Kulturako Diputatu andrearen batzorderatzea, Gernikako ASTRA lantegiko lanei eta Urdaibaiko kulturearen eta museistikaren ganeko azterlanari buruz hitzegiteko
Datorren barikuan, maiatzaren 4an, Batzar Nagusietako Kultura eta Euskerako Batzordera joango da Kulturako Foru Diputatu andrea, Gernikako Udalak antxinako ASTRA lantegian —eraikin babestua da, Ricardo Bastida arkitektoarena— egin gura zituan lanak gedierazoteko Bizkaiko Foru Aldundiaren aginduaren arrazoiei buruzko argipideak emoteko. Era berean, Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren eremuko kulturearen eta museistikaren ganeko azterlanari buruzko argipideak emongo ditu Josune Aristondok.
Astra lantegiaren egoereari buruz Bizkaiko Talde Popularreko Batzarkide dan Arturo Aldecoak martiaren 29an aurkeztutako idatzian eskatu egin zan Foru Diputatu andrea batzorderatzeko, azaldu dagian zergaitik bialdu deutson Aldundiak Gernikako Udalari errekerimendu bat esanez “berehala gelditzeko antxinako Astra enpresearen lantegian egin gura diran lanak”. Aldecoa batzarkidearen idatzian esaten da antza danez “errekerimentua arazo burokratiko eta ahalmenen inguruko bati jagokola”.
Diputatu andrearen batzorderatzea goizeko 10:30etan hasiko da. Aldundiaren Kultura arduradunaren argipideak entzun eta gero, Bizkaiko Talde Popularrak aurkeztutako Arauz Besteko Proposamen bi eztabaidatuko ditue Batzarkide-Taldeek. Bata, Evaristo de Churruca jaunaren monumentua eta horren ingurua mantentzeko eta iraunerazoteko Getxoko Udalaren eta Biboko Portu Agintaritzaren arteko koordinazinoari buruzkoa da. Foru Aldundiak aginpidetik izan ez arren horretan, Aldecoa jaunak eskatzen dau Biboko Portu Agintaritzaren Administrazino Kontseiluko kide dan Foru Aldundiko ordezkariak eskatu deiola Portu Agintaritzari berea dauen eskultura hori iraunerazoteko egin beharrekoak egiteko.
Eztabaidatuko dan bigarren Arauz Besteko Proposamena Bizkaiko edurtegi artifizialak babesteari buruzkoa da. Talde Popularrak aurkeztutako ekimenean agertzen dan arrazoiketearen arabera, gura dana da “Batzar Nagusiek eskatzea Foru Aldundiari eze eskatu deiola Eusko Jaurlaritzari Euskal Kultura Ondareari buruzko 7/90 Legean ezarritakoaren arabera katalogatu, inbentariatu eta legez babestu dagizala Bizkaian dagozan edurtegi artifizial guztiak”. Guztira 22 edurtegi artifizial dagoz Bizkaian, XVI eta XIX. mendeen bitartekoak, zenbait lekutan sakabanatuta.
Ekimen horrek Socialistas Vascos Taldearen enmendakina izan dau, eskaera horretan udalak be sartu daitezan babes hori bideratzerakoan, hain zuzen be apirilaren 11n aurkeztutako enmendakin horren arrazoiketan hurrengoa dino-ta: “udal bakotxak bere udalerrian kokatutako ondare kulturalak babestu leikezalako udal eremuko urigintza-planeamenduko baliabideen bitartez.”
Batzordea amaitu orduko, beste Arauz Besteko Proposamen bat eztabaidatuko da, oraingoan Bildu Taldeak aurkeztutakoa, eskatzeko Udalekuak 2012 udaldiko kanpaina arautzen dauen araubidea barriro egin daitela, martiaren 5eko 739/2012 Foru Aginduak “ez dituelako bermatzen eta ez dituelako betetzen desgaitasundun umeek, hain gabekoen baldintza berdinetan, askatasunez eta osotasunean parte hartzeko behar dituzten baldintzak”. Arauz Besteko Proposamena martiaren 22an aurkeztu zan, eta “inklusiorantz aurrera pausuak emanez normalizazio printzipioa sendotuko duen” araudia egitea bilatzen dau.