Aurreko Albisteak

Gizarte Ekintzako Foru Diputatu andreak Berdintasunerako Hirugarren Planari, Elorrioko foru egoitzetako ordezkapenei eta Gizarteratzeko Laguntzei buruzko argibideak emongo ditu

Maiatzean zehar hedabideetan argitaratutako albiste bik bultzatu dabe Socialistas Vascos Taldearen Gizarte Ekintzako Foru Diputatuaren batzorderatzea eskatzera. Datorren astelehenean, ekainaren 18an, Gizarte Ekintzako Batzordera joango da Pilar Ardanza, urte guztirako aurreikusitako gizarteratzeko laguntzak hila bete bitan agortu izanaren inguruko eta Elorrioko Zumelegi egoitzak ordezkapenik egin ez izanaren inguruko argibideak emotera. Horrezaz ganera, Diputatu andreak berak eskatu dau beste batzorderatze bat, Foru Aldundiaren Berdintasunerako Hirugarren Plana azaltzeko Batzar Nagusietako Taldeei.

Batzorderatzea baino lehenago, Arauz Besteko Proposamen bi eztabaidatuko ditu Batzordeak. Lehenengoan, Euzko Abertzaleak Taldeak eta Bildu Taldeak alkarregaz batera aurkeztutakoan, laguntza pertsonalerako prestazino ekonomikoa deritxanaren planteamendu barria egiteko eskatzen jako Aldundiari. Prestazino ekonomiko horren helburu nagusia da mendekotasun maila handia daukien pertsonei hezkuntzara edo lan mundura sartzen laguntzea. Talde biok uste dabe pertsona horreen “egiazko beharrizanei” erantzun behar jakela, eta eskatzen deutsie Aldundiari eragindako pertsonen ordezkari diran erakundeakaz hitz egiteko.

Talde horreen arabera, 2012ko aurrekontuetan bakarrik aurreikusten da pertsona bik baino ez dabela Laguntza Pertsonaleko prestazio ekonomikoa jasotzeko eskaera aurkeztuko. Talde Popularrak eta Talde Sozialistak zuzenketa-eskeak aurkeztu dabez, eskatuz prestazino horretan aldaketarik izan ezkero, eragindako guztiei emon dakien horren barri, eta laguntza hori beste laguntza batzuekaz bateragarria izan daiten, hori lolan ez izateak —socialisten arabera— ekarri dauelako laguntza horretarako eskabiderik ez egotea.

Beste alde batetik, Batzordeak eztabaidatuko dauen bigarren Arauz Besteko Proposamena, mendeko adinekoen egoitzetako aldibaterako egonaldiei buruzkoa, Bizkaiko Talde Popularrak aurkeztutakoa da. Talde horrek eskatzen dau pertsona horreentzat aintzat izan daitezala 15 egunetik beherako egonaldiak, zaintzaileak atsedena hartu dagian. Oraingo araudiak aste bete bitik gorako egonaldiak aurreikusten ditu oporrakaitik edo gaixotasunagaitik, eta Talde Popularrak dino zaintzaile askok “gehiegizkoa” eristen deutsela horri eta, beraz, ez dabezala atseden egunak eskatzen. Ganera, zerbitzu hori baliatu ahal izateko eskabide epea hila bete baino gitxiagora murriztu daitela eskatzen dabe.