Aurreko Albisteak

Aldundiak arduratuta begiratzen dau Sorian planteau dan esne makro-esplotazinoa, "egonkortuta" dagon Bizkaiko sektorean izan daikean eraginarengaitik

Bilbao

Bizkaiko Batzar Nagusietako Talde Mistoak, Elena Unzueta Iraunkortasunerako eta Ingurune Naturalerako diputatu andrearen agerraldia eskatu eban, Bizkaiko esnearen sektorearen gaur egungo egoerearen balorazinoa egiteko. Aldundiko arduradunak zenbaki nagusiak aurkeztu ditu batzarretako taldeen aurrean. Bere esanetan, 2016. urtea, “150” esne ustiategigaz” eta “50 milioi esne kilo baino gehiago” emon ebezan “10.500” behigaz itxi zan Bizkaian. Zenbaki horreek emon ostean, batzordeko taldeen artean eta Aldundian bertan “ardurea” sortu da, Sorian, “20.000” behi izango dituan esne ustiategi bat martxan jarteko proiektua ezagutu ostean. Aldundiko arduradunak jakinarazo dauenez, Foru Gobernua “interesauta” eta “arduratuta” dago, ustiategi handi horrek gure lurraldean daborduko “egonkortzea” lortu dauen sektore batean izango dauen eragina dala eta.

Unzuetak, gure lurraldean garai “kritikoa” bizi izan dauen sektorea deskribidu dau, hainbat alderdiren eragina jaso dauelako: esne eta esneki kontsumoaren jatsiera “garrantzitsua”, Erkidegoko merkaduaren desregularizazinoa, kuoten desagerpena eta ekoizpenaren soberakinak, eta, adierazo dauenez, horrez gain kapital frantsesaren esku dagon eta “leku bakotxeko ekoizpenaren alde egiten dauen Bizkaiaren apustutik oso urrun dagozan” interesak dituan Estadu mailako banaketan oinarritzen dan ereduaren kalteak jasaten ditu. Agertoki horretan, Bizkaiko kooperatiba taldeek, Euskadiko erakundeen laguntzeagaz, “egoereari aurre egiten” jakin dabe, euren beharra “eraldaketan eta bertako marken balio erantsian” oinarrituz.

Aldundiko arduradunak azpimarratu dauenez, gaur egun, Bizkaian ekoizten dan “ia esne guztia” bertako eragileetara “ailegetan da”, ekoizleen interesetarako “arrazoizkoa” dan prezioan, “tona metriko bakotxeko 355 eurotik” gora, hori izango litzatekelako ustiategi baten gitxieneko errentagarritasunaren mailea. Gainera, Unzuetaren berbetan, azkenengo urtean Lurraldeko ustiategiek, prezio “egonkorrak, aurreko urteetakoak baino hobeak” izan dituan lehengaiak euki ditue.

Nafarroako kooperatiba baten ekimena dan Soriako esne proiektuaren gerizpean, Unzuetak hainbat mezu zabaldu gura izan ditu. Beste ezer baino lehen, Aldundiak sektoreari “diruz” laguntzeko daukan “konpromisoa” adierazo dau. Eta, bigarrenez, herritarrak kontzientziau gura izan ditu, Bizkaiko esnea kontsumidu daien, ingurumena hobetzen be laguntzen dauelako, “aztarna ekologikoa murrizten dauelako”, landa ingurunea eta Bizkaia osoa hobetzen dauelako, eta abeltzaintzako ustiapenek “bizirik irautea” posible egiten dauelako. Lurraldeko kontsumitzaileak animau ditu “ez deioen bakarrik prezioari begiratu”, Bizkaiko esnea eta esnekien kalidadea “goi mailakoa” dalako.

Batzarretako taldeek be euren “ardurea” agertu dabe, hemendik “200 kilometrora egongo dan ustiategi bakarrean” “Euskadi osoan beste behi egongo diralako”. Proiektu horrek sektorearen “oreka ahula arriskuan jarri daike”, esan dau Arturo Aldecoa Talde Mistoko bozeroaleak, eta hemendik aurrera prezioen arteko norgehiagoka “izugarria” ikusiko dogula aurreratu dau. Bere berbetan, Aldundiak “esfortzu handia” egin behar dau esnearen eta esnekien kontsumoa sustetako Bizkaiko herritarren artean, Euskadik “14. lekua” beteten dauelako Autonomia Erkidegoen artean. Ildo berean, PPko Eduardo Andrések, “sektorea babesteko ez ohiko” neurriren bat aplikau beharra adierazo dau.

