Aurreko Albisteak

Batzar Nagusiek Zierbena eta Bilbo arteko bidegorri bat bultzatzearen aldeko apostua egin dabe

Bizkaiko Batzar Nagusiak

Bizkaiko Batzar Nagusiak, Ezkerraldean beste bidegorri bat aurrera eroateko aukerea “aztertzearen eta bultzatzearen” alde agertu dira gaur. Bidegorriak, Zierbenetik urtenda, Santurtzi, Portugalete, Sestao eta Barakaldo zehartuko leukez, Bilbogaz lotzeko, “ahal dan neurrian itsasadarragaz paraleloan”. EH Bilduren arauz besteko proposamenaren eztabaidan, Batzarretako talde guztiak ados agertu dira, Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek aurkeztu daben zuzenketa-eskearen eukiagaz. Koalizino abertzaleak onetsi dau zuzenketa-eske hori.

Jeltzaleen eta sozialisten zuzenketa-eskeak “eskaria egiten deutso” Aldundiari, txosten bat egin daian, inplikautako udalen partaidetzeagaz. Txosten horrek, inplikautako Udalen parte-hartzeagaz, bidegorri barria Txirrindularitzako Plan Zuzendarian eta horren ostean Txirrindularientzako Bideen Lurraldeko Sektore Planean sartzeko aukerea aztertu beharko dau. Azterketa horretan, hori egitearen, eta mantentze eta kontserbazino lanen ondorioz sortuko diran kostuak “identifikau” beharko dira, Udalek proiektuan izango daben inplikazinoa erabagi ahal deien.

Egileek adierazo dabenez, Bizkaiko Batzarretako Ekonomiaren Garapen eta Lurralde batzordean gaur goizean aho batez onetsi dan ekimenak, Ezkerraldeko udal guztiek euren osokoetan, EAJ-PNV, PSE-EE eta EH Bildu taldeen ekimenez, onetsi daben “gogoetea” jasoten dau.

PRADALESEN AGERRALDIA

Batzorde berean, Imanol Pradales Ekonomiaren eta Lurraldearen Garapenerako foru diputatuak agerraldia egin dau, oposizinoko taldeen eskariz, esleipena lortu dauen enpreseagaz Meaztegi Golfak gaur egun bizi dauen egoerearen eta turismorako Bilbao Bizkaia Card txartela martxan jartearen inguruko informazinoa emoteko. Batzarretako taldeek, Edesa, CEL, GEE edo La Naval moduko enpresa “bultzagileen” egoerea ikusita, Aldundiak industriaren arloan hartuko dituan neurrien barri emoteko be eskatu dabe.

Zugaztietan dagon golf zelai publikoari jagokonez, Azpiegiturak erakundea lehiaketa biak Global Golf Norte S.L. enpresari esleitzera eroan eben zergaitiak azaldu ditu Pradalesek. Lehiaketa biak, alde batetik hurrengo urte bietan azpiegitura horretan dagozan kafetegia eta jatetxea aurrera eroatea, eta bestetik 2021eko abenduaren 31ra arte kirol instalazinoak ustietea, kudeaketea eta mantentze-lanak gauzatzea jasoten dabe. Sektorean “20 urteko esperientzia daukan” enpresea da, eta “20 golf zelai baino gehiago” kudeetan ditu Espainiako Estaduan.

Pradalesek esan dauenez, lehiaketa biak irabazi dituan enpresa joan dan garagarrilaren 1ean hasi zan beharrean. Enpresa horrek eskintza “benetan interesgarria” aurkeztu eban, lau puntu gauzatzean oinarritutakoa: eskinitako zerbitzuaren hobekuntzea; kirol dinamizazinoa; lan pedagokigoa; eta merkataritza planaren garapena.

Bere esku hartzean, enpresak “bost urterako” plan estrategikoa eta epe laburreko plan operatiboa egiteko konpromisoa agertu dauela zehaztu dau Pradalesek. Azpiegituraren organigrama funtzionalak norabide bikotxa aurreikusten dau: bat kirolagaz eta merkataritzagaz erlazionautakoa, eta bestea instalazinoen mantentze-lanakaz lotutakoa. Horrez gain, enpresak konpromisoa erakutsi dau bere jardueraren kontrol sistemea indarrean jarteko, “egunero bere jardueraren barri emonez, astero bilerak eginez Azpiegiturak erakundeko arduradunakaz, eta hilero txosten bat aurkeztuz”.

Alderdi dinamizatzailean, enpresak golf zirkuituak antolatuko ditu, kirol federazinoakaz, enpresakaz eta babesleakaz izan beharreko hartu-emonak handituko ditu, eta Bilbogaz aireko konexinoak dituen lekuetako beste klub batzuekaz egitarau espezifikoa jarriko dau martxan, beste gauza batzuen artean.

