Bizkaiko Batzar Nagusiek Arartekoaren agerraldia eskatu dabe, gizarte zerbitzuen inguruan egin dauen txostenaren barri emon daian
Batzar Nagusietako talde guztiek Manuel Lezertua Arartekoa Bizkaiko Batzar Nagusien aurrera etorri daitela eskatzea erabagi dabe gaur Gizarte Ekintzako batzordean. Podemos Bizkaia taldearen eskariak Bizkaiko Batzarretako aho bateko onespena jaso dau. Lezertuak erabagi beharko dau orain hurrengo batzordera etorriko dan, “Euskadiko Autonomia Erkidegoko udal gizarte zerbitzuen egoera. Egungo egoera eta hobekuntzarako proposamenak” izeneko txostena zehazteko Bizkairi jagokonez.
Batzarretako talde guztiak bat etorri dira Arartekoaren presentzia “positiboa” izango dala esatean, Bizkaiko Lurralde Historikoko udalerrietan gizarte zerbitzu horreen errealidadea ezagutu ahal izateko. Gauza bera egin eban Eusko Legebiltzarreko agerraldi batean, joan dan martiaren 8an. Eskarian adierazoten dan moduan, agerraldia gertatu ezkero, Arartekoaren esku-hartzea Bizkaiko udal gizarte zerbitzuetara mugatu beharko da.
Euzko Abertzaleak taldeak, Arartekoaren agerraldiak zerbitzu horreen inguruko “gogoeta barria” ekartea gura dau. Jon Sánchez jeltzaleak azaldu dauenez, “ez dauka ezelango arazorik” Arartekoa Batzar Nagusietara etorteagaz, baina Arartekoari jagokon “parlamentua” Eusko Legebiltzarra da, eta Legebiltzar horretan dagozan dagozan talde politikoak Bizkaiko Batzarretan dagozan “berberak” dira. Adierazo dauenez, bere taldeak bilera horretan ikusten danaren inguruko “gogoetea” zabalduko dau, kontuan izan behar dalako batzorde horreek “kostua” daukiela foru erakundearentzat.
UDAL EGOITZEN INGURUKO “ADOSTASUNA”
Beste alde batetik, Batzar Nagusietan gaur egin dan batzordean, Isabel Sánchez Robles Gizarte Ekintzako Foru Diputatuak adierazo dau “lehenengo hiruhileko honetan” Aldundiak “adostasuna” lortu gura dauala Bizkaian pertsona nagusientzako dagozan udal titulartasuneko “15 egoitzak” kudeatzen dituen Udalakaz, bere sailak amaitu dauelako “daborduko” II. eta III. graduko menpekodunen balorazinoa. Arautegiak ezarten dauen moduan, Aldundiak bere gain hartuko dau pertsona horreen “guztien” arretea, eta urte honetatik aurrera arretako egoitzea hautatzeko aukerea izango dabe, gizarte zerbitzuen mapa barria hedatzen dan bitartean gerta daitekezan “trantsizinozko egoerak murrizteko” helburuz.
Oposizinoko taldeek –EH Bilduk, Podemos Bizkaiak eta PPk– kritikau egin dabe balorazinoa joan dan hilean amaitu izana, “lehenago” amaituta egon behar zalako. Sánchez Roblesek esan dauenez, udalak eurak izan ziran, Eudelen bitartez, “denpora gehiago” eskatu ebenak egoerea aztertzeko, udalentzat “erronka garrantzitsua” dalako eta Aldundiak “udalen autonomia errespetau gura dau”.
RANZARI TAILERRAK
Aurrekoagaz gertau dan moduan, Bizkaiko Batzar Nagusietako Podemos Bizkaia taldeak eskatu dauen beste agerraldi batean, Sánchez Roblesek, talde horrek Ranzari Tailerren egungo egoerearen inguruan egin dituan itaunak erantzun ditu. Talde moreak Aldundiak egiten dauen ekarpenaren eta markautako helburuen betete mailaren inguruko interesa erakutsi dau.
Foru diputatuak adierazo dauenez, 2017ko Aurrekontuetan dagon kontsignazino izenduna “562.000 eurokoa” da, Santurtziko eta Portugaleteko udalen esku dagon Mancomunidad municipal Pro minusválidos psíquicos talleres Ranzari izenekoagaz sinau dan hitzarmenean oinarrituta. Eragiketen ondoriozko diru-sarreren “%11ra” ailegetan ez dan kopuru horrek, zentro okupazionaleko “60 plazei” eta “errendimendu maila urriko” laneko zentroko “42 plazei eusteko balio dau.
Sánchez Roblesek zentro okupazionalen “euskal eredua” defendidu dau, urritasun psikikoak daukiezan pertsona horreei enplegua eskintzeko “aukera hoberena” diralako. Aurton, Aldundiak “9.355.224 euro” jarriko ditu, “1.400 plaza baino gehiagori” eutsi ahal izateko.
Podemos Bizkaiak zalantzan jarri dau Ranzari aurreikusitako helburuak beteten ari danik, “2015. urteko Gerentziaren Txostenetik” ateratako ondorioak ikusita. Bertan adierazoten zanez “ez beteteak” egozan, “zaharkitutako makinakaz” egiten zalako behar eta zerbitzuak “kanpora ateraten” ziralako, Josean Elgezabal talde horretako batzordekideak adierazo dauenez. Zerbitzu okupazionalen kalidadeari jagokonez, Aldundiko arduradunak adierazo dauenez erakunde horrek “kunplidu egin dau”, txosten teknikoek erakusten dabenez.