Podemos Bizkaia eta EH Bildu taldeentzat, barriz, “arazoa” aukeratutako eredua da, “kantidadean oinarritzen dalako, eta ez kalidadean”. Talde moreko Josean Elgezabalek, helburua produktua hobetzea izan behar dala esan dau, “abere gitxiago, ingurumen arloko arazo gitxiago eta enplegu gehiago izango dituan toki mailako kontsumoaren” aldeko apustua eginez. “Ez badogu eredua aldatzen, mahai gainean dagozan ondorioak ikusiko doguz”, esan dau.

EH Bilduko Mikel Kormenzanak, bere aldetik, sektoreak gaur egun bizi dauen egoerearen aurrean Aldundiak emon dauen erantzun “positiboa” “errespetu faltea” iruditzen jakola esan dau, esne ustiategiek “oso arazo larriak” daukiezalako, Administrazinoetatik ezarri diran politikengaitik “batez be”, horreen ondorioz lurraldeko ustiategiak eraldaketa arloko enpresa handien eta merkataritza azalera handien “esklabo” bihurtu diralako. Bere berbetan, azken urte bietan 10 ustiategi desagertu dira (160tik 150era pasauz) eta 5 milioi kilo esne gitxiago ekoiztu da (55etik 50era). 2016ko amaieran erregistrauta egozan 150 ustiategietatik, “%35ak” errelebuagaz erlazionautako arazoak ditu, eta beste “%35 batek” “maileguak ordaintzeko arazoak” ditu. Azkenengo hamarkadetan ustiategien “%97,5” desagertu da. “Urtenbidea” produkzinoa ekoizpen “ekologikora” bideratzea da, beste herrialde batzuetan “arrakastaz” egin dan moduan.

EAJ-PNVko María Presak EH Bilduri gogorarazo deutsanez, Aldundiak “moeta guztietako ereduak” bultzatzen ditu, sektorea dalako bere ustiapenak norantz bideratu “aukeratzen dauena”. Etorkizunari jagokonez, eta Soriako ustiategia aitatuz, jeltzaleak “ardurea” erakutsi dau, “baina bere neurrian”, Batzarretako talde batzuek marrazten daben “eszenatoki apokaliptiko horretatik” urrunduz. Pozik agertu da Bizkaian sektorea “egonkortu” egin dalako, administrazinoen eta kooperatiben arteko alkarlanari esker. Hori erakusten dauen seinalea da Bizkaiko “ia ekoizpen osoa” bertako zirkuluetan saltzen dala, penintsulako beste leku batzuetakoak baino prezio “altuagoakaz”.

Bukatzeko, EH Bilduren diskurtsoa “demagogikoa” dala esan dau Unzuetak, eta ezeztu egin dau datuen balorazino positiboa egin dauenik. Gainera, zehaztu dauenez, abeltzaina da ze ustiapen eredu gauzatu erabagiten dauena. Aldundiak “eredu guztiei” laguntzen deutse, moeta guztietako laguntzen, aholkularitzaren eta programa berezien bitartez. Zehaztuz, azkenengo hamarkadan, Foru Aldundiak “13 milioi euro” inbertidu ditu sektorean, eta horreei, ekimen pribaduak jarritako beste “15 milioi” gehitu behar jakez. Denpora gitxi barru onartuko dan esne eraldaketarako eskakizunen malgutasunerako arau teknikoaren garrantzia be azpimarratu dau, sektorearen egoerea hobetzeko oso lagungarria izango dala adierazoz.


ARRAIN HIRUARANTZA ETA SAGUZARRAK

Batzordeko eguneko gai zerrendan beste agerraldi eskari bi be jasoten ziran, Mundakako Errekatxuko kobako habitataren barri emoteko, eta lurraldeko erreka inguruetako arrain hiruarantzaren inguruko informazinoa emoteko. Galindo ibaian ur gezatan ibilten dan arrain hori “berreskuratu” egin dala adierazo dau, eta Granada errekatxoan eta Galindoren bi adarretan be arrain horren presentzia hautemon dala.

Podemos Bizkaia taldeak esan dauenez, Errekatxuko koban “bost” saguzar espezie dagoz. Horri jagokonez, diputatu andreak “ingurumen arloko ezelango arazorik ez dala hautemon” esan dau, teknikariek ez dabelako kobazulo horretan “babestutako ezelango espezierik” dagonik egiaztau. Leku horretatik “gertu” Mundakako Udalak 24 etxebizitza eregiteko proiektua dauka.