Aurreko Albisteak

Bizkaiak Feveko lineatan "preminazko" hobekuntzak eskatu deutsez Adifi eta Renferi

Bilbao

Bizkaiko Batzar Nagusiek, EAJ-PNV, PSE-EE eta EH Bilduk sinatutako zuzenketa-eske transakzionala onetsi dabe gaur goizean egin dan Garraio, Mugikortasun eta Lurraldearen Kohesinorako Batzordean, Gobernu Zentralaren esku dagozan Adifek eta Renfek, “preminazko” hobekuntzak egin daiezan Enkarterrietako Feveren lineatan (Bilbo-Balmaseda eta Bilbo-Karrantza), instalazinoak, maiztasunak eta material mobikorra “gero eta egoera txarragoan” dagozalako.

Batzarretako talde guztiak bat etorri dira esatean Feveko linea “itzikeria historikoa” ari dala jasaten Estaduko Administrazinoaren aldetik. Geroago EAJ-PNV eta PSE-EE taldeen zuzenketa eskea jaso dauen arauz besteko proposamena Batzarretara ekarri dauen Zigor Isuskiza EH Bilduko batzordekidearen eretxiz, “penagarria eta lotsagarria” da trenbide estuko linea horreen egoerea. Esan dauenez, tamalgarria da “karramarroak moduan atzerantz joatea”, “lehen baino gehiago irauten daben” ibilpideak edo “4 urte baino gehiagotan oraindino konpondu barik dagozan arazoak” dirala eta. EH Bilduko batzordekideak hainbat trenbide pasagunetan gertatu diran azkenengo harrapaketak be gogoratu ditu.

EH Bilduk aurkeztu dauen arauz besteko proposamenaren puntuak eta Foru Gobernua eusten daben talde bien beste eskari batzuk jasoten dituan behin betiko testuak argi eta garbi izten ditu, Unai Lerma batzordekide jeltzaleak adierazo dauenez, Feveko linean gauzatu behar diran jarduketak, eskintzen dauen zerbitzua hobetzeko. “Erabiltzaileak eta beharginak” eurak dira konponbide horreek eskatzen dituenak, Ekain Rico sozialistak aurretik esan dauenez. Bere berbetan, negargarria da linea horretan egindako “azkenengo inbertsinoa” 1996. urtekoa dala ikustea. Adierazo dauenez, “60ko hamarkadako garaietara” itzuli gara.

Abstenidu egin da PPk izan ezik Batzordeko talde guztiek onetsi daben testuan, Bizkaiko Batzar Nagusiek eskaria egiten deutsee Adif eta Renfe enpresa publikoei eta Espainiako Gobernuko Sustapen Ministerioari “ahalik eta azkarren, Bilbo Abando-Balmaseda eta Bilbo Abando-Karrantza lineen trenbideetan eta euren azpiegituretan (geltoki, geraleku, nasa eta trenbide-pasaguneak) beharrezkoak diran hobetze eta mantentze lanak egin daiezan, ezinbesteko zerbitzuez hornidu, eta tren zerbitzua erabilten daben pertsona guztien irisgarritasuna eta segurtasuna bermatze aldera”.

Bizkaiak “jarduketa egutegia” hastea eskatzen dau, trenbide bikotxa eregiteko Zaramilloko geltokiaren eta Arangureneko geltokiaren artean, eta “Trenbidearen trazaua eten barik hobetzeko plana” martxan jarteko. Gainera, “linea horretan gaueko trenak jarteko aukerea “aztertu daitela” eskatu dabe Bizkaiko Batzarrek, trenaren ibilpideko herrietan jaiak eta ekitaldi garrantzitsuak dagozanetarako, eta baita jendeari arretea eskintzeko beharginak jartea be.

Gainera, Arangureneko eta Karrantzako geltokien arteko elektrifikazinoa amaitu daitela be eskatu dabe Bizkaiko Batzarrek, eta tren unidade zaharrak ordezkatzeko egutegia ezarri daitela, unidadeetan telefonia mobikorrera eta wifi-sareetara konektetako guneak jarriz.

Gainera, Bizkaiko Batzar Nagusiek Karrantza-Bilbo lineako zerbitzuaren maiztasuna hobetzea eta itxaroteko denpora gehien eskatzen daben trenbide igarobideetan inbertsino teknikoak egiteko be eskatu dabe. Bukatzeko, pertsonek eta ibilgailuek gehien erabilten dituen bide-gurutzeak kentzeko eskaria egin da.

