Batzar Nagusiek onartu egin dabe udalen zorpetze-mugen aldaketea
Bizkaikao udalen zorpetze-mugak aldatzeko Foru Aldundiak egindako proposamena Euzko Abertzaleak Taldeak, Socialistas Vascos Taldeak eta Bizkaiko Talde Popularrak aldeztu dabe, euren ustez beharrezkoa dalako hirugarren batzukaz daukiezan zorrei —holako zorrak ugaritu egin dira krisi ekonomikoaren ondorioz— aurre egin ahal izateko udalek baliabideren bat izatea. Bildu Taldea abstenitu egin da, aldaketa hori Madrilen egindakoaren “kopia hutsa” dala uste dabelako eta neurria “ez dalako behar bestekoa”, Joseba Gezuraga batzarkideak esan dauenez.
Bere aldetik, Bizkaiko errepideetako bidesarien araubide juridikoa aldatzeari eta Errepideen Lurralde Plan Sektoriala aldatzeko finantziazino erispideei buruzko 3/2010 Foru Arauaren aldaketea Euzko Abertzaleak Talderen eta Bizkaiko Talde Popularraren botoakaz (29) onartu da, eta Socialistas Vascos Taldeak eta Bildu Taldeak aurka bozkatu dabe (16).
Herri Lan eta Garraioetako Foru Diputatuak, Itziar Garamendik, esan dau aldaketea krisialdi ekonomikoaren ondoriozkoa dala, baliabide publikoak murrizteak eskatzen dauelako Bizkairako errepide azpiegitura “garrantzitsuak” egiterako orduan “zuhurtasun eta malgutasun gehiagoz jokatzea”. Diputatu andreak esandakoagaz bat etorri da Jesus Isasi (Talde Popularra), eta esan dau bere Taldeak neurri hori aldezten dauela “erantzukizunagaitik” eta azpiegitura horreek “ahal bait arinen izatea” gura dabelako. Bildu Taldea aurka azaldu da, Asier Sanz batzarkideak esandakoaren arabera, aldaketea “inprobisazinoaren” ondorezkoa dalako. Era berean, Socialistas Vascos Taldearen izenean berba egin dauen Joaquín Colmenero batzarkideak esan dau bere Taldearen ustez Lurralde Plan Sektorialeko azpiegitura guztiak egin leitekezala egin, krisia gora-behera, eta salatu dau lortutako “adostasuna apurtu” egin dauela Aldundiak.
Foru Arau Proiektu biok eztabaidatu aurretik, hiru Itaun gauzatu dira Osoko Batzarrean. Lehenengoan, Kulturako Foru Diputatuak, Josune Ariztondo andreak, Bizkaiko Museoak kudeatzen dituan BizkaiKOA sortu zanetik 16 hila bete igarotakoan egindakoaren balantzea azaldu dau. Ariztondok hamar bat “adibide” aitatu ditu ordutik hona egindako gauzen inguruan, eta esan dau erakunde horren kudeaketearen onurak “ez dirala ikusiko denbora gehiago igaro arte”. Talde Popularreko Arturo Aldecoa batzarkideak, ekimenaren aurkezleak, esan dau Batzarkide-Taldeek ordezkaritza izan beharko leukiela BizkaiKOAren Administrazino Kontseiluan eta Aholku Batzordean, egiten dauenaren informazino gehiago eukiteko.
Talde berberak beste Itaun bat be aurkeztuta euki dau, eta horren harira Herri Lan eta Garraioetako Foru Diputatuak, Itziar Garamendik, bizikletetarako aparkalekuak Aldundiaren egoitzetan eta Bizkaibusen autobusetan egokitzeari buruzko argibideak emon ditu. Garamendik esan dau aukera hori badagoala egon linearen baten, esaterako Bilbo eta aireportua lotzen dauenean, baina autobus gehiagotan hori egin ahal izateak topo egiten dauela bidaiarien garraiorako araubideagaz eta bidaiariak eroan leikezan beste gauza batzuk, esaterako haurrentzako aulkitxoak, autobustetara sartu ahal izateagaz.
