Aurreko Albisteak

Bizkaiko "etxe merkeak" gaiari buruzko erakusketea

Erakusketearen inaugurazinoaren eguna

Erakusketea zabalik izango da martiaren 4ra arte.

Abellanedako Enkarterrietako Museoak —Bizkaiko Batzar Nagusiena da—“Bizkaia eta bere etxe merkeak. Enkarterriko arkitektura” izeneko erakusketea inauguratu eban azaroaren 4an. Etxe merkeak langileen kooperatiben bitartez egin ziran gehien bat, langileen eta euren familien bizi-kalidadea hobatzeko. Bizkaiko langileriaren eskubide eta baldintzei jagokenez, aurrerapide handia izan ziran bere garaian.


Erakusketea Bizkaiko Foru Aldundiaren Foru Liburutegian antolatutako beste erakusketa baten oinarritzen da, ““Bizkaia, bere etxe merkeen irudia 1911-1936”” izenekoan hain zuzen be. Abellanedako Museoan egindako erakusketan orduko haretako erakusgaiez ganera Enkarterriko eta Bizkaiko arkitekturaren eta urigintzaren beste osagai batzuk be sartzen dira, Batzar Nagusien Museoak prestatutakoak.

Beraz, Abellanedako erakusketarako gehitu egin dira ikusentzutezko tematikoak, eraikinen arkitektoen inguruko informazinoa, argazki barriak eta garai bakotxeko piezak, baita maketa batzuk be. Ikuspegi zabalagoa lortzen da horretara Enkarterrin eta Bizkaiko beste eskualde batzuetan “etxe merke” izen zabalaren barruan oraindik dirauen eraikin eta urbanizazino garrantzitsu horrei buruz.

Erakusketearen arduraduna Malagako Unibertsitateko irakasle eta gai horretan aditu dan Ana Julia Gómez andrea izan da, Foru Liburutegian egindako erakusketearen arduradun bera. Bereak dira erakusketa biotako edukinak eta irudiak.

Etxeon balio arkitektonikoa berretsita geratzen da diseinatu ebezan arkitekto entzutetsuei erreparatuta; eurotariko batzuk euskal arkitekturearen aurrendari izan ziran garai hareetan, esterako Gorostiza, Basterra edo Pagazaurtundua, batzuk aitatzearren. Enkarterrietako Museoaren erakusketea aukera ezin hobea da lanok ezagutzeko, baita lanon egileak ezagutzeko be, martiaren 4ra arte.