Aurreko Albisteak

Mila lagun inguru Solluben, Batzar Nagusirako deia antxinako eran egiteko ekitaldian

Mila lagun inguru batu ziran domekan, maiatzaren13an, Sollubeko tontorrean, Deiadar Medien bederatzigarren edizinoan parte hartzeko gogotsu. Batzar Nagusiek jaiegun bihurtu dabe ekitaldi hori eta “daborduko ibilbide klasiko bihurtu da Bizkaiko mendizaleentzat eta euskal tradizinoen zaleentzat”. Horixe esan eban Ana Madariaga Batzar Nagusietako Lehendakari andreak eguerdi bueltatxuan Dei adarrotsa entzun eta gero, Urdaibairen eta Kantauri itsasoaren ikuspegi ederra begibistan ebala.

Batzar Nagusiek eta Bermeoko Sollube 707 Mendizale Taldeak alkarlanean antolatutako mendi-ibilaldia Bermeoko Taraska plazan hasi zan goizeko 9:30etan. Mendizale taldeak itsasoaren parean laino artean hasi ziran ibilten eta goizeko 11:30 aldera heldu ziran Sollube ganera, 676 metroko garaierara, ordurako lainoak garbitu eta zeru garbia egoala. Tortorrera heldutakoan Batzar Nagusietarako dei tradizionala egin da, Erdi Aroan egiten zan moduan, adarrotsaren bitartez.

Batzar Nagusiek 2004. urteaz geroztik antolatzen dabe mendi-ibilaldi hori, urte horretan bete ziran-eta 25 urte Batzar Nagusiak berreskuratu genduzanetik. Urteotan, bada, adin guztietako milaka bizkaitar bildu dira urtero bost Deiadar Mendietarikoren baten (Gorbeia, Kolitza, Sollube, Oiz eta Ganekogorta) adarrotsa entzun eta Gernikako Batzar Nagusetarako deia era tradizionalean, Erdi Aroan egiten ei zan lez jasoteko.

Tontorrean egozala, Sollube 707 Taldeko ordezkariak deia egiteko erabilitako adarra emon eutsien hurrengo urtean Oiz mendian egingo danaren antolatzaile izango dan mendi-taldearen ordezkariari. Batzar Nagusien ordezkariak be zirandira bertan, esaterako Ana Madariaga Lehendakaria, Jon Andoni Atutxa Batzar Nagusien Mahaiko Idazkaria, Unai Rementeria Batzarkide eta Mundakako Alkatea eta Ana Esther Furundarena, Mirene Bidaguren, Idoye Errazti eta Fernando Larrinaga batzarkideak.

Deiadarra entzun eta ohorezko aurreskuaren ostean, Batzar Nagusietako Lehendakariak eskerrak emon eutsezan ibilaldian parte hartu eben guztiei —edizinorik jentetsuenetakoa izan da hau— eta gogotara ekarri eban Europako lehenengoetariko erakunde demokratikoak diran Batzar Nagusiek tradizino hori 2004. urtean berreskuratu ebela, “Gernikako Batzar Nagusietan parte hartzeko herritarrei egiten jaken dei tradizionala gomutatzearren”.

Tontorretik hur egin zan jaialdiagaz amaitu zan ekitaldia. Bertaratu ziranek oparitxua eta hamaiketakoa izan eben inguruko produktuakaz (bonitoa, antxoak eta txakolina), euskal musika eta dantza artean.