Aurreko Albisteak

Ana Madariaga Gernikako bonbaketearen 75. urteurrenaren oroitzarrean.

Ikuskizunean

Gernikako Azokaren enparantzan apirilaren 20an, barikuan, bonbaketearen 75. urteurrenaren oroitzarrea egin eban Bizkaiko Foru Aldundiak. Bertan izan zan Ana Madariaga Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehendakaria. Egin eban hitzaldian itxaropenerako mezua igorri eban, ekitaldian ikusi zan "Zerutik sua dator" izeneko dokumentalaren izenburuagaz berba-jokoa egin, Euskadik bizi dauen une politikoa aintzat hartu eta“bakea dator” esaldia plazaratuz.

Foru uribilduan egin zan ikuskizunean musikea, dantza eta pinturea buztartu ziran litografia eta artxiboko irudien bitartez. “Zerutik sua dator” dokumentalaren zatiak tartekatu eta Gernikak eta Bizkaiko beste herri askok jasandako bonbaketen tragedia gomutatu zan. Dokumental hori artean be ikusteko aukerea izan zan Gernikako Batzarretxean, hain zuzen be Condor Leginoaren bonbaketatik salbu geratu zan eraikin bakarrenetariko baten.

Gernikako Azokaren eraikinean egindako oroitzarreak izaera parte hartzailea izan eban; izan be bonbaketea bera be astelehenetako azoka egunean jazo zan —askok dinoen moduan, kasualidadez ez behintzat—, ze hegazkin naziek Gernika “birrintzeko” egun berezia aukeratu eben, hain zuzen be baserritarrek etxeko ortuariak-eta saltzeko eben azoka-eguna.

Pertsona hareek 75 urte dirala jasandako tragedia haren oroitzarrea egin zan emozinoz eta sinbolismoz beteriko ospakizunean. Bizkaitar guztiei zabalik egon zan ospakizunak ordu bete iraun eban, eta bertan aldarrikapen ozena entzun zan: “gogoratu, inoiz barriro jazo ez daiten”.