Ogasun eta Finantzetako Foru Diputatuak neurri fiskalen gaineko Foru Arau Proiektu barria aurkeztu dau Batzar Nagusien aurrean
José María Iruarrizaga Ogasun eta Finantzetako Foru Diputatuak, joan dan urtarrilaren 30ean foru gobernuak onetsi eban zerga neurrien eta inbertsino funtsen gaineko Foru Arau Proiektua aurkeztu dau gaur goizean Bizkaiko Batzar Nagusietako Ekonomia eta Ogasuneko Batzordearen aurrean. Holan emon jako hasierea hainbat neurri fiskal Batzarretan izapidetzeko prozesuari. Iruarrizagak adierazo dauenez, bere helburuen artean “ekintzailetzea eta enpresa gehiagoren ezarpena sustatzea, koalifikazino maila handiko beharginak erakartea, elusino fiskalaren kontra burruketea eta diru-bilketarako gaitasunari eustea” dagoz.
Ogasuneko foru arduradunaren agerraldia, Batzarretako Podemos Bizkaia eta EH Bildu taldeen agerraldi eskariak dirala eta egin da. Talde biek araudi barri horren eraginaren gaineko informazinoa eskatu dabe, Europa mailako inbertsino funts barrien tratamenduan eragina daukalako eta aldaketak sartzen ditualako zerga garrantzitsuenetan: Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko zergan, Ondarearen gainekoan, Soziedadeen gaineko Zergan, Ondare Transmisinokoan, Ondorengotzen eta Dohaintzen zergan eta kooperatiben araubide fiskalean, besteak beste.
Batzarretako taldeen aurrean izan dauen esku-hartzean, “proponidu diran zerga neurri barrien helburua, horreetako batzuk barritzaileak, 2013an bultzau genduan erreforma fiskalaren betete mailea hobetzea eta politika fiskal zuzenagoa, progresiboagoa eta eraginkorra lortzea dala” azaldu dau José María Iruarrizagak. Erreforma hori, Aldundiko gobernua eusten daben alderdi biek, EAJ-PNVk eta PSEk, adostu eben, eta Alderdi Popularrak be bat egin eban eurakaz.
Foru Arau Proiektuak alde bi ditu: lehenengoan, Europa 2020 Estrategiaren (EBko hazkunderako eta enplegurako agendea) barruan barrikuntzea eta enpresen finantzaketea bultzatzera zuzendutako Europako funts jakin batzuen zerga aldeko tratamendua ezarten da; bigarrenak hainbat zergaren gaineko neurri zehatzak ezarten ditu eta Bizkaiko Lurralde Historikoko Zergen Foru Arau Orokorra aldatzen dau.
Foru Ogasuneko arduradunak azaldu dituan aldaketa azpimarragarrienen artean, Soziedadeen Zergaren tipo nominalaren murrizketea dago (gaur egungo %28tik %26ra 2018an eta %24ra 2019an pasauko da, eta %24tik %22ra eta %20ra mikro-enpresen kasuan). Pertsona fisikoen arloan, ekintzailetzarako jarduerea bultzatuko daben neurriak proponiduten dira, kenkariak sartuz mikro-enpresetan eta enpresa txiki eta ertainetan egin behar diran inbertsinoetarako, baina, gainera, etxebizitzaren alokairuarengaitik ezarten diran kenkariak handitu egingo dira 30 urtetik beherakoen kasuan, %25etik %30era pasatuz.
BATZARRETAKO TALDEEN ERETXIA
Agerraldia eskatu daben talde bien izenean, Asun Merinero batzordekideak azpimarratu egin dau politika fiskalaren helburua aberastasuna hobeto banatzea izan behar dala, eta proponidutako neurrien parte handi bat “zerga arloko partxea” baino ez dala esan dau. Preminazko prozedurea erabilita hartu izana kritikau dau, “Batzarretako eztabaidea mugatu egiten dauelako”. Arantza Urkaregi EH Bilduko bozeroaleari jagokonez, proponidutako erreformeagaz batera aurkeztu dan Txosten Ekonomikoaren aurreikuspen batzuk “ipingi” bat baino ez dirala adierazo dau, eta neurri horreetako askok diru-bilketaren murrizketea ekarriko dabela gehitu dau. Aurreratu dauenez, bere taldea ez dator bat zergen erreformaren joera horregaz. Hori dala eta, zuzenketa-eskeak aurkeztuko ditu Batzarretan izapidetuko dan epealdian.
Oposizinoko gainerako taldeen aldetik, Javier Ruiz Talde Popularreko bozeroaleak, hobea dan agertoki ekonomikoaren aurrean neurri fiskal gehiago hartu beharra azpimarratu dau, aurreko erreformea krisi eta atzeraldi testuingururako egoalako pentsauta, eta pozik agertu da, Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek adostasuna lortzeko erakutsi daben jarrerea dala eta. Talde Mistoko Arturo Aldecoak, bere aldetik, hiru taldeen arteko akordio zabala albiste ona dala adierazo dau, eta Batzarretako gehiengoak onartu ahal izango dituan zuzenketa-eskeen bitartez laguntzeko prest dagola iragarri dau.
Euskal Sozialistak taldeko Ekain Rico eta Euzko Abertzaleak taldeko Jesús Lekerikabeaskoa, proponidutako erreformearen alde agertu dira, Bizkaian Ongizate Egoereari eta zerbitzu publikoei eusteko aurrera-pausua izango dala adierazoz, eta, Bizkaiko Batzar Nagusietako Osokoaren aurrean behin betiko aurkeztu aurretik, aurkezpenagaz eta Batzordean zuzenketa-eskeak eztabaidatuz orain hasi behar dan erreformaren izaera “jasangarria eta inklusiboa” azpimarratu ditu.