Beste alde batetik, Bildu Taldeak azalpenak eskatu deutsaz Aldundiari “hondakinak kudeatzeko sistemak etorkizunean izan beharreko norabideari buruz”. Talde horren eretxiz, Europako Batzordeak hondakinak kudeatzeko modu iraunkorragoak sustatzea gomendatzen dau, albo batera itxita errausketagaitik edo isurketengaitik ordaintzearen aldeko hautua, atez ateko bilketearen alde eginik, Gipuzkoako zenbait udalerritan egiten ari dan erara.
Ingurumeneko Foru Diputatuak, Iosu Madariagak, esan dau “ez dala egia” inondik inora Europak energia birbaliotzeko errausketea “gaitzesten” dauenik, eta Aldundiaren planean “atez ateko” bilketea be agertzen dala. Diputatuak esan dau be ez datorrela bat Bildugaz, aukera hori modu orokorrean hedatu behar dala dinoanean.
Beste alde batetik, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 29ko 6/2006 Foru Araua aldatzeko Bizkaiko Talde Popularrak aurkeztutako ekimena ez dabe onartu Batzar Nagusiek. Talde horrek gura eban “%50eko salbuespena izan dagiela kostu bidez eskuratutako hiri higiezinak eskualdatzetik agertutako ondare irabaziek”. Euzko Abertzaleak, Socialistas Vascos eta Bildu Taldeek aurka bozkatu dabe.
Beste alde batetik, Bizkaiko Talde Popularrak enpresa leihatilaren zenbait gora-beherari buruz aurkeztutako mozinoa Batzar Nagusien gehiengoak aldeztu dau, Euzko Abertzaleak Taldearen aurkako botoagaz. Gainontzeko Taldeek enpresen sorrerea “errazteko” proposamen horren alde bozkatu dabe. Talde Popularrak beste mozino bat eukan aurkeztuta BUHKPIren errebisinoaren arabera Zabalgarbiko planteak erabilten ez dauen (%10) gaitasunaren inguruko aurreikuspenei buruz, baina mozino horrek ez dau aurrera egiteko behar besteko botorik lortu. Euzko Abertzaleak Taldeak aurka bozkatu dau, eta Socialistas Vascos eta Bildu Taldeek abstenitu egin dira.
Hirugarren mozino bat be egon da, Errigoitiko Udalak sustatu nahi dauen biomasa zentrala ez egiteko Bildu Taldeak aurkeztutakoa, eta mozino hori be ez da onartu. Euzko Abertzaleak eta Socialistas Vascos Taldeek batu egin dabez daukezan 31 botoak mozinoaren edukinaren aurka bozkatzeko. Bildu Taldearen eta Bizkaiko Talde Popularraren 19 botoak ez dira nahiko izan mozino horrek aurrera egiteko.
Aurreko Osoko Batzarretan gertatu izan dan moduan, oraingo honetan be Arauz Besteko Proposamenak azkenean eztabaidatu dira. Sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzeko baldintzen aldaketari buruz Bildu Taldeak aurkeztutakoa ez da onartu. Enparauko Talde batek be ez dau egin horren alde, hau da, Eusko Jaurlaritzaren erispide barriaren arabera —gitxienez 3 urtean erroldatuta egotearena— prestazino hori barik inor geratu ez daiten Aldundiari laguntza barria sortzea eskatzen eutsan proposamena ez da onartu.
Politika publikoen eta zerbitzu publikoen kalidadearen ebaluazinoari buruz Bizkaiko Talde Popularrak aurkeztutako Arauz Besteko Proposamena onartu egin da Euzko Abertzaleak Taldeak aurkeztutako zuzenketa-eskeak sartu eta gero, Euzko Abertzaleak Taldeak uste ebelako foru arauz egitea “ez zala egokia zurrunegia izateagaitik”. Talde biok eta Socialistas Vascos Taldeak alde bozkatu dabe, baina Bilduk aurka bozkatu dau. Azkenik, gai berari buruz Bildu Taldeak aurkeztutako Arauz Besteko Proposamena ez da onartu, Socialistas Vascos Taldearen aldeko botoa izan arren, Popularren abstentzinoa eta Euzko Abertzaleak Taldearen aurkako botoa izan dau eta.