Aurreko Albisteak

Anselmo Guinea margolariaren lan bi laga dira Arte Erderretako Museoaren erakusketa baterako

Anselmo Guinearen margolana

Bizkaiko Batzar Nagusiek aldi baterako laga deutsiez Bilboko Arte Erderretako Museoari Gernikako Batzarretxean egozan Anselmo Guinea (1855-1906) margolariaren kuadro bi. Bata da "Bizkaiko Jauna Foruak zin egiten" eta bestea José María Iparragirre ezagunaren erretratua. Margolari bilbotarrari buruz egingo dan lehenengo erakusketa monografikoan ikusi ahal izago dira, eta horreekaz batera beste 80 margolan, Bilboko museoan datorren otsailaren 13tik aurrera.

“Bizkaiko Jauna Foruak zin egiten” neurri handiko margolana da, “Jaun Zuria” izenagaz be ezagutzen dana. Gernikako Batzarretxeko Batzar-Aretoaren goialdean egon da eskegita eta Bizkaiko lehenengo Jaunak Gernikako Aretxaren gereizpean foruak zin egin izana irudikatzen dau. Elezaharretako pertsonaia hori benetako bihurtzen da Anselmo Guineak 1882. urtean margolan hori egin ebanetik.


Margolana Bilboko Arte Ederretako Museoko teknikariek jaitsi eben Bizkaiko Legebatzarreko Batzar-Aretoko hormatik. Eta beste kuadro bat be, hau neurri txiagokoa, eroan eben Batzarretxetik, José María Iparragirreren erretratua. Margolan biok Arte Ederretako Museoan egongo dira maiatzaren 20ra arte. Margolan handiena, eta sinbolikoena, kentzeko egun bi behar izan ziran. Jaun Zuriaren kodroak 2,45 metroko altuera dauka, eta 3 metroko zabalerea, eta Batzar-Aretoko horma baten eskegita egoan, zorutik 6 metrora.

Kuadroa jaisteko lanak ikusten Batzar Nagusietako Lehendakaria, Ana Madariaga, eta Bilboko Arte Ederretako Museoren arduradunak egon ziran. Margoa erakusketarako erabiliko dabe, baina hori ezeze garbitu be egingo dabe, eta behar izan ezkero, erabarritu. Mende bat baino gehiagoan egon dan lekutik kendutako kuadro horren ordez neurri berbereko kopia egongo da, harik eta jatorrizkoa barriro bueltatu arte.


Arte Ederretako erakusketa hori aukera paregabea izango da Anseldo Guinearen trebetasunaz eta argia jasoteko eukan maisutasunaz jabetzeko. Margolari hori ezibestekoa da mendeen aldaketan euskal margolaritzak izan zituan aldaketa estetikoak ezagutzeko.