Aurreko Albisteak

Gerediaga-Elorrio autobidea Aldundiak egin eban hasierako trafiko aurreikuspenetik "oso gertu" dago

Bizkaiko Batzar Nagusiak

Aldundiak, 2016ko abuztuan zabaldu zan Gerediaga-Elorrio autobideko trafikoaren gaineko azkenengo datuak azaldu ditu gaur Bizkaiko Batzar Nagusietan. Imanol Pradales Ekonomiaren eta Lurraldearen Garapenerako diputatuaren berbetan, errepidea bere sailak egin ebazan hasierako aurreikuspenetatik “oso gertu” dago. Lehenengo aurreikuspen hareetan “egunero 12.000 ibilgailu” aitatzen ziran, lanegunetan. Aldundiko arduradunaren eretxiz, balorazinoa “oso positiboa” da. Autobideak iragarritako “kurutzaldi abiadurea” lortu dau, eta urteak aurrera egin ahala gero eta ibilgailu gehiagok erabilten dabe.

Pradalesek zehaztu dauenez, joan diran irailean eta urrian, 6,4 kilometro dituan autobide horretatik “11.500” ibilgailu igaro ziran. Dana dala, esan behar da maiatzean eta bagilean errepideak 12.000 ibilgailu baino gehiago jaso ebazala. Zenbaki horreek ikusita, egiaztau daiteke errepide azpiegiturak joan-etorri guztien “%50” deskargau dauela, eta ibilgailu astunen “%75”. Autobidetik “1.780 kamioi” igaroten dira egunero batez beste –lanegunetan–, eta hasieran ezarri zan helburua "1.800ekoa" izan zan.

Pradales baikor agertu da autobidearen epe laburreko etorkizunagaz, bere sailak esku artean dituan adierazleek erakusten dabenez, trafikoak gora egingo dau, lurraldea biziten ari dan hobekuntza ekonomikoagaz paraleloan.

Datuen kontra “ezin daiteke ezer esan”, erantzun deutso Zigor Isuskiza EH Bildu batzordekideak, eta “pozik agertu da” autobideak istripu kopurua murrizteko eta pilaketak saihesteko balio dauelako, baina, bere eretxiz “hobekuntzarako neurriak hartu beharko litzatekez, Atxondoko urteeran, besteak beste”. Dana dala, Batzarretako bere taldea “arduratuta dago” aukeratutako finantzaketa ereduarengaitik, epeka ordainduko dalako 2042. urtera arte, erabileraren arabera. Eredu hori, Bizkaiko Batzar Nagusietan egingo dan Errepideen LSParen ponentzian “balorau beharreko puntua izango da”.

Horrela, Pradalesek, Bizkaiko Batzarretan onetsi zan “erabileragarritasunarengaitiko ordainketea” aitatu dau, hori dalako errepide hori finantzetako eredua. Argitu dauenez, koalizino abertzaleak ez leuke gehieneko prezioa begiratu behar, urte bakotxeko likidazinoa baino. Holan, diputatuak adierazo dauenez, 2016. Urtea “16,6 milioi” euroren ordainketagaz itxi da, hasierako aurreikuspena “24,23 milioikoa” izan zanean.

LEZAMAKO BIDEGORRIRAKO LURRA LAGATZEA

Beste alde batetik, eta EH Bilduren galderei erantzunez, baita be, Imanol Pradalesek Lezamako trenbide zaharreko bidegorriaren proiektuaren egoerea aitatu dau. Proiektu horren kostua “4,5 milioi eurotan” balorau zan 2013an, “plangintzarako eta eraikuntzaren bideragarritasunerako plan bat” egin osteko lehenengo kalkuluek erakusten ebenez. Kopuru horren %40 tunelari jagoko. Diputatuak adierazo dau Aldundiak lurrengaitiko interesa erakutsi dauela, eta Gobernu Zentralari lur horreek lagateko eskatu deutsola. Hainbat erantzunetan (2016ko maiatzean eta 2017ko urrian), Estaduko Ogasunak, trenbideko plataforma zaharraren jaubeak, “jaubetzaren mugak ezarteko prozedura fisikoa eta juridikoa amaitzearen zain dagola” erantzun dau.

Pradalesek gogoratuarazo dau proiektu hori Bizkaiko Txirrindularitza Plan Zuzendarian eta Bilboko Udaleko txirrindularientzako bideen planean jasoten dala. Batzar Nagusiek arauz besteko proposamen bat onetsi eben 2013ko martian, Aldundiari agindua emonez, “egin beharreko gestinoak” egin eizala, eragindako udalakaz lankidetzan, Gobernu zentralaren esku egozan lurrak eskuratzeko.

ARAUZ BESTEKO PROPOSAMENAK

Beste alde batetik, batzordea, arauz besteko proposamen biren eztabaidagaz eta bozketagaz amaitu da. Talde Mistoak, “Tronuen Jokoa serieko agertokiak turismoaren, ekonomiaren eta hedabideen aldetik balioan jarteko aukera aztertzeko” eskatu deutso Aldundiari. Ekimenak aurrera egin dau, Foru Gobernua eusten daben talde biak –EAJ-PNV eta PSE-EE- alde agertu diralako. Talde horreek adierazo dabenez, proposamena bat dator Lurraldeko gobernuak Gaztelugatxerako Jarduketa eta Gestino Plan Integralaren barruan jasoten dituan helburuetako bategaz, hau da, “zineagaz erlazionautako turismoaren ildo bat bultzatzea”, Irene Edesa jeltzaleak gogoratuarazo dauenez. Batzarretako gainerako taldeak abstenidu egin dira. EH Bildu eta Podemos Bizkaia taldeek leku horretan ingurumenagaz eta kulturagaz erlazionauta dagozan eta larregizko turismotik zaindu behar diran balioak dagozala aitatu dabe.

Beste alde batetik, Podemos Bizkaia taldeak, arauz besteko beste proposamen batean, Bizkaiko Energia trantsizinorako Mahaia eratzeko eskaria zuzendu deutso Aldundiari. Idea ez da onartu, EH Bilduren aldeko botoak baino ez ditualako jaso. EAJ-PNV, PSE-EE, PP eta Talde Mistoak kontrako botoa emon dabe, euren eretxiz Batzar Nagusiak ez diralako gai hori lantzeko “foro egokia”.