoan. Ahozko erantzun-eske baten bitartez, sozialistek beste galdera bat egiten deutsie Aldundiari, azaldu dagian zer darabilen asmotan Aldundiak Bizkaiko langabezi egoerea arintzeko, “azken hamarkadan gauza iraunkorra izan dalako Bizkaian, izan be gure Lurraldea bataz beste puntu bat eta erdi gorago egon da-ta EAEko langabezia-taseagazko”.

BizkaiKOA sortu eta lehenengo hamasei hilabeteetan egindakoei buruz Aldundiak emondako azalpenak entzun ondoren 2012ko ekainaren 21eko Osoko Batzarrean, Bizkaiko Talde Popularrak aurkeztutako mozino baten bitartez eskatu egiten jako Aldundiari “hartu beharreko akordioak hartu eta egin beharrekoak egin dagizala he-mendik aurrera Batzarkide-Talde bakotxak horretarako izendatutako Batzarkide batek parte hartu dagian BizkaiKOAren Administrazino Kontseiluaren bileretan”, informazinoa zuzenean eskuratu ahal izateko.

Bizkaiko Batzar Nagusien Araudia aldatzeari buruz Bizkaiko Talde Popularrak aurkeztutako Arau-Proposamena aintzat hartzeaz eztabaidatuko da hurrengo, eta hortik lortu gura da batzarkideen botoa beste taldekideren bateri itxi ahal izatea batzarretara joaterik ez daukienean “bizitzako une jakin baten jazo leitekezan egoera pertsonalakaitik (gaisotasun larria, haurdunaldia, gurasoek sema-alabak zaindu beharra)”.