Aurreko Albisteak

Batzar Nagusiek kendu egin dabe "Bakea behar dugu" pankartea.

Olazabal eta Atutxa pankartea kentzen

Urriaren 27an, eguenean, Bizkaiko Batzar Nagusiek ekitaldi xumea egin dabe “Bakea behar dugu. Necesitamos la paz” pankartea kentzeko, fatxadan eskegita 14 urte egon eta gero. Ana Madariaga Batzar Nagusietako Lehendakari andreak, enparauko Mahaikideak lagun zituala, zuzendu eban sinbolismoz beteriko ekitaldiori, ETAk indarkeriari itxi izanaren adierazpena egin eta zazpigarren egunera.

Batzar Nagusien Bilboko egoitzako fatxadako balkoietako baten eskegita egoan pankartea Bizkaiko Batzar Nagusietako Mahaiaren Idazkari biek kendu eben, Carlos Olazábalek eta Jon Andoni Atutxak, une horretan Bilboren erdialdeko kale horretatik ebilzanak lekuko zirala.

Horren ostean, Bizkaiko Batzar Nagusien ordezkaritza ugaria, Lehendakari andrea buru zala, Foru Jauregira joan zan, bertako pankartea kentzeko ekitaldi ofizialera. Han bildu ziran azken hiru Ahaldun Nagusiak, José Alberto Pradera, Josu Bergara eta José Luis Bilbao, eta eurek kendu eben pankartea txalapartearen doinua entzuten zan bitartean. Bertan izan ziran be Foru Diputatuak eta Batzar Nagusietan ordezkaritza daben alderdietako ordezkariak, Bildukoak izan ezik.