Aurreko Albisteak

Bizkaiko Batzar Nagusien Iraskunde Batzordean gaur izandako bozketen emaitzak

Iraskunde Batzordea

Bizkaiko Batzar Nagusien Iraskunde Batzordean gaur, goizeko hamaiketan hasita, eztabaidatu diran gaien artean hurrengoak izan dira: Gernika-Markina eskualde egituraren Lurralde Zatiko Plana, Marokogaz izenpetu beharreko arrantza akordio barria, Barakaldoko Rontegiko egoera urbanistikoa, Udalnet webgunea eta Franco diktadoreari bere garaian emondako sariak itzultzea eskatzea. Gernika -Markina eskualde egituraren Lurralde Zatiko Plana. Lehenengo aztergaia izan da Bildu Taldeak aurkeztutako eskaria, Batzar Nagusiek eskatu deioen Foru Aldundiari bertan behera izteko Gernika-Markina eskualde egituraren Lurralde Zatiko Plana. Batzarkide-Talde horrek gura izan dau “eztabaida eta prozesu parte-hartzaile, publiko eta gardena edegitea” eta “LZP ezbardin bi egin daitezala, bata Busturialdean eta bestea Lea-Artibain." Ekimena bertan behera geratu da aurka bozkatu dabelako Batzar Nagusietako gainontzeko Taldeek (Euzko Abertzaleak taldeak, Socialistas Vascos Taldeak eta Bizkaiko Talde Popularrak). Saharako adierazpena. Jon Sánchez Batzordeburu jaunak Adierazpen bat irakurri dau, ahobatez onartu dana, eta horren bitartez, Euzko Abertzaleak taldeak proposaturik, eskatu egin jake erakunde europarrei eze Marokorekin arrantza akordio barria negoziatzen baldin bada, herrialde honek nazinoarteko legeek autortzen deutsiezan lurralde uretara mugatu dedila, eta beren-beregi kanpoan itxi dagizala Mendebaldeko Sahararen lurralde urak, horreek beste negoziaketa beten sartuko litzatekezalako. Era berean, Espainiako Gobernuari eta Europar Erakundeei eskatu jake Nazino Batuen markoan aktiboki bultzatu dagiela Mendebaldeko Sahara deskolonizatzeko konponbide “bidezko, iraunkor eta nazioarteko legeriaren araberakoa bilatzeko ekimena”. (Adierazpenaren testua eranskin lez doa). Barakaldoko Rontegiko egoera urbanistikoa. Iraskunde Batzordeak hurrengo eztabaidatu dauen ekimena izan da Bizkaiko Talde Popularrak aurkeztu dauen Arauz Besteko Proposamena, non babesa emon gura jaken Barakaldoko “Udalagan fidatu ziran ehundaka barakaldarri, arazoa konpondu beharrean, gaur egun etxebizitza barik eta epe laburrean izateko esperantza barik dagoz eta”. Horretarako, bada, Barakaldoko Udalari eskatu egin jako “zozketatutako etxebizitzen adjudikatarioei itzuli deiezala 161 etxebizitzaren erreserba moduan ordaindutakoak, eragindako kalteordain eta guzti itzuli be” eta “behingoan eta behin betiko bideratu deiela 21 familiei jabetzako etxebizitza”. Euzko Abertzaleak Taldeak zuzenketa-eskea aurkeztu dau, hain zuzen be eskatzeko etxebizitzen adjudikatarioek daukien eskubidea bermatzea, etxebizitzok erosteko aukera hori mantentzeko edo eskubide horri uko egiteko, halan baderitxe. Talde Popularrak onartu egin dau zuzenketa-eskea, eta horri esker ekimena onartu egin da. Bildu Taldea abstenidu egin da eta Sozialistas Vascos Taldeak aurka bozkatu dau. Udalnet Horren ostean, Udalnet webgunearen sarrera mugatuko datuetara sarrera askea izateari buruz Bizkaiko Talde Popularrak aurkeztutako Arauz Besteko Proposamena eztabaidatu da. Horren bidez, Aldundiari eskatu jako egin dagizala egin beharreko aldaketak herritar guztientzako sarrera askekoa izan daiten Bizkaiko udalen ganeko ekonomia eta finantzako informazinoa, gaur egun informazino hori sarrera mugatu/datu babestu moduan agertzen da-ta www.bizkaia.eus/Udalnet web-gunean. Euzko Abertzaleak Taldeak aurka bozkatu dau, eta beste Talde guztiek alde; beraz, ekimena onartu eta hor eskatu da edonork ikusteko modukoa izatea, besteak beste, kitatutako udal aurrekontuei eta udalen zerga-zamari buruzko informazinoa. Franco diktadoreari emondako sariak. Gai-zerrendako azken aztergaia, Bizkaiko Talde Popularrak aurkeztutakoa, izan da Aldundiak Estaduburutzari eta Estaduaren Ondareari eskatzeko bilatu dagiela non dagozan Bizkaiko Aldundiak Francisco Franco diktadoreari 1950. urtean eta 1962. urtean, hurrenez hurren, emondako harribitxien domina eta esmaltatutako triptikoa, eta behin non dagozan argitu ondoren, itzuli deiozala Foru Aldundiari, bere garaian emon izanaren erabagiak balio barik itxi diralako, daukien balio eta interes historiko-artistikoaren araberako erabilerea emon ahal izateko.

Lotutako artxiboak: