Aurreko Albisteak

"San Andresen Martirioa" artelana gehitu jako Batzar Nagusien ondareari

San Andresen Martirioa

Bizkaiko Batzar Nagusiek eskuratutako azken ondarea.

Enkarterrietako Museoak —Bizkaiko Batzar Nagusiena da museo hori—eskualdeko ondare historikoaren beste artelan bat dau daborduko, "San Andresen Martirioa" deritxan margoa hain zuzen. Margo hori XVII. mendekoa da eta domeka honetan, goizeko 11:00etan, aurkeztuko da, Museoen Nazinoarteko Eguna dala-ta.


Museoak doaneko bisita gidatua antolatu dau egile ezezaguna dauen artelan horren historia azaltzeko. Bisita horren barruan sartuko dira San Jorgeren eta San Andresen ermitara eta Santa Isabelen komentura egingo dan ikustaldia, Gordexolakoak danak, lekuotan mendeetan egon zan-eta margolan hori. Ekitaldi horren bitartez be ikusi ahal izango da Enkarterrietako Museoak ondarea berreskuratzen eta barrizten egiten dauen lan garrantzitsua.

94 650 44 88 telefonora deitu edo enkarterrimuseoa@bizkaia.eus helbidera jo eta izena emon dagien guztiek aukera ederra izango dabe gehiago jakiteko Batzar Nagusiek Museorako eskuratu daben azken artelan horren inguruabar historikoez. Margolan hori olioz margoturik dago 1605. urtean, Koroak Flandesen eukan ordezkariaren aginduz Juan de Aguirre jaunaren aginduz hain zuzen. Agirre jaunak Santa Isabelen komentuari dohaintzan emon eutsan, hantxe eukan-eta Catalina de Urrutia lehengusina.

Artelanaren izenak berak dino zertaz dan, San Andres martiriaz, ixa eran kurutzaturik San Frantzisko, San Agustin, Santa Klara eta Santa Isabel aldamenean dituala. San Andresen oinpean agertzen dan testuan aitatzen dan komentua uste da izango litzatekela gaur egun San Jorgeren eta San Andresen ermitea dana, Santa Isabelen komentuaren —gaur egun Ibaia jatetxea da— aurrez aurre dagoana.

Seguruenik, margolan hori hasiera baten ermitearen erretaulan jarriko zan eta, komentu barria 1668. urtean eregi ebenean, hara eroango eben. Hantxe egon zan XX. mendearen berrogeien hamarkadara arte, harik eta komentuko monjek, obraren bat egiteko-edo dirua behar izango ebela-ta, Bartzelonako antikuario bati saldu eutsien arte. Bizkaiko Batzar Nagusiek berreskuratu egin dabe lan hori 2012. urtean, eta jenteak ikusteko moduan jarri dabe Enkarterrietako Museoan.


Kultur ibilbidea
- Topagunea: domekan, maiatzaren 20an, goizeko 11:00etan, Enkarterrietako Museoan (Abellaneda auzoa, z.g. SOPUERTA)
- Bisitaldia Sandamendiko San Jorgeren eta San Andresen ermitara (Gordexola)
- Bisitaldia Sandamendiko Santa Isabelen komentura (Gordexola)
Joan-etorria autobusez. Plaza mugatuak eta doan
Informazino eta erreserbetarako: 94 650 44 88 / enkarterrimuseoa@bizkaia.eus