Aurreko Albisteak

Batzar Nagusietako Lehendakariak Bilboko gotzainaren eta gazteen alkartasunezko mezua jaso dau gaur goizean

Gutunagaz

Mario Iceta gutuna emoten Ana Madariagari

Elizbarrutiko Alkartasun Zeinua 2012 deritxana jaso dau gaur goizean Ana Madariagak, Batzar Nagusien izenean. Mario Iceta Bilboko Gotzainak Batzar Nagusien Bilboko egoitzaren eskaileretan emon deutso erreibindikazino-dokumentu hori, Batzarkide-Taldeei helduerazo deien. Bertan izan dira zenbait Batzarkide, Bilboko Elizbarrutiko ordezkariak eta Amor Misericordioso ikastetxeko hainbat eta hainbat ikasle, dokumentuaren idazkeran parte hartu dabenak.

Gaur egun bizi dogun krisialdiaren aurrean —batez be gazteengan eragiten dauena— erakundeei zuzenduriko postalean parte hartu daben pertsonek idatzitako eskariak eta konpromisoak helduerazoko deutsaz Iceta jaunak Batzar Nagusietako Lehendakariari, Elizbarrutiko Alkartasun Zeinua 2012 dala-ta.

Ana Madariagak eskerrak emon deutsez Elizbarrutiko Alkartasun Zeinua antolatu dabenei, Iceta Gotzainari eta gazteei, aurtengoan Bizkaiko Batzar Nagusietara hurreratu diralako. “Bizkaiko Legebatzarraren Lehendakari nazenez, zuen hausnarketa zintzoa eta emankorra gure erakundera eroateko konpromisoa hartzen dot, batzarkide-taldeetako ordezkarien bitartez. Ziur nago jakingo dabela esaten dozuena entzuten eta ziur nago be zuen ardurak, gure herritarren ardurak azken baten, hobeto ezagutzen lagunduko dauela horrek” esan dau Batzar Nagusien Bilboko egoitzaren eskaileretan.


Adierazpenotan, Batzar Nagusietako Lehendakariak goraldu egin dau gazteenek egiten daben lana, eta ekimen honen garrantzia azpimarratu gura izan dau: “Zeinuak beti dira garrantsitzuak. Zeinuek gizarteak daukazan ardurak eta kezkak erakusten dabez. Gazteenen zeinuek etorkizuna erakusten deuskue. Zeinu honi esker errazago izango dogu hurbiltzea gizarteak bizi dauen errealidade gordinera”.

“Erne eta tente!! Levántate!!” da Bilboko Elizbarrutiak kanpaina honetarako aukeratutako leloa. Madariagaren esanetan, “gizarte justuagoa bakean eraikitzeko deia da. Krisiaren ondorioei aurre egiteko konpromisoa da. Itxaropena ekarteko ahalegina da batez be. Kristau konprometidu moduan egin dozuen lana eskertu gura deutsuet.”

Informazino gehiago: http://www.bizkeliza.org/index.php?id=3202