Aurreko Albisteak

"SUSTRAI ERREAK-2. Guernica 1937" liburuaren aurkezpena Batzarretxean

Gernikako Batzarretxea, nazien bonbardaketatik libratu zan uribilduko eraikin gitxienetako bat, literatura-babesleku bihurtu da gaur eguerdian “SUSTRAI ERREAK-2. Guernica 1937” liburuaren aurkezpenean. Argitalpena Gernika Zaharra alkarteak eta Aldaba aldizkariak bultzatu dabe, eta orain 75 urte Gernika suntsitu eban bonbardaketearen aurreko eta osteko egunetan gertatutako guztia zehatz-mehatz ezagutzeko oinarri-oinarrizkoa da.

Liburuaren aurkezpen-ekitaldiaren hasieran Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehendakariak, Ana Madariaga andreak, esan dau liburuaren oraingo argitalpen hobetua eta hedatua —Gernikako bonbardaketearen 50. urteurrenean argitaratu zan lehenengoz— “amnesiaren aurkako txertoa dala. Oraindik orain, oroimena berreskuratzen lagunduko deuskuen ekimenak bultzatu beharra dago, gertatutakoaren egia gaurko belaunaldiei hurbilduko deutsien ikerketak behar dirala eta indarkeria anker eta antzuaren aurrean bakezaletasuna hedatzeko hau lako proiektuak behar dirala.”

Horretara, bada, emon deutso hasiera Madariaga andreak Batzarretxeko leiarpeko aretoan egin dan ekitaldiari. Bertara hurreratu dira liburuaren bultzatzaileak eta egileak, bonbarda¬ke¬tearen lekukoak eta argitalpena finantzatu daben erakundeetako ordezkariak, besteak beste Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailburuordea, Antonio Rivera jauna, Kulturako Foru Diputatua, Josune Ariztondo andrea, edo Gernikako Alkatea, José María Gorroño jauna.

Liburuan Gernikako bonbardaketearen inguruko ikerlan zabala jasoten da, 1937ko apirilaren 26an gertatutako bonbardaketearen 75. urteurrena dala-ta antolatutako ekintzen barruan Aldaba aldizkariaren zuzendaritzak eta Gernikazarra historialari taldeak egindakoa. Argitalpenean erakunde biotakoak parte hartu dabe: José Ángel Echaniz, Teo Gandarias, Jabi Yarza, Javier Urrutia, Alberto Zarrabeitia, Alberto Iturriarte, Juan Antonio Carballo eta Vicente Del Palacio.

Zortzi kapitulu daukaz liburuak, orduko gertakizunen gorabeherak eta ondorioak ikertzetik ateratakoak. Gainera, lekukotza asko be batzen dira bertan (Steer, Labauria, Onaindia, Elosegi, bizirik atara ziran herritarrak…), eta alemaniarren eta italiarren hegazkinek izandako parte hartzea zelangoa izan zan kontaten deuskue egileek, baita zenbat hildako izan ziran eta nortzuk ziran be. Gauza guztiz barria da hori Gernikako bonbardaketeari buruz gaur arte egindako azterlanen eta ikerlanen artean.

Laguntzaile garrantzitsuak izan ditue liburuaren egileek, esaterako Jesús Mari Lazkano margolaria, berak egin dau-eta liburuaren azala eta liburuari amaiera emoten deutsan barruko laminea, Julen Munitis, grafikoak eta antxinako argazkietatik abiatuta Gernikaren irudikapen koloretsua egin dituana, eta Marian Rosco, lan guztiak koordinatzeko lanetan aritu dana. Argitalpenaren finantziazinoaz Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia, Gernika-Lumoko Udala eta BBK Fundazinoa arduratu dira.

Lotutako artxiboak: