Aurreko Albisteak

Aldundiak Habidite kasuaren azkenengo epaia onartuko dau eta "entzunaldia" eskiniko deutso Jabyer Fernándezi

Bizkaiko Batzar Nagusiak

Bizkaiko Foru Aldundiko Gobernu Kontseiluak, Habiditegaz egoan kontratua baliobakotzeko 2009an Aldundiak hartu eban erabagiaren kontra Epaitegi Gorenak orain denpora gitxi emon dauen epaia onartzea erabagi dau. Ibone Bengoetxea Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako foru diputatu andreak Bizkaiko Batzar Nagusien aurrean autortu dauenez, garai haretan “ez-egitea gertau zan betebeharren tramitean”, eta horrek “babes falta” eragin eban Jabyer Fernándezengan. Hori dala eta, epaitegiak emondako epaia bete egingo da. “Entzunaldia emongo deutsagu interesauari”, “pertsona fisikoa edo juridikoa” bada be, Aldundiaren eta Habiditeren artean sinatutako hitzarmenak beteteari jagokonez dauen jarrerea defendidu daian.

Bengoetxeak azpimarratu dauenez, Epaitegi Gorenaren epaia “ez da gaiaren funtsean sartzen, formetan geratzen da”. Eta segurtatu dauenez, momentuz behintzat, egungo gobernu taldeak ez dau pausu gehiagorik emongo, Zurrako kartzelan (Zaragoza) preso dagon negozio gizonak esan beharrekoa entzun arte. “Ez dot gertatu daitekenaren inguruko ezer aurreratuko”, baina “gaur egun argi eta garbi dagon gauza bakarra, Aldundiak ez dauela ezelango kalte ekonomikorik jasan da”. Diputatu andreak azpimarratu dauenez, Epaitegi Gorenaren epaiak “hobetu” egiten dau Aldundiaren helegitea jaso eban Euskadiko Justizia Epaitegi Gorenaren epaiak esaten ebana, Aldundiak ez ditualako epaiketa prozesuko “kostuak ordaindu behar”.

Unai Rementeria Ahaldun Nagusiaren agerraldia eskatu eban oposizinoak kritikau egin dau Aldundiak Habidite kasuan izan dauen jarrerea. EH Bildu, Podemos eta PP taldeek euren bildurra erakutsi dabe, epaiak kutxa publikoetan ondorioak izan ete daitekezan. Fernándezek “8 milioi euro arteko” kalte-ordaina eskatzeko aukerea izan daikela aitatu dabe. Kopuru horri, Montealegreko lurrak erosteko gastau ziran “5,4 milioi euroak” eta Foru Aldundiak izan dituan gastu juridikoak gehitu behar jakez, PPk esan dauenez.

Iraskunde, Gobernamentu Onerako eta Gardentasunerako Batzordean Podemos Bizkaia taldeak iragarri dauenez, Jabyer Fernández Bizkaiko Batzar Nagusietara etortea eskatuko dau. Aldundiaren bertsinoa ezagutu ostean, enpresarioak esan behar dauena be jakin gura dabe. Talde moreak, Epaitegi Gorenaren epaia ezagutu ostean “eskatuko diran erantzukizun politikoengaitik” galdetu dau.

ONARTU EZ DAN PROPOSAMENA

Imanol Pradales Ekonomiaren eta Lurraldearen Garapen diputatuaren laguntza izan dauen Bengoetxearen agerraldiaren aurretik, batzordeak ez dau onartu Podemos Bizkaia taldearen arauz besteko proposamen bat, beste gauza batzuen artean, “herritarren ordezkariei erantzukizun politikoak eskatzeko mekanismoak bultzatu daizan” eskatu deioen Batzar Nagusiek Gobernu zentralari. Testuan, “herritarren burujabetzea aldarrikatzen zan, erantzukizun politikoko baliabidearen bitartez”, Mariano Rajoyren eta bere Gobernuaren dimisinoa bultzatzeko, alderdi horrek daukazan ustelkeria kasu “zenbatu-ezinengaitik”. Talde Moreak onartu egin dau EH Bilduk aurkeztu dauen zuzenketa-eskea, kontrolerako mekanismo horreen inguruko eskaria Euskadiko erakundeetara mugatzeko.

Podemos eta EH Bildu taldeen artean adostutako ekimena ez da onetsi, EAJ-PNV, PP eta PSE-EE taldeak kontra agertu diralako. Ezezkoa emon daben taldeen eretxiz, beste Udal eta batzar batzuetan be eztabaidau dan ekimenaren helburua, joan dan bagilean Diputatuen Kongresuan eztabaidau zan Podemosen zentsura mozinoa “ikusarazotea” eta “berotzea” zan. Hiru talde horreen eretxiz, demokraziaren kalidadearen eta ustelkeriaren inguruko eztabaidea beste foro batzuetara eroan behar da.