Errefuxiatuen "harrera-lurraldea" izateko prest dagola adierazo dau Bizkaiak barriro
Batzar Nagusiek irakurri daben erakunde-adierazpenean Bizkaia errefuxiatuen “harrera-lurraldea” izateko prest dagola adierazoten da barriro be, eta “helburu hori benetan gauzatzeko” beharrean jarraitzeko eskatzen jako Bizkaiko Foru Aldundiari. Gaur goizean Gernikan egin dan kontroleko osoko bilkuran Ana Otadui Batzar Nagusietako presidenteak irakurri dauen adierazpenean, Grezian dagon Igomenitsa-Tesprotiako portuan abenduan Mikel Zuluaga eta Begoña Huarte aktibistak atxilotu ostean zabaldu dan auzipetzea aitatzen da. Atxiloketea, errefuxiatu talde bat Euskadira ekarteko ahaleginetan ari zirala egin zan, “gerretatik eta txirotasun larritik igesean dabilzanek jasaten daben egoerea salatzeko aldarrikapen-ekintza moduan".
Horri jagokonez, Bizkaiko Batzar Nagusiek hau adierazo dabe: “Mediterraneoan gertatzen ari dan krisi humanitarioak eta gure mundu honetan jazoten diran beste askok eragin dituen milaka pertsona desplazatuen eta errefuxiatuen egoerearen aurrean, eta Europako estatuek errefuxiatuenganako gauzatzen dituen politika oker eta insolidarioen aurrean, ulertzen dogu eta bat egiten dogu Bizkaiko gizarteak eta Euskal Herriko eta Europako erakunde eta ordezkariek agertu daben haserre, ardura eta desadostasunagaz”.
NAZIEN HOLOKAUSTOA
Saio berean, Holokaustoko Biktimak Oroitzeko Nazinoarteko Eguna dala eta onetsi dan beste erakunde-adierazpen baten bitartez, nazien jazarpena jasan eben biktimak gogoratu dira eta, beren-beregi euretariko 200 euskaldun inguru —horreetariko 70etik gora bizkaitarrak—.
Bizkaiko Batzar Nagusiek kondenau egiten dabe Holokaustoaren “izugarrikeria eta krudelkeria”, “erregimen naziak adin guztietako pertsonak jazarri eta era sistematikoan sarraskitzea ekarri ebalako”, eta “oroitza eta ohore-adierazpena” egin gura deutsee Holokaustoaren eta naziek eragindako sarraskiaren biktima guztiei, “euren artean euskaldunak eta bizkaitarrak egozala”. (IKUSI ITSATSITAKO ADIERAZPENAK).
HOBEKUNTZA LANAK 2018TIK AURRERA KUKULARRAN ETA GURUTZETAKO TRUKAGUNEAN
Bizkaiko Foru Aldundia hainbat alternatiba ari da lantzen Ibaizabalgo itsasadarraren alde bien arteko bideko loturak hobetzeko eta Errontegiko zubiak jasaten dauen trafiko intentsidade handiari konponbidea emoteko. Holan adierazo du gaur Ekonomiaren eta Lurraldearen Garapeneko diputatu jaunak kontroleko osoko bilkuran, Bizkaiko Talde Popularrak egin dauen itaunari erantzunez. Talde popularrak, Bizkaiko bide sareko leku horretan “egunero gertatzen diran trafiko pilaketak” konpontzeko neurriak eskatzen ebazan.
Holan, Ekonomiaren eta Lurraldearen Garapeneko diputatu jaunak iragarri dauenez, egitekoak aurreratuta dagoz Kukularrako lotunea barriztetako eta Gurutzetako trukagunearen ahalmena handitzeko eta astegunetan 150.500 ibilgailuren zirkulazinoa jasaten dauen Errontegiko zubiko trafikoa arintzeko lanak Bidesarea planean sartzeko.
Pradalesek zehaztu dauenez, aurreikuspenak beteten badira, Errontegi, Txorierri eta La Avanzada lotzen dituan puntu “kritikoa” dan Kukularrako jarduketea 2018an jarriko da martxan, eta hainbat fasetan gauzatu beharko da. Aldundiak aurreikusi dauenez, hainbat urtetan “14 milioi euro inguru” inbertidu beharko dira, eta lanak amaitzeko “2 urte eta erdi” inguru beharko dira. Aldundiak eginda dauka proiektua, eta une honetan tramitazino fasean dago, onartua izateko. Proiektuak ingurumen eraginari jagokon aldeko adierazpena jaso dau daborduko.
Horrez gain, Gurutzetako trukagunean egin beharreko jarduketari jagokonez, diputatuak azaldu dauenez “2 milioi euro inguruko aurrekontua dago aurreikusita”. Pradalesek jakinarazo dauenez, obra konplexutasun “handikoa” da. Lan hori be 2018an hasiko da eta, hori dala eta, Kukularran egin beharreko obrekin koordinau beharko da.
ETXEKO ARRETA ZERBITZUEN ZORRA
EH Bilduk egindako itaunari erantzunez, Ibone Bengoetxea Herri Administrazio eta Erakunde Harremanetarako foru diputatu andreak, baieztu egin dau Aldundiak 9,4 milioi euro emon beharko deutseela udalei, udalerriek 2014 eta 2016 artean egin ebezan etxeko arretaren inguruko zerbitzuak dirala eta. Diru hori Estaduak jarri beharko dau, Kupoaren bitartez.
Bengoetxeak esan dauenez, joan dan abenduaren 20ko Gobernu Kontseiluak diru-kopuru hori bermatzea eta oraindino kobrau barik dagon zor hori “autortzea” erabagi eban. Dana dala, EH Bilduk ulertu dauenez, ez dala ordainduko esateko modu bat da hori. “Kezkagarria, onartezina eta oso larria” da, adierazo dau Arantza Urkaregik, udalek euren aurrekontuetan diru hori kontuan hartu dabela azpimarratu ostean.
Bengoetxeak esan dauenez, barriz, abenduaren 21ean modu ofizialean eskatu jakon kopuru hori Estaduko Gobernuari, eta baita Foru erakundeari, mendekotasun legeagaz erlazionautako zerbitzuak dirala eta, jagokozan beste “61 milioi euro” be. Bere berbetan, puntu horretan “ez dago desadostasunik” Madrilgo eta Gasteizko Gobernuak egiten ari diran negoziazinoetan.
Urkaregik, barriz, esan dau, tamalgarria dala beste batzuetan Euskadiko Administrazinoek dirua zelan aurreratzen daben ikustea, Euskadin finantzetan eta gauzatzen dituan AHTren zatiak dirala eta Eusko Jaurlaritzak aurreratu dituan “1.470,8 milioi euroakaz” gertatu dan moduan.
BARRIKUNTZA ETA KAPITAL FUNTSEN ARAUAK LEHENENGO HIRUHILEKOAN
Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiak, EH Bilduko batzarkideak egindako erantzun-eskeari erantzunez, aurtongo “lehenengo hiruhilekoan” Bizkaiko Batzar Nagusietan Barrikuntza eta Kapital funtsen inguruko arautegia onartzea aurreikusten dauela adierazo dau, aurton bertan martxan jarri ahal izateko.
BATZARKIDE BARRIA
Kontroleko bilkuraren hasieran, Alfredo Olea Pueyok Batzarretako Euzko Abertzaleak taldeko batzarkide barri kargua hartu dau, Janire Bijueska ordezkatuz.