Aurreko Albisteak

Txakolina aldarrikatzeko topaldia

Batzarraren  irudia

Ordezkari politikoak eta Izendapena Arautzeko Kontseiluko kideak batzarrean.

Bizkaiko Batzar Nagusietako Talde politikoen ordezkariek, Ana Madariaga Lehendakaria buru dala, batzarra izan dabe martiaren 19an “Bizkaiko Txakolina” Jatorrizko Izendapena Arautzeko Kontseiluko kideakaz. Batzarraren helburuak bi izan dira, batetik txakolingintzaren sektorearen barri emotea eta, bestetik, Bizkaiko produktu horren defentsa bateratua bultzatzea.


Topaldian zehar, ordezkari politikoek informazino zehatza jaso eben sektoreak gaur egun bizi dauen egoereaz eta Izendapena Arautzeko Kontseilukoek aurrera begira daben asmoez. Ordu biko bilera horretan landu ziran arazoen artean egon ziran Kontseiluak dauen plan estrategikoa Izendapen barruko upategiek eginiko ardaoen benetakotasuna babesteko eta zaintzeko, produkzino erratioak hobatzeko asmoak edo etorkizunari begira dagozan ekimenak, besteak beste.


Bizkaiko Txakolina alkartearen presidenteak, Elena Unzueta andreak, iragarri eban eze “txakolin” izena defendatzeko atondutako testu bat bialduko dabela Batzar Nagusietako Nekazaritza Batzordera, horren inguruan Bizkaiko ordezkari politiko guztien adostasuna lortzearren.

Batzar Nagusietako Lehendakari andreak erronkea onartu eta hurrengoak esan zituan: “Bizkaia zorretan dago txakolinagaz eta zor hori lehen bait lehen kitatu behar da. Gure Lurraldea izan zan bakarra aurreko legegintzaldian txakolin izena babesteko arauz besteko proposamena onartu ez ebana. Konpromisoa hartzen dot txakolinaren ganeko proposamena Osoko Batzarrera eroango dogula maiatz-ekain bitartean, ea lortzen dogun ahobatez adostea txakolinaren aldeko testua. Txakolina ardaoa baino gehiago da; gure Lurraldearen ikurra da eta zentzunbakokeria da horren alde ez egitea.”

Batzarra amaitzeko, Patxi Zabala sumillerrak zuzenduriko kata-dastaketea egin zan. Dastatu ahal izan ziran hiru ardaoen usainak kolorez eta zaporez beterik itxi eban bilerea; bilera positiboa eta emankorra bertaratu ziranen hitzetan, txakolina aldarrikatzeko topaldi bihurtu zan eta.