Bizkaiko Batzar Nagusiek ez dabe onetsi Bizkaiak Burgosen daukan enklabea zedarritzeko izapideak hastea
Bizkaiko Batzar Nagusiek ez dabe onetsi gaur goizean Arturo Aldecoa Talde Mistoko batzordekideak aurkeztu dauen Arauz Besteko Proposamena, Urduñako Udalagaz batera, “Bizkaiak Burgosen daukan Cerca de Villaño izeneko enklabea zedarritzeko behar dan informazinoa eskatzeko eta leku hori bere kartografian eta bere arautegiaren eta jarduketen aplikazino eremuan sartzeko”. Ekimenak proposamena aurkeztu dauen batzordekidearen aldeko botoa baino ez dau lortu. Talde Popularra eta Podemos abstenidu egin dira eta Euskal Sozialistak, EH Bildu eta Euzko Abertzaleak taldeek kontrako botoa emon dabe Iraskunde, Gobernamentu Onerako eta Gardentasunerako Batzordean.
Talde Mistoko ordezkariak, “Burgoseko San Martín de Losa udalerrian dagon eta, XV. gizalditik, gitxienez, Urduñako uriko jurisdikzino pribadua dan lurra” aitatu dau. “Bertako biztanleek Bizkaiko Foruaren pribilegioak izan ditue beti, baina gaur egun linboan dago, eta bere mugak ez dira ezagutzen”. Aldecoak enklabearen plano topografikoa egitea eta bertako kartografia Urduñako Udaleko kartografian sartzea proponidu dau. Talde gehienek txalotu egin dabe Talde Mistoko batzordekideak enklabe horren inguruan egin dauen ikerketa lana, baina bata be ez da bere proposamenaren alde agertu. Ia guztiek azpimarratu dabe oso balio eskasa eta tamainu txikia daukala, eta gaur egun ez dala inor bertan bizi, eta baita gestino horreek kostua izango leukela eta, “ezelango gatazkarik ez dagon lekuan gatazkea sortzeko” arriskua dagola. Agerian geratu da, baita be, lurra zedarritzeko beharrak martxan dagozala, eta Foru Aldundiak ez daukala eskumenik arlo horretan, behar horreek, inplikauta dagozan erakundeen arteko akordio barik bukatzen badira. Esku-hartzeko bigarren txandan, Talde Mistoko bozeroaleak, enklabean dagozan lurren tributazinoaren kontua oraindino konpondu barik dagola azpimarratu dau, eta Jon Andoni Atutxa Euzko Abertzaleak taldeko bozeroaleak ironiaz erantzun deutso, “ez dot uste orain arte Sierra Salvadan paradisu fiskal txikirik euki dogunik”, esanez.
ZIGORRA ALDUNDIKO SU-HILTZAILE BATI
Batzordearen eguneko gai zerrendako bigarren puntua, Ibone Bengoetxea Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako foru diputatu andrea Batzordera etorteko eskariagaz egon da erlazionauta, Aldundiko suhiltzaile bati jarri jakon zigorraren inguruko azalpenak emoteko. Eskaria Neskutz Rodríguez Podemos Bizkaia taldeko batzordekideak aurkeztu dau, eta Markina-Xemeingo parkeko su-hiltzaile bati, horretarako gaituta ez egoala adierazoz norbanakoa babesteko 3. mailako ekipoaren (NBE-EPI) maniobra bat egiteari uko egin izanagaitik, 10 eguneko enplegu eta soldata zigorra jarri izanaren inguruan prentsan agertu zan albisteari buruzkoa izan da. Podemos taldeko ordezkariak adierazo dauenez, gailu barria da, eta funtzionarioak ez dau horretarako prestakuntza egokia jaso. Horrek, bere eta beste pertsona batzuen segurtasuna arriskuan jartea eragin daike, eta bere kexea agertu dau, “prebentzinozko neurriak ezarri beharrean, bere beharra behar dan moduan egiten dauena zigortzen dalako eta, aldi berean, su-hiltzaileen prestakuntza oztopatzen dalako”:
Foru Diputatua “harrituta” agertu da agerraldi horren aurrean, eta “ezelango konnotazino politikorik” ez dauen gaia dala azpimarratu dau, “funtzionario independenteek izapidetutakoa, berme guztiakaz, falta larri moduan ulertutakoa eta horregaz bat etorrita zigortutakoa, une honetan ebazpenaren zain dagona, zigorra jaso dauenak berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu dauelako”. Talde Mistoak eta EH Bilduk, zigorra jaso dauen funtzionarioaren errazoiak ondo ulertzen dituela adierazo dabe, baina gainerako taldeak Aldundiaren jarreraren alde agertu dira, ezelango konnotazino politikorik ez daukan eta administrazinoan ohikoa dan prozedurea dala esanez, eta horretan Batzar Nagusiek ez daukiela eskumenik azpimarratuz.
Batzordearen eguneko gai zerrendea, Arantza Urkaregi EH Bilduko batzordekideak, Bizkaiko Foru Aldundiak egiten dituan Administrazinoko Azpi-kontratazinoetan gizarte, lan eta ingurumen arloetako arautegia beteten ete dan galdetuz Ibone Bengoetxeari egin deutsan erantzun-eskeagaz osatu da. 2017ko zemendian, foru erakundeak arreta goiztiarreko zerbitzu publikoen prestazinorako kontzertuaren zerbitzu publikoen kudeaketa kontratua esleitu eban, eta erantzun-eskea, zerbitzu bera eskintzen daben pertsonen arteko lan baldintzatan eta soldatatan diskriminazinorik ez egotearen bermearen gainekoa izan da, kontuan izanda aplikauko jakezan hitzarmen kolektiboak desbardinak izango dirala.
Foru Diputatua pozik agertu da Urkaregi batzordekideak erakutsi dauen ardureagaz, baina, azaldu dauenez, Bizkaiko Aldundiak berak gauza bera adierazoz sartu eban klausulak Estaduko Abogadutzaren errekurtsoa jaso eban, eta epaitegiek indar barik itzi eben. Hori dala eta, une honetan indarrean dagon arautegiak legezko agindua beteten dau, eta Foru Erakundeak ez dauka ezer egiterik horren inguruan. Bengoetxeak azaldu dauenez, alkarren arteko gogoeta prozesua jarri da martxan sindikatuakaz, eta urte honetako martian beste lege bat sartuko dala indarrean aurreratu dau. “Soldata guztiak bardinak izatea bermatzen ez dauen arren, gitxienez soldaten zorua ezarteko aukera emoten dau”.