Horrez gain, alderdi pedagogikoan, Meaztegi Golfek zelaia sustauko dau eskualdeko ikastetxeetan, udako campusak eskiniko ditu, gazteei zuzendutako txapelketa sortuko dau eta hastapeneko ikastaroak antolatuko ditu. Egingo diran lehenengo lanen artean, daborduko 5 eta 15 urte arteko “41” ikasle dituan golf akademia sortzea dago.

Merkataritzagaz erlazionautako atalari jagokonez, marketin jarduerak, sare sozialen erabilerea eta kirol azoketara joatea jasoten ditu. Ostalaritzagaz erlazionautako eskintzari jagokonez, esleipenak eskaintza gastronomiko “diferentziala” jarri dau mahai gainean, Pradalesek adierazo dauenez, eta kafetegiko ordutegia luzatu egin dau (goizeko 07:00etatik gaueko 21:00etara).

Pradales pozik agertu da, lehenengo hilebete bietako datuek “ezarritakoa beteten ari dala” baieztetan dabelako. Garagarrilean eta abuztuan abonuen kopurua “%4” handitu da, eta aurreko urteko hilebete berean izandako urteera kopurua ugaritu egin da. Guztira "6.800" egon ziran. Udako egun batzuetan “180 jokalari” erregistrau ziran. Abuztuan bakarrik, urteeren “%14,4” gure lurraldetik kanpokoak izan dira. Enpresa barriak “11 txapelketa” antolatu ditu daborduko, aurrekoaren lekukoa hartu ebanetik, eta “beste sei” urrian egingo dira.

Beste alde batetik, eta PPk galdetuta, Pradalesek baieztu egin dau Azpiegiturak erakundeak bere eskubideak gauzatu dituala, esleipena eukan aurreko enpresak diru-kopuru bat itzuli daian –ez dau zenbat dan zehaztu– kontratuak ez beteteagaitik, kontratua eukan enpresak berme moduan jarri eban kopurua erabiliz. Neurria geldik dago, enpresak horren kontrako helegitea aurkeztu dauelako epaitegien aurrean, diputatuak berak baieztu dauenez.

BILBAO BIZKAIA CARD, "URRIAN"

Beste agerraldi batean, Bilbao Bizkaia Card txartela “datorren urriaren bukaeran operatibo eta salgai” egon daitekela adierazo dau Pradalesek. Hasiera batean, garagarrilean jarriko zala martxan iragarri eban Aldundiak, baina “alderdi teknikoak eta operatiboak” dirala eta, Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak atzeratu behar izan dabe bisitariei dendetan, turismo enpresetan, museoetan eta garraio publikoan beherapenak eskintzen deutsezan txartelaren urteerea.

Diputatuak azaldu dauenez, udan, Bilbao Ekintzak, txartela martxan jartea agindu jakon Bilboko Udalaren enpresak, gaiztasunak aurkitu ebazan “inplikautako 168 eragileen” on ikusia lortzeko, une horretan “bezeroari arretea eskintzeko lanetan egozalako”. Oraindino bete barik dagozan egitekoen artean, Pradalesek web plataforma bat martxan jartea be aitatu dau, txartela saltzeko eta, ostean, turismo bulegoetan jaso ahal izateko. Udal erakundeak beste "software" bat diseinau behar izan dau, teknikarien eretxiz aurrekoa “ez zalako egokiena”.

EGOERA GAITZEAN DAGOZAN INDUSTRIA ARLOKO ENPRESAK

EH Bilduk egindako hainbat galderari erantzunez, Pradalesek jakinarazo dau CEL eta GEE enpresek ez ebela “euro bakar bat” jaso Aldunditik, eta Edesak “188 euro” baino ez, 2007 eta 2013 urteen artean beharginen artean euskerea bultzatzeko. Koalizino abertzaleak datu hori eskatu deutso, enpresa horreek laguntzak itzuli behar ete dituen jakiteko, deslokalizazinoen inguruko foru arauan xedatutakoa kontuan izanda.

Konkurtso prozesuan murgilduta dagon Enkarterriko CEL enpresaren egoerari jagokonez, Pradales “baikor” agertu da. “Gure aurreikuspenak beteten badira, urriaren erdialde inguruan konponbide bat eukiko dogu mahai gainean”, esan dau. Antza, “lau industria taldek” Enkarterrin dagon enpresaren inguruko interesa erakutsi dabe. Bere eretxiz, lehentasuna emon behar jako “ahalik eta lanpostu gehien” eusteko balio izango dauen eta “epe ertainean eta luzean sendoa, iraunkorra eta bideragarria izango dan” industria planari.