RENFEREN ETA FEVEREN TRANSFERENTZIA EUSKADIRA

Bukatzeko, dokumentu berean, Bizkaiko Batzar Nagusiek, Espainiar Estaduko Gobernuari eskatzen deutsie Eusko Jaurlaritzaren esku itzi daiala, “ahalik eta azkarren”, trenbide sarearen kudeaketea. Gai horrek eztabaidea eragin dau aurretik Batzordeko taldeen artean, Ametzolako geltokian komunikazinoa hobetzeagaz lotuta egoan EH Bildu taldearen arauz besteko beste proposamen bat dala eta. Puntu horren eraginez PP taldea abstenidu egin da, bere eretxiz transferentzia eskatzea Konstituzinoan bertan ezarten danaren kontra joatea dalako, beste Autonomia Erkidego batzuk be hartzen dituen lineak dagozalako, Bilbo-Urduña linea, adibidez.

PPk izan ezik batzordeko talde guztiek onetsi daben Ametzolako geltokiaren inguruko ekimenean, eskaria egiten jako Renfe-Adif operadoreari, Ametzolako geltokiko pantailek Renferen C1 eta C2 lineatako eta Feveren C1f lineako, lehen Bilbo-Balmaseda zan lineako, aldirietako trenen ordutegien inguruko informazinoa eskini daien. Eskari horri beste bat gehitu jako, EAJ-PNV eta PSE-EE taldeen ekimenez, gehikuntzako zuzenketa-eske moduan, Bizkaiko Batzar Nagusiek Renferen eta Feveren aldirietako lineen transferentzia Euskadiren esku iztea eskatu deioen Espainiako Gobernuari.

BIZKAIBUSEN KOSTUA

Beste alde batetik, Batzordeko talde guztiak EAJ-PNV eta PSE-EE taldeek aurkeztu daben zuzenketa-eske baten alde agertu dira, “gardentasun handiagoa izateko”. Zuzenketa-eske horrek PPren arauz besteko proposamena zuzentzen eban. Bertan, eskaria egiten da Garraio, Mugikortasun eta Lurraldearen Kohesinorako Sailak bere webgunean Bizkaibuseko esleipenak dituen enpresakaz sinatu diran “kontratuetan jasoten dan kilometro bakotxeko prezioaren” barri emon daian, “urtez-urte eguneratuta”.

TARIFEN INTEGRAZINOA

Halanda be, Bizkaiko Batzarrek ez ditue onartu, EAJ-PNV eta PSE-EE taldeen kontrako botoakaz, Bizkaiko garraio publikoaren tarifen integrazinoaren inguruko arauz besteko proposamen bi –bat EH Bildurena eta beste bat PPrena–. Koalizino abertzaleak arauz besteko proposamen bat aurkeztu dau, eskaria egiteko Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari, 3. linea martxan jarriko dala baliauz, Euskotrenek lurraldean dituan zerbitzu guztien zerbitzuak Metroarenakaz “integretako”, eta ez bakarrik Eusko Jaurlaritzaren esku dagon operadoreak ustiatuko dauen lur azpiko lineako tarifak.

PP taldeak, bere aldetik, tarifen integrazino horregaz erlazionautako bere arauz besteko proposamena defendidu dau. Talde horren eretxiz, “preminazkoa” da Aldundiak, Eusko Jaurlaritzagaz eta Bilboko Udalagaz batera, “trenbideko garraioko tarifak lehenengo, alde batetik, eta errepideko garraioko tarifak, bestetik” bateratzeko emon beharreko lehenengo pausuak emotea.

Erreklamazino horreetako bakarra be ez da onartu, EAJ-PNV eta PSE-EE taldeek kontrako botoa emon dabelako. Talde horreek euren testu alternatiboa aurkeztu dabe, zuzenketa-eske moduan. Bizkaiko Batzarrek “erakunde eta operadore guztiei”, Bizkaiko Mobikortasunaren Agintaritzaren barruan, tarifen integrazinoaren alde beharrean jarraitu daiela eskatzea gura dabe talde bi horreek. PPk eta EH Bilduk, oraindino eratu barik dagon erakunde batean oinarritzea aurpegiratu deutsee jeltzaleei eta sozialistei, eta ez ditue talde horreen zuzenketa-eskeak onartu.