Aurreko Albisteak

Aldundiak uda honetan lehentasuna emongo deutse kurumino asiarraren presentzia kontroletako "aurrezaintza eta zaintza" neurriei

Irene Pardo

Nekazaritzako Foru Diputatuak, Irene Pardo andreak, Batzar Nagusietan batzorderatu eta azaldu egin ditu kurumino asiarra (Vespa Velutina) kontroletako eta Bizkaitik desagertuerazoteko Aldundiak orain arte hartutako neurriak, baita etorkizunerakoak be. Diputatu andreak azaldu dauenaren arabera, apiriletik hona horreetariko hiru kurumino baino ez dira detektatu Bizkaian, jarri diran 27 tranpei esker. Bizkaiko Talde Popularrak eskaturik batzorderatu da Diputatu andrea, eta adierazo dau gai horren jarraipena egiteko berariazko Batzordea eraturik dagoala, Aldundiaren eta erlezainen arloko ordezkariez osaturikoa, eta daborduko atondu dauela protokolo bat, non lehentasuna emongo jaken kurumino asiarraren presentzia kontroletako “aurrezaintza eta zaintza” neurriei.

Batzorderatze-eskean Talde Popularrak ENBA sindikatuaren eta BAMEPE Bizkaiko erlezain profesionalen alkartearen adierazpenak jasoten ditu, esanez horreen ustez egoerea “ez dagoala kontrolatuta”. Erlezainek eta sindikatoak uste dabe espezie hori ezabatzeko formuleak —habiak eskopetaz tirokatzea— “arazoa konpondu barik, areagotu egiten dauela”, halan jokatuta habi bakotxetik “hogeiren bat habi” sortu leikezalako. Irene Pardo Diputatuak ezeztau egin dau hori Bizkaian egiten dala, ez dagoalako “jarduera-protokoloan” jasorik.

Beste alde batetik, Batzordeak ahobatez onartu dau Bizkaiko Talde Popularrak aurkeztutako Arauz Besteko Proposamen bat, eskatzeko Aldundiari gehitu dagizala txakur eta otsoen erasoak jasaten dabezan abeltzainei emondako dirulaguntzak. Talde horrek gura dau Abereen osasun egitarauetarako 88/2011 Foru Dekretuan eta horren araudi garapenetan jasoten diran diru-laguntzetan sartu daitezala “orokorrean kanidoek (txakurrek, otsoek, etab.) —eta ez bakarrik otsoek, gaur egun araututa dagoan lez— egindako erasoakaitiko kalteordainak. Talde ekimengileak onartu egin dau Euzko Abertzaleak Taldeak aurkeztutako zuzenketa-eskea, aginpidea izan dagien erakundeek behar bestean ziurtatu eta egiaztatu dagien hori, “azpijokorik” gertatu ez daiten.

Azken aztergaian, Bildu Taldeak bere Arauz Besteko Proposamena onartzeko beste boto lortu ditu Batzordean. Proposamen horren bitartez Barakaldoko Udalari eskatu egiten jako bermatu dagiala Oiolako urtegia ez dala ur-hornidura sareagaz lotuko, harik eta guztiz ziur egon arte kutsadura eragilerik ez dagoala, kutsatzailea izan daiteken edozein foko ezabatuz. Proposamen honen jatorria da joandako maiatzaren 30ean Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak baimena emon izana urtegiagazko loturea barriro egiteko eta handik edateko urez hornitzeko. Ekimenari aurkeztutako 8 zuzenketa-eskeetatik 5 onartu ditu Bilduk, eta zuzenketa horreetako baten ondorenez, Bizkaiko Batzar Nagusiek eskatu egiten deutsie Foru Aldundiari Oiolako urtegian galerazo dagiala edozein arrantza-mota, baldin eta harrapatutako arrainak gizakiek kontsumitzeko egokiak ez badira.