Aurreko Albisteak

Batzar Nagusiek 390.000 €-ko igoerea eroango dabe Osokora Enplegu, Gizarteratze eta Berdintasun Sailaren aurrekontuan

Enplegu, Gizarteratze eta Berdintasun Sailaren

Bizkaiko Batzar Nagusiek Lurralde Historikoko 2018ko Aurrekontu Orokorrak eztabaidatzeko hirugarren jardunaldia hasi dabe gaur goizean. Batzarretako taldeek 104 zuzenketa-eske partzial aurkeztu ditue Enplegu, Gizarteratze eta Berdintasun Sailaren aurrekontuaren aurrean. Zuzenketa-eske gehien jaso dituan saila dala azpimarratu behar da. Ekonomia eta Ogasuneko Batzordeak, 390.000 euroko balioa daben lau zuzenketa-eske partzial onetsi ditu.

Euzko Abertzaleak (EAb) eta Euskal Sozialistak (SV) taldeek hiru aldaketa eskari aurkeztu ditue: alde batetik, Gizakia erakundean genero ikuspegia bultzatzeko; bestetik, Anezka eta Enlazar programen lana sustetako; eta, azkenik, gazteen ekintzailetzarako sarea sortzeko. Lehenengo zuzenketa-eskean, Foru Gobernua eusten daben talde biek Talde Popularraren eta Talde Mistoaren aldeko botoak be jaso ditue, eta gainerako biak talde guztien aho bateko adostasunez onetsi dira.

Beste alde batetik, eta atzo gertatu zan moduan, Batzarretako EAb eta SV taldeek oposizinoak aurkeztu dauen zuzenketa-eske bat transakzionau dabe. Oraingo honetan Talde Popularraren proposamena izan da, enplegu lantzaderetara zuzendutako inbertsinoa handitzeko, 50.000 euroko zuzkidura ekonomikoagaz.

Beraz, Teresa Laespada sozialista buru dan sailak 53 milioi eurokoa izango dan aurrekontua aurkeztuko dau azkenean datorren abenduaren 28an Gernikan egingo dan Osokoan, igazko kopurua baino %2,4 gehiago. Gastu aurreikuspen hori, sail guztien aurrekontu osoaren %4,4koa da. Orain arte gertau dan moduan, eztabaidea amaitzean, oposizinoko talde guztiek Gernikako Osokorako erreserbau ditue euren zuzenketa-eske partzialak.