Aurreko Albisteak

Maiatzaren 4ko Kultura eta Euskerako Batzordeko bozketak

Maiatzaren 4an Josune Ariztondo Kulturako Foru Diputatua Batzar Nagusien Kultura eta Euskerako Batzordean izan da, Gernikako antxinako ASTRA lantegiko lanei buruzko eta Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren eremuko kulturearen eta museistikaren ganeko azterlanari buruzko argibideak emoteko, alde batetik berak eskatuta eta, beste alde batetik, Bizkaiko Talde Popularrak eskatuta. Horreek gaiok aztertu ondoren, Bizkaiko Talde Popularrak aurkeztutako beste Arauz Besteko Proposamen bi eztabaidatu dira Kultura eta Euskerako Batzordean.

Evaristo de Churruca jaunaren monumentua iraunerazotea

Gai horren inguruko Arauz Besteko Proposamenean eztabaidatu da Getxoko Areetan dagoan Evaristo de Churruca jaunaren monumentua eta horren ingurua mantentzeko eta iraunerazoteko Getxoko Udalaren eta Biboko Portu Agintaritzaren arteko koordinazinoari buruz. Aldundiaren aginpidepekoa ez dan arren, Bizkaiko Talde Popularrak eskatzen eutsan “Foru Aldundiari eze, Bilboko Portu Autonomoaren Administrazino Kontseiluan dauen ordezkariaren bitartez, erabagi daitela Kontseilu horrek egin beharrekoak egitea, Getxoko Udalagazko koordinazinoan, mantenimentua, babesa eta iraunerazpen egokia emoteko Evaristo de Churrucaren monumentuari eta inguruan dituan lorategiei”. Proposamena onartu egin da Bildu, Socialistas Vascos eta Talde Popularraren botoakaz, guztira 7, eta Euzko Abertzaleak Taldearen 6 ordezkarien abstentzinoagaz.

Bizkaiko edurtegi artifizialak babestea

Batzordean eztabaidatu dan bigarren Arauz Besteko Proposamena izan da Bizkaiko edurtegi artifizialak babesteari buruz Bizkaiko Talde Popularrak aurkeztutakoa. Horren bidez eskatu gura jakon “Foru Aldundiari eze eskatu deiola Eusko Jaurlaritzari Euskal Kultura Ondareari buruzko 7/90 Legean ezarritakoaren arabera katalogatu, inbentariatu eta legez babestu dagizala Bizkaian dagozan edurtegi artifizial guztiak”. Adituen arabera, guztira 22 edurtegi dagoz zenbait udalerritan. Talde Popularrak onartu egin dau Socialistas Vascos Taldeak aurkeztutako zuzenketa-eskea, sozialistek uste dabelako udalerriek be parte behar dabela babes-lan horretan “bakotxak bere udalerrian kokatutako ondare kulturalak babestu leikezalako udal eremuko urigintza-planeamenduko baliabideen bitartez”.