Aurreko Albisteak

Batzar Nagusiek onartu egin dabez Hiri-lurren Balioaren Gehikuntzaren gaine¬ko Zergaren eta Ondasun Higiezinen gaineko Zergaren aldaketak

Osoko Batzarraren irudia

Bizkaiko Batzar Nagusiek aurtengo bosgarren Osoko Batzarra egin eben atzo Gernikan, eta bertan onartu egin ziran Hiri-lurren Balioaren Gehikuntzaren gaine­ko Zergaren eta Ondasun Higiezinen gaineko Zergaren aldaketak. Batzar berean argi geratu zan Batzar Nagusiek aldeztu egiten dabela Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoagazko hitzarmena ez luzatzeko Foru Aldundiak hartutako erabagia, onartu egin ziran-eta horren inguruko hiru Arauz Besteko Proposamen, Euzko Abertzaleak, Socialistas Vascos eta Bizkaiko Talde Popularrak aurkeztutakoak.

Dana dala, Batzar Nagusian egin zan lehenengo bozketan atzera bota zan Bizkaiko Talde Popularrak aurkeztutako Mozino bat, “Bizkaiko Sare Hidrometeorologikoa amaitzeari eta Getxoko Gobelas, Fadura eta Bolue ibaien arroetan sareak dauen egoereari buruzkoa”. Bozketan 31 boto izan ziran aurka (Euzko Abertzaleak eta Socialistas Vascos Taldeenak) eta 19 alde (Bildu Taldearenak eta Bizkaiko Talde Popularrarenak).

Ondoren, Hiri-lurren Balioaren Gehikuntzaren gaine­ko Zergaren eta Ondasun Higiezinen gaineko Zergaren aldaketak onartzeko behar zan azken tramitea egiteari ekin jakon, joandako maiatzaren 10ean izandako Ekonomia eta Ogasuneko Batzordeak egindako Erizpenak onartzeari hain zuzen. Lehenengoa ahobatez onartu zan, eta bigarrenak Euzko Abertzaleak eta Socialistas Vascos Taldeetako Batzarkideen aldeko botoa jaso eban; Bildu Taldekoak eta Bizkaiko Talde Popularrekoak abstenitu egin ziran. Osoko Batzarrean eztabaidatzeko gordetako zuzenketa-eske guztiak atzera bota ziran.

Uriko hondakinen kudeaketea eta Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoagaz eukan hitzarmena ez luzatzeko Foru Aldundiak hartutako erabagia izan ziran hizpide batzarraren azkenean. Horren inguruan hiru Arauz Besteko Proposamen eztabaidatu ziran, Euzko Abertzaleak, Socialistas Vascos eta Bizkaiko Talde Popularrak bakotxak bere aldetik aurkeztutakoak. Hirurak onartu ziran hiru Taldeok alde bozkatu ebezalako, eta horregaz aldeztu egin eben Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoagaz eukan hitzarmena ez luzatzeko Foru Aldundiak hartutako erabagia. Bildu izan zan aurka bozkatu eban Talde bakarra, Aldundiaren erabagia gaitzetsiz.

Amaitzeko, Bizkaiko Talde Popularrak aurkeztutako Arauz Besteko Proposamen bat onartu zan; horren arabera, inguruko lurraldeakaz etorkizunean egin daitezan hitzarmenetan “askatasun osoa izan behar dau Bizkaiak bere interesen onerako ondoen deritxan tratamentua eta balorazinoa egiteko” eta horrek holan izan behar dau “hizpaketa murriztailerik jarri barik tratamentuari eta balorazinori jagokenean”. Proposamena onartu egin zan Euzko Abertzaleak Taldearen eta Bizkaiko Talde Popularraren botoakaz eta Socialistas Vascos Taldearen eta Bildu Taldearen abstentzinoagaz.