Aurreko Albisteak

Batzar Nagusiek ez dabe onartu Bizkaiko Foru Aldundiaren negoziazino kolektiboa eta lan hartu-emonei eta zerbitzu publikoak mantentzearen alde egiteari buruz Socialistas Vascos Taldeak eta Bildu Taldeak alkarregaz batera aurkeztutako ekimena.

Batzorde-gelea


Bizkaiko Batzar Nagusietako Iraskunde-Batzordeak gaur Bilbon izandako bileran ez dau onartu Socialistas Vascos Taldeak eta Bildu Taldeak alkarregaz batera aurkeztutako ekimen bat, zeinaren bitartez “oinarrizko zerbitzu publikoak eta enplegu publikoa mantentzea” bilatzen zan. Talde biok bilatzen eben normaltasuna Aldundiaren lan harremanetan, bai Aldundiari berari zein erakunde publikoei, GUFEri esaterako, jagokenetan. Arauz Besteko Proposamena ez da onartu Euzko Abertzaleak Taldeak aurka bozkatu dauelako eta Bizkaiko Talde Popularra abstenitu egin dalako.


Aldundiaren Jaurtze-Batzarretako Aktak.

Beste alde batetik, Bizkaiko Foru Aldundiaren Jaurtze-Batzarraren Aktak igorteari buruz Euzko Abertzaleak Taldeak eta Talde Popularrak aurkeztutako ekimen bana onartu egin ditu Iraskunde-Batzordeak. Proposamen biotan eskatzen zan Aldundiaren Jaurtze-Batzarraren Aktak arinago igortea Batzar Nagusietara; Talde Popularrak eskatzen eban onartu eta hurrengo egunean bialtzea, eta Euzko Abertzaleak Taldeak “behar dan arintasun eta gaurkotasunez”, beti be aste bete baino gehiago itxi barik.

Gernika-Lumoko osasun zentroa irekitzea

Gai-Zerrendako bigarren aztergaia, Busturialde eta Lea Artibairako Gernika-Lumoko Bereizmen Handiko Zentroa berehala zabaltzeari buruz Euzko Abertzaleak Taldeak aurkeztutako Arauz Besteko Proposamena, onartu egin da. Ekimena aurkeztu zan hedabideen bitartez jakin zanean zentro hori urtearen amaieran edo datorren urtean zabalduko dala. Bildu Taldeak zuzenketa-eske bat aurkeztuta eukan Euzko Abertzaleak Taldearen ekimenari, eta bertan eskatzen eban “Zentroaren hirugarren solairuan gaixoen egonaldietarako zein larrialdirako behar besteko ohe kopuruak eskaintzea”. Euzko Abertzaleak eta Bildu Taldeek alde bozkatu dabe, Socialistas Vascos Taldeak aurka eta Bizkaiko Talde Popularra abstenitu egin da.


Aldundiaren eta Arkauteren arteko lankidetza-hitzarmena

Era berean, Batzordeak berretsi egin dau Euskal Herriko Polizia Ikastegiaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren arteko lankidetza-hitzarmena “Prebentzio, Su Itzaltze eta Salbamenduko Zerbitzuko langileen prestakuntzan, trebakuntza eta perfekzionamendu profesionalerako jarduerak garatuz Zerbitzuon prestakuntza profesionala indartu eta hobetzeko, beren zereginak eta sinatzaileen artean adosten diren ekintzak eraginkortasunez gauzatu daitezen.” Euzko Abertzaleak Taldeak, Socialistas Vascos Taldeak eta Bizkaiko Talde Popularrak berretsi egin dabe hitzarmena, eta Bildu Taldea abstenitu egin da.