Batzar Nagusien Osoko Batzarrak 16 aztergai izango ditu eguenean, euron artean Foru Arau Proiektu bi
Osoko Batzarraren gai-zerrendan hiru Itaun dagoz lehenengo. Lehenegoa Kulturako Foru Diputatuari zuzenduta dago. Josune Ariztondok erantzun egin beharko deutso BizkaiKOAren lehenengo jarduera urtearen ostean helburuak bete izanaren inguruan Aldundiak egiten dauen balorazinoari buruz Bizkaiko Talde Popularrak aurkeztutakoari. Talde berberak beste Itaun bat be aurkeztuta dauka, eta hor Herri Lan eta Garraioetako Foru Diputatuak, Itziar Garamendik, bizikletetarako aparkalekuak Aldundiaren egoitzetan eta Bizkaibusen autobusetan egokitzeari buruzko argibideak emongo ditu.
Beste alde batetik, Bildu Taldeak azalpenak eskatu deutsoz Aldundiari hondakinak kudeatzeko sistemak izan beharreko norabideari buruz. Talde horren eretxiz, Europako Batzordeak hondakinak kudeatzeko modu iraunkorragoak sustatzea gomendatzen dau, albo batera itxita errausketagaitik edo isurketengaitik ordaintzearen aldeko hautua eta atez ateko bilketearen alde eginda, Gipuzkoako zenbait udalerrietan egiten ari dan erara. Ganera, bosgarren edukiontziarekin Aldundiak bete nahi dituan helburuak ezagutu nahi ditu.
Aldundiaren ordezkarion azalpenak eta gero, ahozko erantzun-eskeak etorriko dira. Socialistas Vascos Taldeak eskatuta daukotso Lehendakaritzako Foru Diputatuari, Juan Mari Aburtori, argitu dagiala Ibarra auzia deritxanaren inguruan Epaitegi Gorenak emondako 905/2012 Epaia dala-ta zergaitik esan eban “konformeago” egoala Bizkaiko Entzutegi probintzialak emondako epaiagaz Auzitegi Gorenak emondakoagaz baino.
Beste alde batetik, Bizkaiko Talde Popularrak Ahaldun Nagusiaren azalpenak entzun gura ditu zergapeko bizkaitarren zerga-datuen filtrazinoei buruz, Melchor Gil jaunaren eta bere emaztearen zerga-datuak zenbait hedabidetan zabaldu izanari buruz hain zuzen be. Ahozko erantzun-eske hori aurkeztu eta aste bete bi beranduago Ogasuneko Foru Diputatuak, José María Iruarrizaga jaunak, ekainaren 7an izandako Ekonomia eta Ogasuneko Batzordean jakinerazo ebazan kontu hori dala-ta Foru Ogasunak egindako barruko ikerketearen ondorioak, eta bertan esan eban gertatutakoaren erantzukizuna Aldundiarena zanik esateko ez zala “inolako arrastorik” ikusi ikerketa horretan.
Eztabaidatuko dan beste aztergai bat izango da Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 29ko 6/2006 Foru Araua aldatzeko Bizkaiko Talde Popularrak aurkeztutakoa. Talde horrek gura dau “%50eko salbuespena izan dagiela kostu bidez eskuratutako hiri higiezinak eskualdatzetik agertutako ondare irabaziek”, beste gauza batzuen artean.
Ostean, Batzarkide-Taldeek aurkeztutako mozinoak etorriko dira. Horreek dirala-ta, Aldundiak azalpenak emongo ditu enpresa leihatilaren zenbait gora-beherari buruz, BUHKPIren errebisinoaren arabera Zabalgarbiko planteak erabilten ez dauen (%10) gaitasunaren inguruko aurreikuspenei buruz eta Errigoitiko Udalak sustatu nahi dauen biomasa zentralari buruz.
Aurreko Osoko Batzarretan gertatu izan dan moduan, oraingo honetan be Arauz Besteko Proposamenak eztabaidatuko dira azkenean. Bildu Taldeak bi ditu aurkeztuta, bata Sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzeko baldintzen aldaketari buruz, eta bestea Politika publikoen ebaluazio osoari buruz. Bizkaiko Talde Popularrak bat aurkeztuta dauka, politika publikoen eta zerbitzu publi¬koen kalidadearen ebaluazinoari buruzkoa. Eta Socialistas Vascos Taldeak beste bat dauka aurkeztuta, Espainiako Gobernua ezarten ari dan gizarte-murrizketei buruz.