Iruarrizaga Diputatuak esan dau Merchol Gil jaunaren zerga-espedienteak "ez dauela urten" Foru Ogasunetik
Irauarrizaga jaunak ordu erdi emon dau 54 orrialdeko txostenaren laburpena azaltzeko, eta azpimarratu dau Foru Ogasuneko teknikariek egin dabela txosten hori. Diputatu jaunak ganeratu dau espedientearen dokumentu guztietara sartu leitekezan Ogasun Sailaren 142 profesionalei jagokenez “irregularidaderik egon izanaren aztarnarik txikiena be ez dagoala”. Espediente horren inguruan detektatutako mogimendu guztiak “lotuta dagoz” pertsona horreen zereginakaz, txostenaren ondorioetan esaten danaren arabera.
Ogasuneko Foru Diputatuak esan dau txostena “serioa, zehatza eta askatasunez egindakoa dala”, eta defendatu dau zergapekoen isilpeko informazinoa dala-ta Foru Ogasunak dauen eguneroko jardunbidea. Datuen Babeserako Euskal Ajentziak berak be esan dau “Aldundiak lege-betekizun guztiak beteten dituala” Bizkaiko zergapekoen datuak babesterakoan eta zaintzerakoan. Batzorderatzearen amaieran gogoratu dau Aldundia “ez dala erakunde bakarra” martian zenbait hedabidetara zabaldu zan espediente hori izan dauena eta, barriz, “ badala barruko ikerketea” edegi dauen bakarra.
Oposizinoko taldeek (Bildu, Socialistas Vascos eta Bizkaiko Talde Popularrak) esan dabe batzorderatzeak ez dituala zalantzak argitu. Bilduko ordezkariak, Joseba Gezuraga jaunak, esan dau batzorderatzetik atara leiteken ondorio bakarra dala “ez dala inolako ondoriorik atara”. “Denbora gehiegi itxaron dogu horren gauza gitxi entzuteko”, esan dau Diputatuaren azalpenak entzun ondoren. Dana dala, esan dau txostena goitik behera irrakurri gura dauela ondorioak atara ahal izateko.
Socialistas Vascos Taldeko Taldeburuak, Iñaki Egaña jaunak, esan dau txostenaren ondorioak “pobreak dirala eta ez dirala gure Taldea asetzeko bestekoak. Zintzo esanda, defraudatu egin nabe”. Jardespenerako txandan Egaña jaunak galdera zerrenda luzea egin deutso Diputatuari, esaterako argitu dagian ea espedientea ikusi leikien 142 funtzionarioek sarrera-maila berbera eukien ala ez, eta Diputatu jaunak esan deutso idatziz bialtzen badeutsoz erantzun egingo deutsazala galdera guztiak.
Bizkaiko Talde Popularreko Taldeburu andreak, bere aldetik, esan dau txostenaren ondorioek “ez dabezala zalantzak argitzen”. Aldundidaren aldetik kasu honetan “ez dogu gardentasunik ikusi”, eta iragarri dau barriro be eskatuko dabela Ikerketa-Batzordea eratzea Batzar Nagusietan.
Euzko Abertzaleak Taldeak azpimarratu egin dau Aldundiaren gardentasuna eta eskatu deutse gainontzeko Taldeei kasun honen ingurukoetan zuhurtasun-printzipioa mantendu dagiela, baita erantzunkizunarena be, “oso jokabide larriak eta intentzino txarrekoak” gertatzen ari diralako kasu honetan. Unai Rementeria Taldeburuak esan dau be egin dan barruko ikerketa hori izan dala “ezin hobea eta gardena, eta Aldundiak baino ez dauela barruko ikerketea egin”. Batzar Nagusietako Talde nagusiarentzat gai hori “argituta” geratu da.
Batzorderatzera hedabide asko joan dira. Diputatu jaunaren azalpenak eta Baztar Nagusietako Taldeetako ordezkarien berbaldiak entzuteko kreditatu diran hedabideetako ordezkariak hainbat izan dira eta, Diputautak gogoratu dauenez, Foru Ogasuneko funtzionarioek azken hila bete bietan egindako 54 orrialdeko txostenaren laburpena entzuteko aukerea izan dabe.
Batzorderatzea Diputatuak berak eskatuta egin da, eta eskatu maiatzaren 29an eskatu eban Iruarrizaga jaunak, txostena amaitu zan egun berean. Bere aldetik, Bildu Taldeak be eskatuta eukan lehenagorik batzorderatzea, Diputatuak azaldu egian zertan egoan bere garaian iragarri zan ikerketea. Diputatuak ikerketea amaitutzat emon dau ordu bete eta erdiko iraupena izan dauen Batzorderatzean.