Aurreko Albisteak

11 herrialdetatik etorritako 300 gaztek NBEren bilerea simulau dabe Gernikako Batzarretxean

COAS Hezkuntza Taldeak sustautako eta Ayalde-Munabe ikastetxeetako ikasleek antolatutako Euskadiko Model United Nations (MUN) lehenengo konferentziaren barruan, 11 herrialdetatik etorritako 300 gaztek Nazino Batuen Erakundearen (NBE) Batzar Nagusia irudikatu dabe gaur Gernikako Batzarretxean.

Domeka honetara arte, urtarrilaren 29ra arte, luzatuko dan nazinoarteko hezkuntza proiektu horretako ekitaldi nagusia Batzar Nagusietako egoitzan egin da, eta Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako presidentea, Tamara Zabala NBEren Espainiako zuzendari nagusia, Lorea Uribarri Basque Know How Fundazinoko zuzendaria eta Ana Pérez Saitua COASeko zuzendari pedagogikoa izan dira ekitaldiaren buru.

Bizkaiko Batzarretako kideen jarlekuak Nazino Batuen “enbaxadore” gazteek hartu ditue gaur arratsaldean, eta Nazino Batuen antolakuntzaren agendaren inguruko gaiei buruz behar egin eta eztabaidatu eta horreen gaineko ebazpenak emon ditue. NBEren Batzar Nagusi batean erabilten dan eskema berberagaz, Gernikan 50 gaztek baino gehiagok hartu dabe parte Bizkaiko Batzarretan, batxilergoko ikasleek osatutako ordezkaritzak euren planteamentuen inguruan konbenziduteko asmoz. Hurrengo hiru egunetan ingurumenaren, hezkuntzaren, gosea desagertuazotearen, garapen iraunkorraren, osasunaren, giza eskubideen, ekonomiaren edo segurtasunaren inguruan egingo dabe berba, beste gai batzuen artean.

MUN izena, ingeleseko Model United Nations (Nazino Batuen Eredua) siglatatik sortu da. Izen horregaz, orain 50 urte baino gehiagotik –idea Harvardeko Unibersidadean sortu zan XX. mendearen erdialdean– kongresuak egiten ari dira hezkuntzako erakunde garrantzitsuetan, ikasleak eurak antolatuta eta buru dirala. Kongresu horreetan Nazino Batuen Erakundearen beharra irudikatzen da, eta baita NBEren erakunde espezifikoena be: Batzar Nagusiarena, Segurtasun Kontseiluarena eta Giza Eskubideen Kontseiluarena.

MUNi esker, ikasleek eztabaidako eta gatazkako teknikak lantzen ditue, ingelesa hobetzen dabe (saio guztiak ingelesez izango dira), gaitasunak garatzen ditue informazinoaren bilaketan eta laburpenean, erabagiak hartzen ditue eta arazoen ebazpenean egiten dabe behar. Gainera, benetako munduan gertatzen diran arazoen inguruko kontzientzia hartzen dabe eta adiskidetasuneko loturak ezarten ditue ordezkaritzen artean.