Aurreko Albisteak

Eguneko 3.500 bisitatik gora sartzen dira webgune honetara

Webgunearen hasierako orria

Batzar Nagusiak gero eta erakargarriagoak dira herritarrentzat. Hori ondorioeztatu leiteke, behintzat, webgune honetara sartzen diran bisiten estadistikatik. Erakunde honen webgune ofizialak ia 1,3 milioi sarrera izan zituan igaz, zehatz esanda 1.288.969 sarrera, eta horrek eguneko 3.500 bisitatik gora emoten dau.

Berehalakotasunak, eten bako gaurkotzeak eta legebatzar ekimenak eta dokumentazinoa ezagutu gura izateak bihurtu dabe Bizkaiko Batzar Nagusien webgunea erreferentziako leku Bizkaian. “jjggbizkaia.eus” webguneak bataz beste 3.531 sarrera izan zituan eguneko, eta horreei gehitu egin behar jakez Batzar Nagusietako kideek barrutik egindako 364 konexinoak eguneko.

Datuok argi izten dabe Lurraldeko webgunerik bisitatuenetakoa dala. Webgunea 2007ko otsailean barriztatu zanetik gorantz joan da eten barik sarreren kopurua, nahiz eta 2011. urtean baldintzatuta egon Batzar Nagusietarako eta udaletarako hauteskundeak zirala-ta erakundearen jarduerak behera egin ebalako lau hilabetez.

Teknologi barriei esker, “www.jjggbizkaia.eus” webguneak bilaketa sistema erraza eskaintzen dau, bai askea bai gaikakoa, eta informazino zabala aurkitu leiteke bertan, beti be Bizkaiko legebatzarraren jarduereari buruzkoa. Dana geratzen da erregistratuta, erakunde honetako Batzarkide-Taldeek eta Lehendakaritzak sortutako jarduerearen inguruko edozein informazino modurik erosoenean bilatu ahal izan dagien herritarrek.

Webguneak eskaitzen dituan aukeren artean Gernikako Batzarretxean egiten diran Batzar Nagusien Osoko Batzarrak zuzenean ikustea dago. Baliabide horri esker, 31.000 pertsona baino gehiagok zuzenean edo modu diferiduan osoko batzarretako eztabaidak jarraitzeko aukerea izan eben 2011. urtean, baliabide hori barik ezinezkoa izango zana. Dana dala, atalik bisitatuenak hurrengoak izan ziran: “Foru Araudia” 49.969 sarreragaz, “Legebatzar-ekimenak” 60.839 sarreragaz eta “Aldizkari Ofizialak” 67.693 sarreragaz.