Aurreko Albisteak

Gernikako Arbolaren kimu bat hazten dago daborduko Santurtziko San Jorge LHIIan

Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako presidenteak Santurtzin Gernikako Arbolaren kimu bat landatzeko ekitaldian hartu dau gaur parte, Lanbide Heziketako ikastetxe publikoen alkartearen, Ikaslan Bizkaiaren, XX. urteurreneko ospakizunak itxi dituan ekitaldian. Hiru lurralde historikoetako Ikaslaneko ordezkariez gain, ekitaldian Nicolas Sagarzazuk, Eusko Jaurlaritzako Prestakuntza eta Ikasketa zuzendariak, eta Santurtziko Alkatea, Aintzane Urkijo, be hartu dau parte.

Landatu dan kimua, mila urte baino gehiago dituan Gernikako Arbolaren leinukoa dala bermatzen dauen benetakotasuneko ziurtagiria emon aurretik, Batzar Nagusietako presidentea oso pozik agertu da, “Euskal Herriaren askatasunen eta eskubide historikoen sinbolo unibersalenak erabateko indarra eta gaurkotasuna izaten jarraitzen dauelako”. Haretx gazteak bat egingo dau “gure herrialdearen ekonomiaren eta industriaren etorkizunaren aldeko apustuagaz, lanbide heziketaren etenbako hobekuntzaren bitartez”, esan dau. Ikaslan eta lanbide heziketa gero eta indartsuagoak izateak “gure ekonomiak etorkizun lehiakorragoa eta barritzaileagoa izango dauela erakusten deusku”.

Ekitaldi horren bitartez Ikaslan Bizkaiak amaitutzat emon ditu gure lurraldean Lanbide Heziketa bultzatzen egin dauen ibilpidearen 20 urteak ospatzeko antolatu dituan jarduerak. Urte honetan barriztau egin da “enpresa sarearen lehiakortasuna indartzen eta finkatzen lagunduko dauen eta ardatz moduan pertsonak izango dituan” Lanbide Heziketaren alde behar egiteko ilusinoa, “ikasleek koalifikazinoa lortzeko eta gaitasun gehiago eskuratzeko daukien beharrari erantzunez”, Ikaslan Bizkaia Presidentearen iritsiz, Agustín Campo.